Ibilaldiaren bideoklipa grabatuko dute igandean Ondarroako zubi zaharrean
Udalerri bizkaitarreko Zubi Zahar ikastolako arduradunek ondarroarrak deitu dituzte 'Xe' lelopean ospatuko den jaiaren promozio bideoan parte har dezaten
Zein ondo pasatu dugun beti Ibilaldiaren edizio ezberdinetan. Urteak aurrera doaz, eta aurten Ondarroako Zubi Zahar ikastolari dagokio Bizkaiko ikastolen jaialdi horren antolakuntza. Bada, antolatzaileak motorrak berotzen hasi dira aurtengo edizioko antolakuntzari begira, eta maiatzaren 21ean milaka lagun bilduko dira berriro kostaldeko kaleetan euskararen alde.
Baina egun hori iristeko asko falta da oraindik. Hala, duela hilabete batzuk aurtengo 'Xe' leloa aukeratu bazuten ere (ondarroarren adierazteko moduari erreferentzia eginez, alegia), igande honetan udalerriko elementu historiko esanguratsuenetako bat den herriko zubi zaharrean burutuko dute bideokliparen grabazioa.
«Herritar guztiak gonbidatzen ditugu igandean eguerdiko hamabietan etor daitezen, eta, ahal izanez gero, Ibilaldiko arropak eraman ditzaten», adierazi dute Bizkaiko ikastolen festaz hirugarren aldiz arduratzen den ikastetxeko arduradunek (1993ko eta 2011ko deialdiak ere antolatu zituzten). «Soinu-banda jarri diogu, igandean ezagutaraziko duguna, eta orain protagonistak sartuko ditugu», gaineratu dute. Igandekoaz aparte, beste hiru eguneko grabazioak izango dira, baina horietan aurretik lotutako pertsonak parte hartuko dute. Kantuaren aurkezpen ofiziala asteazkenean, hilaren 22an, izango da Beikozinin.
Aldi berean, musika, zinema eta hitzaldiak uztartuko dituen eta datozen asteetan garatuko den kultur programari ekingo zaio, besteak beste. Aipatutako egutegi horri, hilaren 11n emango zaio hasiera, Lin Ton Taun eta RO taldeen emanaldiarekin, Portuko ranpan izeneko gunean. Hiru egun beranduago, Gilkitxaro konpainiaren 'ETAren agiri bulegoa' antzezlana taularatuko da kofradia zaharrean, eta martxoan zinemak hasiera emango dio hilabeteari Fermin Muguruzaren 'Black is beltza' filmaren emanaldiarekin. Ondoren, kros herrikoi bat izango da, baita euskal jai bat ere.