Euskalkien jagoleei omenaldia
Omenaldiaren ekitaldian, bestalde, Bilboko Harrobia Lanbide Heziketako ikastolari pasatu jakon 2015ean Ibilaldia antolatzeko testigua
I. A.
Lunes, 2 de junio 2014, 00:02
Herriko hizkerari protagonismo osoa emonez ospatu izan zan, atzo, Ibilaldia, Gernikan. Euskararen bihozfera-n egonda, ganera, euskalki eta azpieuskalkiak jorratzen urte asko emon daben alkarteak omendu gura izan dauz, aurtengoan, Bizkaiko ikastolen jaialdiak. «Urdaibaiko Biosferaren aniztasuna izan zan, zalantza barik, gure Ibilaldiaren abiapuntu eta inspirazio-iturri. Zabaldu gura izan dogun mezuaren muina da naturak eskaini deuskun opari eder hau. Baina ez dogu ahaztu behar biosfera hau gure aurretik gozatu dabenek itzi deuskuen beste opari eder bat be: euskerie», goraipatu eben euskararen aldeko jaiaren antolatzaileek. Gernikako Seber Altube ikastolako geletan, izan be, Busturialdeko 19 udalerrietako umeak ikasten dabilz gaur egun, «eta bakotxa bere herriko hizkera dakar, guztiona dan euskerea aberastuz», azpimarratu eben.
Hain zuzen be, euskalkiak, azpieuskalkiak eta herri hizkerak aztertzen urteak emon daben erakundeak eta elkarteak omendu gura ebazalako Ibilaldia 2014k, zazpi taldei egin jakon atzo gorazarre. Esker ona merezi eben alkarteok Badihardugu eta Atsotsak proiektua, Bostak Bat, Euskatzaindia, Labayru institutua, Mendebalde Kultur Elkartea eta Iparraldetik etorritako Euskal Kultur Erakundea (EKE) eta Sü Azia izan ziran.
Euskalkien alorrean ikerketa lanetan ibilia dan Juan Luis Goikoetxeak, talde guztien izenean eskertu eben omenaldia eta euskalkiak «jabon beharreko herri ondare oparoa» dirala gogoratu be gogoratu eban bere agerraldian. «Euskara jakitetik erabiltera pasatu behar gara eta etxekoa globalizatzen ikasi behar dogu», proposatu eban.
Omenaldiaren ekitaldian, bestalde, Bilboko Harrobia Lanbide Heziketako ikastolari pasatu jakon 2015ean Ibilaldia antolatzeko testigua.