«Osasun Itunean gure hizkuntza-eskubideak bermatu behar dira»
Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, «herritarrei osasun zerbitzu egokiak berdintasunez jasotzeko aukera bermatzea oinarrizkoa da justizia soziala eta gizarte kohesioa gauzatuko badira»
Imanol Pradales lehendakariak eragile sozial eta politikoekiko elkarrizketa-mahaia aktibatu du, «hamar edo hamabost urterako» euskal osasunaren oinarriak ezartzen dituen Herri Itun baten bila. Bada, hori lortzeko Eusko Jaurlaritzak deituriko lehen bileran, Euskalgintzaren Kontseiluak dei egin die bertan parte hartuko duten eragileei –alderdi politiko, sindikatu zein osasun arloko erakunde–, eta, bereziki, Jaurlaritzari berari, «itun sozial horretan euskaldunen hizkuntza-eskubideen bermea har dezatela aintzat eta jar dezatela erdigunean».
Kontseiluaren arabera, herritarrei osasun zerbitzu egokiak berdintasunez jasotzeko aukera bermatzea oinarrizkoa da justizia soziala eta gizarte kohesioa gauzatuko badira. Eta, jakina, «osasun arreta egokia izan dadin ezinbestekoa da herritarra ardazten den hizkuntzan eskaintzea; euskaraz ardazten diren herritarrek euskaraz jasotzea». Hain zuzen ere, aldarrikatu dutenaren arabera, «asko dira osasun zerbitzua norberaren lehen hizkuntzan jasotzeak sendatze prozesuetan, eta, orokorrean, osasuntsu bizitzean duen garrantzia erakusten duten ikerketak eta horixe azpimarratzen duten osasun arloko profesional eta adituak».
Prentsa ohar baten bitartez helarazi dutenez, norbera ardazten den hizkuntzan aritzea komunikazio gaitasunarekin eta ongizate emozionalarekin estuki lotuta dago, eta komunikazio ona eta testuinguru emozional egokia osasun arreta egokiaren zutoinak dira. Funtsean, kalitatezko osasun zerbitzuaren ezinbesteko oinarri bat da. Dena den, «zoritxarrez, Osakidetza urrun dago oraindik euskaldunen hizkuntza-eskubideak, osasun zerbitzu egokia berdintasunez jasotzeko aukera, bermatzetik. Gabezia nabarmena da».
Gainera, salatu dute azken boladan, Osakidetzan lan egiteko aukera-berdintasunaren aitzakian, euskaldunen hizkuntza-eskubideak eta osasun arreta egokirako berdintasuna gutxiesten duten diskurtsoen indartzea ari direla ikusten.
Hori guztia dela eta, Osakidetza bide onean jartzeko helburuz batuko diren eragile horiei denei, eta duen arduragatik, bereziki, Eusko Jaurlaritzari, galdegiten diote «konpondu beharreko gabezia nagusien artean jar dezatela hizkuntza-eskubideen bermea; eta, konpondu beharreko osterantzeko gabeziekin bezala, osatu dezatela epe hurbilean irtenbideak aurkitzeko bide-orria. Indar berezia egin dezatela mediku, erizain eta, oro har, osasun arloko profesional euskaldunen formazioan, bai abiaburuko ikasteketan, bai, formakuntza iraunkorraren bidez», esan dute.