Borrar
Josu Erkoreka.
Beti zorretan

Beti zorretan

Autogobernuaren iraganaz eta etorkizunaz berba egiteko garaia da, azken hamarkadotan jazotakoek letorkeena erabat baldintzatuko dutelako. Estatutuak 35 urte luze ditu jada, eta betetzear dago oraindik

joseba arruti

Lunes, 21 de septiembre 2015, 01:19

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Autogobernuari buruzko Legebiltzarreko lantaldeak eskatutako zortzi txostenak onartu zituen aurreko astean Eusko Jaurlaritzak. Erkidegoko erakundetze-sistema, Nafarroarekiko harremana, mugaz gaindiko lankidetza, euskararen egoera eta bete ez diren Estatutuaren zatiak dira aztergai nagusiak horietan. Azken arazo honi dagokionez, autogobernua krisi arriskuan dagoela ondorioztatu dute, eta honakoak direla arrazoi nagusiak: Espainiako Gobernuak abiarazitako birzentralizazio prozesua, batetik, eta Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak Estatuaren 'gehiegikeriei' babesa ematea eta horiei aurre egiteko gai beharko lukeen berme-sistema eraginkorrik ez egotea, bestetik. Agertoki horretan, transferitzeke dauden 24 gai zehaztu dira txostenotan, eta oraindik betetzeko dauden beste zortzi nabarmendu dituzte. Hauetakoa da, esaterako, gizarte-segurantzaren erregimen ekonomikoa kudeatzeko eskumena. Josu Erkoreka sailburu eta bozeramaileak asteartean prentsaurrekoan adierazi zuenez, Estatutua ez betetzearen kalte larrienetakoa maila ekonomikokoa da, 7.000 milioi euro ingurukoa, berau erabat osatuz gero Eusko Jaurlaritzaren oraingo aurrekontua, 10.638 milioikoa, egun denaren ia halako bi bailitzateke. Horrekin batera, Kontzertu Ekonomikoaren ahultasun-zantzuez ohartarazi da aipatutako azterketetan. Erkorekaren berbetan, autogobernuan aurrera jotzeko Jaurlaritzak funtsezko irizten dio txostenak jasoko dituen lantaldeari, eta "erabateko lankidetza" eskaini dio.

Erreakzioak berehala heldu dira. PPko Javier de Andresen arabera, gizarte-segurantzaren gastua bere gain hartzeak hondamendira eramango luke Euskal Autonomia Erkidegoa, "horren defizita ere atxiki beharko litzaiokeelako". Idoia Mendia sozialistak, aldiz, Lurralde Historikoen Legearen erreforma lehenetsi du, erakundeen arteko bikoiztasunak eragozteko. EH Bilduko Oskar Matutek, azkenik, ez dio egoki iritzi indarrean dagoenarekiko leial jokatu ez dutenekin Estatutu berri bat negoziatzeari, eta hausturaren alde egin du. Ezer berririk ez batzuen eta besteen jarreretan.

1979an herritarrek onartutako lege organikoa ez betetzearen ingurukoak aspalditik datoz, oso goiz hasi baitziren arazoak, edukiei buruzko konponezinak. LOAPAren espiritua 1981eko estatu kolpe saiakeraren aurrekoa izan arren, horren ostean areagotu besterik ez ziren egin deszentralizazio prozesuari jarritako mugak eta erkidego guztiak ahalik eta gehien parekatzeko asmoak. Nazionalitateen autogobernu gurariei erantzuteko abiarazitakoa orokortzearen ondorioz maila bateko homogeneizazioaren aldeko jarrerak indartu ziren, herritarren berdintasuna eta erkidegoen arteko elkartasuna aitzakia jarrita. Bereizgarri zirenak apaltzeko erabaki politikoa zegoen horren gibelean, eta alde biko harremanak ahalik eta gehien eragoztekoa. Gobernuan zegoen alderdia eta oposizioko nagusia erkidego autonomo gehien-gehienetan nagusi zirenez, ur handi horietan Euskadi eta Katalunia nekez nabarmendu zitezkeen. Hala, transferentzietako batzuk eta nolabaiteko aldebikotasuna beste bide batetik heldu ziren. Aldian aldiko gobernuak gehiengo osoraino diputatu batzuren falta zuenero CiUren edo EAJren babesa lortzearen trukekotik, hain zuzen. Ez zen hitzartutakoa eta herritargoak berretsitakoa betetzeko modurik zuzen eta egokiena, baina zenbait aurrerapauso egitea ahalbidetu zuen. ETAren indarkeria ere oztopo izan zen, jakina, espetxe gaien transferentzia eskuratzeko adibidez.

2015ean oraindik ez da Gernikako Estatutua bete. Asko emana da, zer esanik ez, erakundetze-prozesuan oinarrizko izan delako, hainbat premia historikori erantzuteko bitartekoak eskaini dituelako eta autogobernu maila handia ahalbidetu duelako. Hausturaren aldekoek indarkeria ontzat jo eta ezer eraikitzen ez zuten bitartean Euskal Autonomia Erkidegoan asko aurreratu da, herritarren babes demokratikoarekin. Hamaikatxo ekimen antzu plazaratu ditu tarteon ezker abertzaleak, Euskal Herriko errealitate politiko, sozial eta ekonomiko zehatzarekin bateraezin zirenak. Aldion gizarteak ez du etsi, ez da geldi egon eta, bere erakunde propioekin batera, frankismoaren amaieran amets hutsak zirenetako asko gorpuztu ditu, autogobernuak eta ongizateak bat izan behar dutela erakutsita. Besteak beste, horregatik da ezinbestekoa Estatutuaren betetze maila helmugarainokoa izatea, bozkatu zuen herritargoaren mesederako izango delako, hainbat arazori aurre egiteko tresna eraginkorrak eskaintzen dituelako.

Ezin da egungo esparruaren aldeko jarrera sutsua agertu eta, aldi berean, berorren zutabe den lege organikoa guztiz ez betetzearen alde jokatu. Lehen mailako inkoherentzia politikoa erakusten du horrek. Negoziaziorako borondate eza eta norbere irizpidea inposatu nahia ez dira onargarri. Espainiako Gobernuan txandakatu direnak ez dira sinesgarri izango Estatutua bere osotasunean aintzat hartzen ez badute, berori muturreraino betetzeko jarrera proaktiborik ez duten artean. Nekez eraiki daiteke etorkizunera begirako ezer 1979an hitzartutakoa hutsunez beteta dagoen bitartean.

Jauzi berri bat egiteko ordua da, euskal autogobernua eguneratzekoa eta aberastekoa. Dagoenak izan behar du abiapuntu, baina Estatutu osoak. Hori zor zaio euskal gizarteari, duela ia 36 urte oso egoera zailean bere babesa eman zionari. Iruzurra litzateke uko egitea edo hori eragotzi gura izatea. Zorionez, indarkeria amaituta, orain arteko adostasunak zabaltzeko aukera inoiz baino sendoagoa da, eta hortik zehaztuko da aurrerakoa. Baina iragana ez da alperrik joan, eta oso kontuan hartu beharko da hitzarmen berriei heltzerakoan. Bertokotik baino kanpokotik ekiten diotenek gero eta zailago izango dute euskal herritarren sostengua lortzea. Ez luke inork ahaztu behar.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios