Borrar
Fotolia

Isiltasunaren poesia

Osteguna, 12 urtarrila 2023, 13:58

Comenta

Zenbait gertaeraren aurrean isilik geratzen gara, ez zaigulako hitzik ateratzen esan nahi duguna esateko. Esan nahi eta ezin, ezer ezin egin hori ekiditeko, egoera horri buelta emateko.

Hizkuntzaren mugak nire munduaren mugak dira. Hori idatzi zuen Wittgensteinek 'Tractatus'en. Ados nago, baina irudipena dut gure munduaren mugak estutu diren neurrian, gure hizkuntzarenak gehiegi zabaldu direla, leher egin arte. Litekeena da, litekeena den bezala ez jakitea zein diren hizkuntzaren eta munduaren mugak. Gure ezagutza mugatua da, gure bizitza adina. Egoera larri erremedio gabeek gogoeta egitera bultzatzen gaituzte.

Aztertzen ez den bizitza, azken finean, alferreko jarduna da, hutsala, azalekoa.

Isiltasunak bere mugak ditu, ezagutzen ez dugun munduarenak hain zuzen. Isiltasuna, izan ere, ondo nahasten da denekin eta denean. Isiltasunaren poesia ez da poesia isila, baizik eta isiltasun eske dabilena bere osotasunean dastatua eta ulertua izateko. Kontzientziaren poesia ere deitzen zaio. Zaila da definitzen, areago zehazten. León Felipek zioen poema bati kentzen badizkiozu, alde batetik, aditzak eta adjektiboak, ez badituzu kontuan hartzen errima eta erritmoa, geratzen dena poesia hutsa dela, isil-isilik mintzo zaizuna.

Txikitako jolas bat datorkit gogora, ea zeinek denbora luzeagoan isilik iraun. Ezpainak ixten genituen, besoak antxuma jartzen, kopeta iluntzen zitzaigun, eta azkenik hitza sortzen zen. Txikitako jolasa hau ere, zeinek denbora luzeagoan arnasarik hartzeke iraun. Batzuek nahiago ziplo erori amore eman baino.

Isiltasunak izaera asko hartzen ditu, bere bigarren larrua gelditasuna da. Pausoa ezin eman, hitzik ezin esan. Biak antzeko ekintzak dira, bulkada antzekoa ez badute ere izan eta ixteko, itxierak baitira irekierak baino gehiago. Gelditasuna gorputz atalen isiltasuna da.

Isiltasunak musika du eta musikak bere isiluneak. Isiltasunak, ordea, ikara egiten du, zenbait unetan, zenbait alditan. Hutsa delakoan bera betetzen ahalegintzen gara, etxea betetzen dugun bezala, askotan ezertarako behar ez ditugun gauzekin. Isiltasuna mingarria da haren zergatia ez dakigunean, eta minak pentsamenaren eta gogoramenaren ateak gotortu egiten ditu. Isiltasuna zer den ikasten dugunean hasten gara benetan bizitzaren nolabaiteko arrastoa hartzen.

Isiltasunak ez du bere denbora galtzen, bete egiten du. Eta denbora betetzen duen bakarra isiltasuna da. Zaratak hautsi duen denbora galdutako denbora da. Isiltasunak denborari irabazten dio, berriro bera lotu eta batu egiten du.

Rilkeren pasarte hau datorkit gogora, gutun batetik hartu dut: «Isiltasuna egin da eta berria dena, inoren ezagun ez dena, erdian ageri da, isilik».

«Isiltasuna zain dago beti, gelditasunean lasai egonkortuta»

Isiltasunak harritzen du, harritzen gaitu. Isiltasuna zain dago beti, gelditasunean lasai egonkortuta. Batzuk gehiegi hitz egiteaz damutzen dira, ez isildu izanaz. Beste batzuk, hitz egin behar zenean isildu izanaz. Horra hor gizakiaren kontraesana eta paradoxa! Zerbait esan nahi eta ezina, hori bai malurra. Esatea ez da hitz egitea, musika ez da zarata, poesia ez da hitza bakarrik.

Geroak oraina ezeztatzen du, ametsak esnatzea galarazten du, utopiak desira ezabatzen du, denborak espazioa jaten du, eta espazioa galtzen da infinituan. Gizakiak beste gizakia txikitzen du, Jainkoa dela sinestean. Naturak, deus ez, bere isilean dirau, denok bezala.

Wittgensteinengana itzuliz, isiltasunean gure mugak ezabatzen ditu, eta zabaltzen gara infinituraino.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Isiltasunaren poesia

Isiltasunaren poesia