Zinemakumeak gara! emakumeek egindako zine erakusketa hasi da Bilbon
Guztira, zortzi film luze proiektatuko dira hilaren 29ra bitarte BBK Salan, BilbaoArten, Azkuna Zentroko Auditorioumean, Golem Alhondiga zinema aretoetan eta Campos Eliseos Antzokiko Kupula aretoan
Zurekin
Astelehena, 18 urria 2021, 20:30
Zinemakumeak gara! emakumeek zuzendutako zinema erakusketaren 26. edizioa astelehen honetan, urriaren 18an, hasi da Bilbon eta BBK Salan, BilbaoArten, Azkuna Zentroko Auditorioumean, Golem Alhondiga zinema aretoetan eta Campos Eliseos Antzokiko Kupula aretoan egingo da. Guztira, zortzi film luze proiektatuko dira hilaren 29ra bitarte.
Antolatzaileek jakinarazi zutenez, Bizkaiko Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bilboko Udalaren, BBKren eta Emakunderen laguntza izan dute aurten ere. Gainera, hainbat kolaboratzaile publiko eta pribatuak aipatu dituzte, «emakumeek zuzendutako zinemak urtez urte indarra hartzen lagundu dutenak, baita pandemiaren unerik gogorrenetan ere».
«Gure 25. urteurreneko ospakizun ekitaldiak atzean utzita, aurtengo Zinemakumeak gara! azken urte eta erdian gehien erabili diren bi gairen inguruan jorratuko dugu: askatasunaren ideia eta urratzearen esanahia. Film labur eta luzeen proiekzioaren bidez egingo dugu, baita Rosa María Rodríguez Magda idazle eta filosofo valentziarrak oparituko dizkigun hitzaldien bidez ere», azaldu dute.
Inaugurazio ekitaldia BBK Salan izango zen, 19.00etan. Laura Sam poetak 'Arde la palabra' ikuskizuna eskaini zuen, eta jarraian Simone de Beauvoir Saria eman zitaion Julia Juaniz muntatzaile nafarrari. Ondoren, sarituak elkarrizketa egin zion Marian Gerrikabeitia errealizadoreari. Eta inaugurazioaren amaieran, Gabriela Vidal eta Inés María Barrionuevo zuzendari argentinarren 'Las motitos' filma estreinatu zen.
Halaber, astearte honetatik ostegunera, urriaren 19tik 21era, BilbaoArten Larisa Shepitkori buruzko atzera begirako saio bat egingo da, 'Neguko eguzkia' izenburupean. 'Alas', 'La ascensión' eta 'Larisa' filmak proiektatzeaz gain, zuzendari ukrainarraren lanari buruzko hitzaldia eskainiko du Neus Sabaté ikertzaileak.
Ikuskizun gehiago
Hori gutxi balitz, hurrengo astelehenean, urriaren 25ean, Lola Salvador Maldonado idazle eta gidoilariak 26. edizioko bigarren Simone de Beauvoir Saria jasoko du Azkuna Zentroko auditoriumean. Naiel Ibarrola piano jotzaileak girotutako sari banaketaren ondoren, saridunari elkarrizketa egingo dio Almudena Cacho kazetariak agertokian bertan, eta jardunaldia amaitzeko, Pilar Miró-ren 'El crimen de Cuenca' proiektatuko da.
Bestalde, antolakuntzatik gogorararazi dutenez, urriaren 26an, 'Spring Blossom' proiektatuko da Golem Alhondiga zinema aretoetan, Suzanne Lindon zuzendari frantsesaren lehen filma. Biharamunean, urriaren 27an, Ainhoa Rodríguez zuzendariak bisitatuko du erakusketa, 'Destello Bravío' lehen lanarekin; Golem Alhondigan izango den emanaldiaren ondoren, Lara Izagirre (H)emen elkarteko zuzendari eta lehendakariak mahai ingurua zuzenduko du eta bere sorkuntza prozesuaren nondik norakoak azalduko ditu.
Halaber, urriaren 28an, bi saio izango dira Campos Eliseos Antzokiko Kupula aretoan: Rosa María Rodríguez Magda idazle eta filosofoaren hitzaldia ('Malvadas, molestas o transgesoras. La cuarta ola del feminismo') eta Ayten Amin zuzendari egiptoarraren 'Souad' filmaren estreinaldia Espainian.
Eta, urriaren 29an, Clara Roquet zuzendari bartzelonarraren 'Libertad' izango da Golem Alhondigam, Canneseko Zinemaldiko Kritikaren Astean eta Valladolideko Seminciren inaugurazio saioan egon ondoren.
Azkenik, antolatzaileek iragarri dute 26. edizioko jarduerek jarraipena izango dutela eta Zinemakumeak gara! programazioaren zati bat Bizkaiko Basauri, Erandio, Portugalete, Zalla eta Mungiara hurbilduko dela. Gainera, bideo-sorkuntzarako tailer bat eskainiko du Beatriz Sánchez artista eta performerrak Bilboko La Bolsa eraikinean, urriaren 19, 20 eta 22an.