Urtarrilaren 16an hasiko dira maskaradak Zuberoan
Hori dela bide, Euskal Herriko lurralde historiko honetako hamabi udalerri bisitatuko dituzte Atharratze eta Alozeko gazteek lau hilabetetan barrena
UNAI SARRIUGARTE
Larunbata, 8 urtarrila 2022, 00:15
Urtarrilaren 16an hasiko dira maskaradak Zuberoan. Hori dela bide, Euskal Herriko lurralde historiko honetako hamabi udalerri bisitatuko dituzte Atharratze eta Alozeko gazteek lau hilabetetan barrena, apirilaren 17an emango zaielarik amaiera. Izan ere, urterolez negua jasa iritsita maskaradak antolatu dituzte Zuberoan. Aipatu bezala, 2022an Atharratze eta Alozeko gazteen gain geratu da antolakuntzaren ardura. Hala, udalerri hauetan izango dira lehendabiziko emanaldiak.
Horrez gain, dantzan.eus atariak nabarmendu duenez, koronabirusaren pandemiaren harira, atzeratu behar izan zituzten iazko maskaradak. Hori dela medio, pasa den urtetik aurtengo urtarrilaren 8ra bitarte iraun dute, iazko neguan ospatu beharrean.
Aurtengoak urtarrilaren 16ean hasiko dira Atharratzen. Urtarrilaren 22an, 20an eta 30ean, Pagolan eta Lexantzün segituko dute, hurrenez hurren. Ondoren, otsailaren 6an eta 13an Barkoxen edo Altzürükün izango dira. Otsailaren 26an, aldiz, Santa Grazin egongo dira.
Bestalde, martxoaren 6an Muskildin eta martxoaren 12an Idauzen ibiliko dira. Martxoak 19an, berriz, Ainharben arituko dira, eta, martxoaren 26an Alozen. Azkenik, apirilaren 10ean Irurin eta apirilaren 17an Gamere-Zihigan itxiko dituzte aurtengo maskaradak.
Zuberoako maskaradak probintzia honetako neguko inauteriak dira, ikuskizun zehatz eta antzerki espezifikoek osatzen dituztelarik. Garai batean ikuskizunotan laurogei bat dantzarik esku hartzen bazuten ere, gaur egun, hogei bat dantzarira mugatzen da. Lehen ez bezala, emakumeak ere gaur egun parte-hartzaile dira. Dantzak, bertsoak eta kantuak leku berezia dute egitasmo hauetan.