Borrar
Urgente Muere una niña de dos años al caer de un sexto piso de un edificio en Otxarkoaga
Michel Houellebecq idazlea, Donostiako Zinemaldian.
Ni naiz, baina ez

Ni naiz, baina ez

Lunes, 28 de octubre 2019

Michel Houellebecq idazleak bere burua antzeztu zuen Donostiako Zinemaldian estreinatu zen 'Thalasso' filmean, Gérard Depardieu antzezkide zuela. Ez da, ordea, kameren aurrean jartzen den lehen aldia. Izan ere, filmaren zuzendari Guillaume Nicloux-ek duela bost urte filmatu zuen 'Michel Houellebecqen bahiketa', non bahitzaile batzuek idazlea bahitzen zuten, baina, bitxiki, denborak aurrera egin ahala, bahitzaileak eta idazlea lagun egiten ziren, elkarrekin mozkortzeraino bezainbeste. Donostiako Zinemaldian aurkeztu den 'Thalasso'n idazleak harremanetan jarraitzen du oraindik bahitzaileekin, adiskide izaten jarraitzen dute.

Ez da nire helburua pelikulon kritika egitea, ezta Houellebecq bezalako idazle baten soslaia egitea ere. Ez gaur behintzat. Deigarria egin zaidana zera da, idazleak bere burua antzeztu duela, eta antzezpen horrek zalantzak piztu dizkidala. Izan ere, zeure burua antzezten baduzu, zer neurritan jarraitzen duzu zeure burua izaten? Alegia, kameren aurrean dagoen hura Houellebecq idazlea da, baina nolakoa da benetako Houellebecq? Berdin jokatzen al du bere benetako bizitzan eta kameren eta soinu-makilaren aurrean ala bere buruaren antzezpen bat egiten ari da filmean? Antzezleak pertsonaien larruan sartzen dira, baina zer gertatzen da benetako pertsonak 'benetako' pertsonaia hezurmamitzen badu? Betidanik obsesionatu izan nauen gaia da: noraino naiz benetan ni? Are gehiago, zer da 'ni'? 'Ni' hori aldatzen doa, bere burua ezagutzen, eta gerta daiteke ere bere buruarekin pozik ez egotea, edo ezin aseago egotea, baita egoz gainezka ere, bere gorputzean kabitu ezinda eta globalizazioaren bidean. Azken batean, ilargia zapaldu zuen lehen gizakia Egoa izan zen.

Baina natorren harira, eta jarrai dezadan arestiko planteamenduarekin. Bestela esanda, zer alde dago zutabe hau idazten ari den idazlearen eta zutabe honetatik kanpo bizi den pertsonaren artean? Zer daki irakurleak idazleari buruz, zer ondorio atera ditzake haren idatzietatik, baldin eta horren beharrean badago… Non bukatzen da idazlea, non hasi pertsona, baldin eta bereizi ezinak badira… Jendeak sarritan galdetu ohi die idazleei ea zer den egiazkoa eta zer asmatua haien fikzioetan. Autofikzioak ez du arazo gutxi eman zentzu horretan, baita haserrealdi sonaturen bat edo beste ere, susmopean dagoen autobiografia kamuflatua delakoan. Baina Houellebecquen kasuan bezala, eta logika berari jarraiki, autofikzio batean agertzen den idazlea ere ezingo litzateke izan benetako idazlea, pertsonaia bat baizik, nahiz eta egiazko idazlearen izen-deitura berak eduki. Kafkak, adibidez, K. jauna misteriotsu eta iradokigarria asmatuz konplikatu zuen arazoa. Edo sinplifikatu, nondik begiratzen den. Bestalde, zenbat 'kameo' egin ote dituzte idazleek beren liburuetan irakurlea konturatu gabe?

Kamerak eta mikroa hor dauden bezala, ikusezin baina taupaka, idazlearen idazmahaia eta sormena ere itsatsita dauzka fikziozko pertsonaiak, fikzioaren arauen arabera jokatzen ari baita, nahiz fikzioa ezohiko moduan erabili. Bide batez, bereizi egingo nituzke autofikzioa eta literatura kolonizatzeko 'Ni'ak egin duen ahalegina, autolaguntzatik eta egotismotik gertu egon daitekeena. Nobelak, genero bezala, dena irensten duela diote, eta XX. mende amaieran eta XXI.aren hasieran are hibridoagoa bihurtzen ari da, 'ni'a bere baitan hartzeraino. XIX. mendean, ispilua kalera begira jartzea proposatu zuten Stendhalek eta Flaubertek. Orain, ispilua guri begira jartzea erabaki dugu. Irakurleok nahiago omen dugu 'ni'a 'haiek'a baino. Moda kontua izan daiteke, edo bilakaera jakin baten aztarna. Hor ditugu, esaterako, Coetzeeren edo Philip Rothen maisulanak.

Guztiarekin, 'auto' hitzaz jardun dugu orain arte, baina idazlea lasai asko egon daiteke 'auto'rik gabeko fikzio batean, eta ez du zertan pertsonaia jakin bat izan behar, pertsonaia askoren baitan sakabanatu baitaiteke, baita garai historiko edo kokagune ezberdinetan ere. Idazlea zerbait bada, likidoa da, Baumanen modernitatea bezala.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ni naiz, baina ez