https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zer ikusiko dugu telebistan udazken honetan?

Zer ikusiko dugu telebistan udazken honetan?
EiTB

Euskal Telebistak denboraldi honetarako programazioa kaleratu du, eta berrituta dator: dantza eta kantu saioak, fikzio saio berriak, tertuliak, marrazki bizidunak, erreportaje saioak...

AMALIA IBARGUTXI

Ikasturtearekin batera hasten dira errutina, ordutegi eta ohitura ugari. Berritasunerako unea ere bada, ordea. Estreinaldi garaia da, adibidez, telebista saio eta filmen jarraitzaileentzat. Gasteizko FesTVal jaialdian, 2018-2019 denboraldiko programazioaren aurkezpena egin du ETBk. Bi saio berri prest ditu telebista kateak udazkenerako: atzerrian bizi diren euskal hiztunak protagonista dituen 'Euskalonski' eta Zuriñe Hidalgok aurkeztutako 'Dantzago!' lehiaketa. Gainera, ETB2k

'La Victima Número 8' telesaila aurkeztu du Gasteizko FesTValean, Euskal Telebistak, Telemadridek eta Mediapro taldeak ekoiztu dutena Globomedia eta K2000 ekoiztetxeen bidez. 'Vis a Vis' eta 'La Casa de Papel' telesailetako sormen taldeak sortu, idatzi eta zuzendutako ekoizpena da. Bilboko Alde Zaharrean gertatuko den atentatu jihadista bat izango du abiapuntu, eta inguruan harrapatuko dituen pertsonaia guztiei nola eragingo dien erakutsiko du. Poliziaren ikerketaren xedea hilketaren erantzuleak harrapatzea izango da.

'Euskalonski' astelehenean estreinatu zen, Pello Reparaz Vendetta taldeko abeslariak gidatuko duen saioa, eta Parisi eskaini zioten atala. Brusela, Berlin, London, New York, Mosku, La Habana, Montevideo, Buenos Aires eta Varsovian ere izango dira, hiri horietan bizi diren euskaldunekin eta euskara ikasi duten bertako biztanleekin.

Bestalde, 'Dantzango!' dantza talent show-ean Euskal Herriko hamar dantza talde lehiatuko dira zortzi aurpegi ezagunekin batera, eta talde irabazleak 'Go!azen 6.0' telesailean dantzatuko du.

Saio zahar berrituak

Gainera, bueltan dira harrera ona izan duten zenbait saio, berritasun txikiekin horietako asko. 'Ur handitan' saioak, adibidez, atzerritik kontatuko ditu nazioarteko berriak. Xabier Madariaga herrialde ezberdinetako aktualitatea aztertzera joango da, eta laguntzaile izango ditu bertan bizi diren euskaldunak, bizimodu ez ohiko, interesgarri eta liluragarriekin. Besteak beste, homofobia Afrikan, armak AEBetan eta Palestinaren eta Israelen arteko egoera aztertuko dituzte.

'Gailurra Xtreme' saioak ere erronka berri bat du egutegian markatuta. Euskal Herriko mendi garaienean, Hiru Erregeen Mahaian, amaituko den lasterketa osatu beharko dute, 12 etapatan. 22 lagun abiatuko dira Andorrako Encamp herritik eta Pirinioetan barrena 400 kilometroko ibilbidea egin ondoren, Nafarroako gailurrean amaituko da. Aurreko edizioan bezala, oraingo honetan ere Ibon Gaztañazpik lagunduko die bidean, Gari Aristegi fisioterapeuta eta Alberto Ayerbe lasterketa arduradunarekin batera.

Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi Euskal Herrian barrena ibiliko dira aurten ere herriak bisitatuz eta bertako bizilagunak ezagutuz 'Herri txiki, infernu handi' saioren bosgarren denboraldian. Urriaren 7an itzuliko dira eta bitartean 'Hauxa2' izango dugu ikusgai, Ana Goitia eta Onintza Enbeitarekin.

'Go!azen 5.0' telesaila ikusteko, azarora arte itxaron beharko dute zaleek. Gazteen artean fenomeno bilakatu den telesailak, istorio eta pertsonaia berriak izango ditu, Maria Redondo 'Bago!az'en irabazlea tartean. Hori bai, Basakabi udalekuko abenturek maitasuna eta musika uztartzen jarraituko dute.

Datorren astelehenean, hilak 10, bi saio estreinatuko dira: 'Gure kasa'-ren bigarren denboraldia eta 'Ahoz aho', hain zuzen. 'Txoriene' saioaren denboraldi berria irailaren 17an hasiko da, hurrengo astelehenean.

Literaturak eta bertsolaritzak tarte propioa izaten jarraituko dute ETB1en, 'Artefaktua' eta 'Hitzetik hortzera' saioen bitartez. Yolanda Mendiola eta Eider Perez izango dira gidariak, hurrenez hurren. Astero, sormenaren leihoa zabalduko dute ETB1ek eta ETB2k 'EiTB Kultura Transit' saioaren bidez. Bestalde, Iñaki Leturiak jarraituko du zientzia eta teknologia munduko berriak ematen 'Teknopolis' saioan.

ETB2n ere, programazio betea

'La Víctima Número 8' telesaila eta 'VPO' umorezko saioa, ETB2rako fizkio ekoizpen berriak. 'Punto de Vista' eta '360º' kazetaritza ikerketa saio berriek errealiatearen ikuspuntu berri edo desberdinak izango dituzte ardatz, eta gastronomia, entretenimendu, zinema eta aktualitate saioek osatuko dute ETB2ko programazioa.

Maribel Salas, Ane Gabarain, Miriam Cabeza, David Pinilla, Diego Pérez, Daniel Ortiz eta Aitor Urcelay izango dira 'VPO' saioko protagonistak, hainbat etxebizitzaz osatutako eraikinaren ingurukoa dena.

«Egungo gizartearen metafora perfektua da. Gizartean dauden euskaldun tipologia ezberdinak islatzen ditu eraikinak eta ikus-entzulearentzat ezagunak diren egoerak erakutsiko dituzte. Eraikinaren barruan gertatzen diren istorio hauek aktualitate politikoaren eta sozialaren isla izango dira», jakinarazi dute prentsa ohar bidez.

'La Victima Número 8' telesailak, bestalde, «Bilboko Alde Zaharrean gertatuko den atentatu jihadista bat izango du abiapuntu eta inguruan harrapatuko dituen pertsonaia guztiei nola eragingo dien erakutsiko du».

'Punto de Vista' saioak 'doku reality' generoa landuko du. Gai bakoitza lau protagonistek kontatuko dute eta eurek eramango dituzte, hain zuzen ere, kamerak. '360º Tú decides' saioak, bestalde, aktualitatea lantzen jarraituko du Arantza Ruizen gidaritzapean. Eider Hurtado buru, gainera, ikerketa kazetaritzak bere tartea izango du saio horretan. Euskadiko tortura kasuak ikertuko dituzte, eta egungo gizartean dagoen lan prekarietateaz ere jardungo dira, besteak beste.

'En Jake', 'Juego de Cartas', 'A Bocados', '¡Que Me Estás Contando!', 'Está Pasando', 'Atrapame Si Puedes', 'La Noche de…', '3zpa4' eta '3txulo' saioak eta ETB3ko marrazki bizidunak ere bueltatuko dira udazkenerako.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos