Ver fotos
Milaka lagunek babestu zuten Abusuko Ibilaldia, eguzkiaren laguntzaz
4,2 kilometroko ibilbidean, euskal ikastolen Bizkaiko jaiak euskaltzale guztien kokaleku izatea lortu zuen igandean
UNAI SARRIUGARTE
Igandea, 29 maiatza 2022
'Erro Harri Har' lelopean, Ibilaldia Abusura ailegatu zen, behingoz, igande honetan. 4,2 kilometroko ibilbidean, euskal ikastolen Bizkaiko jaiak euskaltzale guztien kokaleku izatea bilatu zuen, eta, horretarako, ekintza anitzez osatutako egitaraua prestatu zuten antolatzaileek, hala nola, musika emanaldiak, magia ikuskizunak, dantza tailera eta erakusketak, puzgarriak, antzerkiak edota herri kirolak.
Aurtengoa 40. edizioa genuen, Ibilaldiak bere jatorrizko arrazoiei eutsi dielarik urteotan: ikastolen jaialdia izatea, ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera ematea eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea. Zehar lerro konkretu batzuk ere aurkeztu zituen berriro, euskara hizkuntza bultatzea, sexu eta generoari lotutako rolak gainditzea edota jasangarritasuna gizarteratzea, tarteko.
Antolatzaileek arratsaldeko lehen orduan emandako lehen balantzea, festa oraindik martxan zegoela, oso positiboa izan zen: «Milaka pertsona gaur Bilbora eta Arrigorriagara joan dira abusu ikastolak prestatutako Ibilaldiaz gozatzera. Eguraldi onarekin, mugarik gabeko lehenengo Ibilaldi handia izan dugu, eta lehen ordu hauetan egin dezakegun balorazioa oso baikorra da. Nahi genuen eguna betetzen ari da», esan zuten.
Lehen orduko hasiera ekitaldia Abusuko Ikastolako areto nagusian izan zen. Hamarretan abiatuta, bertan hainbat ordezkari publikok esku hartu zuten, Bilboko alkate den Juan Mari Aburtok, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu Jokin Bildarratzek, Arrigorriagako alkate Maite Ibarrak edota Ikastolen Elkarteko presidente den Koldo Tellituk. Horrez gain, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao edota Euskaltzaindiaren presidente den Andres Urrutia ere ekitaldian egon ziren.
Jokin Bildarratzek euskal ikastolen aniztasunaren alde egin zuen, aniztasunak eta euskara hizkuntzaren aniztasunak duen garrantzia nabarmenduz. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, aldiz, euskara eta euskararekiko errespetua batera joan behar direla adierazi zuen.
Euskal dantzariek gure egunerokotasunean hain ohikoa den aurreskua dantzatzeko aukera ere izan zuten, zenbait txistularik egitasmoa girotu zutelarik. Horrez gain, Abusu ikastolako ikasleek aurtengo abestia, 'Erro Harri Har' dantzatu zuten maisuki atondutako koreografia sinestezin batekin. Era berean, Abusuko Ikastolak datorren urtean Ondarroan ospatuko den Zubi Zahar Herri Ikastolari lekukoa ahalbidetu zion, datorren urtera begira baitabil jada Euskal Herriko Ikastolen Elkartea.
Orotara 600 boluntario inguru ibili ziren Ibiladian barrena sakabanatuta, etiketa dendetan, komunikazioan edota txosnetan, pertsona guztiak gogoan izanda eta egun polit bat igaro dezatela erronkatzat hartuta, euskaraz, euskararen alde.
Aurtengo ibilaldiak orotara lau gune izan zituen. Lehendabiziko gunean, 'Ikastolan', erronkez, ipuin kontalariez, Imanol Ituiño magoaz edota Aiko dantza taldeaz gozatu ahal izan zuten bertaratu zirenek. Bigarren gunea edota 'Erro' izenekoan (Ibaieder parkea), egitaraua askoz zabalagoa izan zen. Bertan, Abusuko Abesbatzaz gain, hurreratu zirenek Afrika Bibang-ez, Disko Kantxaz, Txapito Guzman-ez eta Ibarrako Langostinuek-ez, Go!azen telesaileko aktoreen abestiez nahiz Kaiku antzerkiez disfrutatu ahal izan zuten.
Noticia Relacionada
«Aurtengo Ibilaldiak auzoan euskaraz bizi gaitezkeela erakusteko balioko du»
'Harri' (Ollargan) izeneko hirugarren gunean, aldiz, herri kirolen ikuskizuna edota Bolintxu Taldearen emanaldia izan zen publikoen gozagarri. Eguerdi eta arratsaldean, ordea, kontzertuen txanda izan zen, Kai Nakai kantautorearen, Itziarren Semeak bandaren nahiz Oxabi erromeriaren musika emanaldiekin.
Bestalde, 'Har' (Montefuerte parkea) izeneko laugarren eta azken gunean dantza tailerra eta musta tanbor erakustaldia eskaini zituzten goizean. Ondoren, arratsaldean musika emanaldiak nahiz DJ-ak aritu ziren. Izan ere, Garilak 26, Modus Operandi, STR eta DJ Bull izan ziren oholtza gainean.
Gainera, egun osoan barrena guneotan beste hainbat ekintza ere gauzatu zituzten: Zurezko jolasak, aurpegiak margozteko tailerrak (Ikastola gunea); puzgarriak, zirko tailerra, BBK-Garapen Iraunkorrerako Helburuak Tailerra (Erro Gunea); Eroski tailerra, suhiltzaileak, herri kirolak tailerra, etorkizuna tailerra (Harri gunean); Euskaltel txirrindularitza pista (Har gunea)...
Beraz, zalantzarik gabe esan dezakegu mugarik gabeko lehen Ibilaldiak denetarik izan duela eta aurreikuspenak bete dituela. Orain, dena den, 41. ediziora arte itxarotea besterik ez dago, esan bezala datorren urtean Ondarroan ospatuko dena.