Mendi Filmeko bi sari lortu zituen 'Agur Artzai', gaur arratsaldean, Orozkon
Julen Zubieteren lanak Gorbeiako azken artzainetako bat den Joseren historia jorratzen du, eta Donibane antzokian izango da ikusgai, asteazken honetan, 19.00etan.
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia gai izan da pandemiari aurre egiteko eta duela urte batzuetako edizioetako ilusioa berreskuratzeko 2022ko edizioan. 9.000 pertsona bertaratu dira eta %74ko okupazioa lortu du abenduaren 9tik 22ra bitarte, non 16 sari banatu diren 13 film saridunen artean. Jakina denez, Euskarazko Filmik Onena Julen Zubiete bizkaitarraren 'Agur Artzai' film labur dokumentalak eskuratu du (Orozko, 27 minutuko iraupena), eta hori ikusteko aukera izango da gaur arratsaldean Orozko bere udalerrian, Donibane Aretoan, 19.00etaik aurrera.
Baina zer aurkituko dute ikusleek lan horretan? Zubietek denboraren joana, etengabe garai berrietara egokitu beharra… eta, oro har, desagerpenera bideratutako mundu baten gainbehera erretratatu du. Jose (87) Gorbeia mendiko azken artzainetako bat da, bizi osoa daramana ardiak zaintzen, baina, uda honetan, artzaina denetik lehen aldiz, ez da bere artaldearekin mendira igo.
Lehen beste artzain batzuk zeuden; uda guztietan igotzen ziren artaldeekin. Egun, ordea, ez dira apenas gelditzen. Bizimodu hori hiltzear da, eta Jose da horren guztiaren azken lekukoetako bat. Negua iristen denean, bere ardiak zaintzen ditu baserri aurrean duen ukuilu zaharrean, leku urrun eta bakarti batean. Bertara gerturatuko da zuzendaria. Josek eta berak haurra zenetik ezagutzen dute elkar. Eta orain, urte mordo baten bueltan, atzera begira jarriko dira.
Jose Ereño Gorbeiako artzainaren bizipenek oinarritzen dute, beraz, Orozkoarraren ikus-entzunezkoa. Bere lehen profesionala izaki, hasieratik izan du arrakasta lagun. Izan ere, ikusmira handia sortu zuen iragan berri den BBK Mendi Film Festival Jaialdian filmaren estreinaldiak eta, aretoa leporaino betetzea lortu ez ezik, bi sari eskuratu zituen: Euskadiko Zinema Eskolaren sari gaztea eta EITB saria euskarazko film labur onenari.
Orain, urte berriarekin filma etxean aurkezteko momentua heldu zaio Zubieteri. Doan izango da eta interesdunek Donibane Aretora hurbil daitezke, 19:00etan hasiko den proiekziora. Edukiera bete arte sartu ahalko dira.