Borrar
Fotolia

Zertarako balio du literaturak

Biblia da mundua aldatzeko gai izan den liburu bakarra

Astelehena, 24 otsaila 2020

Comenta

Galdera aspaldikoa da, idazle deitzen diogun gizon edo emakume bat paper zuri bat zirriborratzen hasi zen unetik beretik. Ez dut uste beste hizkuntzetan dagoenik «zirriborro» hitzak adierazten duena bezain zehazki esaten duen hitzik. Jolasaren zentzua dakar; idaztea eta irakurtzea, izan ere, jolas ere izan daitezke. Ondo pasatzea, uste orokorraren arabera, gozatzea da, jolastea. Gertatzen da, gizakiaren gozamen modua, «gozamen» hitzaren zentzua bera bezala, aldatu egin dela arras munduaren aldi honetan. Gozatzeko eskubidea aldarrikatzen da nonahi, aise bizitzeko eskubidearen barruan. Gozatzeko jaioak garela diote, eta ez sufritzeko. Denbora hiltzen dugu, denborak gu hil baino lehen. «Denbora hiltzea» Baudelaireren obsesioen artean dago. Literaturak lagun dezake horretan, baita ardoak edo drogak edo futbolak ere, bakoitzak bere neurrian. Baudelaireren hitzetan: «Gero ekarri zituzten botila berriak, bizia hain gogorra egiten duen Denbora hiltzeko, eta hain astiro doan aldia bizkortzeko». Azken orenak hobirat igortzen gaitu, ordea, euskal usadioak oroitarazten digunez. Dena dela, gaur egun, denbora pasatzea ez da denbora hiltzea, denbora irabaztea baizik. Hara hor galeraren irabazia. Galdua dugu heriotzarekiko izan den distantzia. Heriotza gure bizitzetatik kanpo utzi dugu, beste gauza asko bezala. Hura kirika egiten hasitakoan, korrika egiten dugu. Garai bateko seme-alabak gara; ez du horrek, oraingoz bederen, irtenbide handirik. Bizi garela ahanztearen alde jokatzea da denbora hiltzea, eta, neurri batez, bizitza hiltzea da, zentzu irudizko eta metaforikoan, jakina. Literatura bizitzaz gozatzen lagungarri izan daitekeela dioenak ezkutatu egiten du, era berean, bizitzak berak laguntzen digula gozatzen.

Literaturak, gehienetan, lagundu egin digu mundua gogoratzen, ez ahanzten. Literaturak mundua zer den erakutsi digu eta, horrekin batera, zein den, edo zein izan daitekeen han gure tokia. Sartrek idatzi zuen liburu batek berak ere ez zuela haur baten heriotza galarazi. Ez da egon libururik gerra bat galarazi duenik, ezta mundua aldatu duenik ere, Biblia izan ezik. Sartre, moralista barik, moral zalea da. Literaturari gizarteari eskatu behar litzaiokeena eskatzen baitio, gizakiari askatasuna zer den erakustea, esaterako. Erromantizismoaren ondare eta hondar, seguru asko, literaturak gizakia hobea, eta gu ere bai, egiten duelako ustea. Literatura XIX. eta XX. mende hasieran erlijioaren ordezko bilakatu zen. Gizarteari burgesiaren balio etiko eta estetikoak, eta ez bere burua erakusten hasia zen proletarioarenak, noski, erakusteko bultzatu zuten eleberrigintza, batez ere. Poesia kanpo geratu zen; burgesiak bere bizitzaren kontaera nahi zuen, ez bere bizitzaren gazi-gozoaren metafora. Eta norbaitek poesiaren zazpi bekatu kapitalak aipatzen baditu, begira biezaio bere buruari, ez salan eskegita duen kornukopia batean, ispilu arrunt batean baizik, halakoak dena berezia dutelakoan bizi baitira, bizio eta bekatuetatik libre, antza.

Lehengo galderak ditugu oraindik. Zein dira literaturak gaur egungo gizartean sor eta zabal ditzakeen balioak? Zein behar luke izan bere tokia ustez denona den espazio publikoan? Literaturak ezertarako balio al du? Zergatik irakatsi eskolan? Ez dago erantzun errazik. Literaturak, oraindik, beste ezein artek eman ez dezakeena ematen du, baina badakit denak ez direla iritzi berekoak. Izugarri murriztu da literaturaren espazioa gizartean. Eskolan eta prentsan, zer esanik ez. Galdu du literaturak lehen zuen tokia; beste baliabide batzuk indartu dira, zinema esaterako. Denbora pasatzeko, askoz erakargarriagoak dira Internet eta sare sozialak: harreman zuzena ahalbidetzen dute. Liburuak ez du heziketa sozial, publiko eta sentimentala bultzatzen, baina besteek ere ez. Hori da gure mundu honen tragedia. Eskolak hezi beharrean, literaturaren argi eta araztasun horrek hezi beharrean, interneten esku dago heziketa, ez ofizial eta arautua, eragineko bestea baizik. Barthesek idatzi zuen literaturak ez digula ibiltzen lagunduko, baina bai arnasa hartzen. Ados nago

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Zertarako balio du literaturak

Zertarako balio du literaturak