«Epaiak herritarren eskubide urraketak betikotzeko arriskua dakar»
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu du Gasteizko Epaitegiaren sententziak «herritarren eskubideen kaltetan eta zerbitzuaren kalitatean eragingo» duela. Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du astearte honetan
Astelehen honetan jakin izan genuen Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak Euskal Autonomia Erkidegoko udaltzaingoen lan-poltsetan B2 hizkuntza-eskakizuna egiaztatu behar izatearen aurka ebatzi duela. UGTk 2021eko deialdiaren aurka aurkeztutako demanda bati erantzuten dio erabaki horrek, nahiz eta asteartean Eusko Jaurlaritzak errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri duen, baita epaiak indarrean dagoen legedia alboratzen duela esan ere. EAJk, berriz, «Hizkuntza-eskubideak urratzen» dituela adierazi du.
Eztabaida sortu duen epaiak dioenez, EAEko Udaltzaingoaren lan-poltsetan sartzeko B2 hizkuntza-eskakizuna eskatzeak «tratu diskriminatzailea» suposatzen du. Hala ere, kontuan izan behar da 2021eko poltsa hori, zeinari demanda jarri zitzaion, agortuta dagoela, udalek dagoeneko erabili baitute; hots, epaia berretsiz gero, etorkizuneko deialdietarako baino ez luke balioko. Eta gainera, etorkizuneko deialdietan baldintza hori ezartzea eragotziko litzateke, Jose Luis Ahedo sindikatuko foru- eta toki-sektoreko arduradunak azaldu duenez
Eusko Jaurlaritza bezala, Hizkuntz Eskubideen Behatokia ere haserre agertu da Gasteizko 2. epaitegiko magistratuaren erabaki horrekin. Bere arduradunen arabera, sententzia horrek «herritarren eskubideen kaltetan eta ondorioz zerbitzuaren kalitatean eragingo du». Izan ere, diotenez, «lan-poltsan dauden hautagaiek edozein postu betetzeko gai izan behar dute, gehienetan herritarrekiko zuzeneko arreta izateaz gain, lanpostu guztiak herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak baitira. Ondorioz, uneoro euskarazko arreta bermatzeko gaituta egon beharko lirateke, herritarren eskubideak errespetatu eta kalitatezko zerbitzua eskaini nahi badira».
Ildo horretan, uste dute «tamalez, herritarrari beharrezko euskarazko arreta eskaini gabe jarraitzen dela, eta urtero herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen duten ehunka kasu jasotzen dituztela» deitoratu dute.
«Lan-poltsetan hautagaiek bete beharreko baldintza minimoa B2a izateak garrantzia handia zuen zerbitzuaren betekizunak herritar guztiei berdintasunean bermatzeari begira. Baina, epaitegietan neurri hori atzera botatzea, eskubide kolektiboen kontrako neurria izateaz gaindi, egunerokotasunean udaltzaingo zein zerbitzu publikoetako bestelako alorretan dauden hutsuneak ez gainditzeari begirako erabakia da. Lan-poltsa horietan sartzeko beharrezkoak diren beste baldintza batzuk auzitan jartzen ez diren bitartean, euskararen kasuan behin eta berriz epaitegietara eramaten dute neurri oro».
Gutxieneko ezagutzarik gabeko hautagaiak
Behatokitik nabarmendu dute aurtengo udan ere, B2a nahitaezkoa ez zen aurreko urteetako lan-poltsetako udaltzaingoak izan direla lanean, eta ondorioz, «hainbat udaletan euskaraz artatzeko gai ez ziren udaltzaingoak kontratatu dira». «Donostiako Udalaren kasuan adibidez, aurten ere, Udaletik hizkuntza eskakizuna egiaztatuta zuten hautagaiak eskatu arren, Arkautetik eskakizun hori ez zuten lan-poltsetako hautagaiak eskaini zizkieten, zerrendetan euskararen gutxieneko ezagutza zuen hautagairik geratzen ez zela argudiatuaz».
Hala euren ustez, «horrelakoak ekiditeko, beharrezkoa da lan-poltsa berrietan hautagai denek lanerako beharrezko euskararen gutxieneko ezagutza egiaztatuta dutela bermatzea».
Bestalde, euren ustez, lan-poltsez harago, «neurri zehatzak hartu behar dira lanpostu finkoen deialdietan». Izan ere, oraindik orain, «euskararen ezagutza egiaztatzeko derrigortasun datak iraungi gabe dituzten lanpostuen deialdiak ateratzen dira». Ondorioz, lanpostu finkoen kasuan ere, «euskarazko arreta bermatzeko gaitasunik ez duten hautagaiak sartzen dira, herritarren eskubide urraketak betikotuz», amaitu dute.