https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Hainbat diziplinetako euskal artistek Edinburgoko udako jaialdietan esku hartuko dute

Hainbat diziplinetako euskal artistek Edinburgoko udako jaialdietan esku hartuko dute

Jaialdi hauek Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival dira

UNAI SARRIUGARTE

Scotland Goes Basque programak Edinburgh Festival Fringe jaialdian esku hartuko du abuztuan. Ekimen honi esker, Eskoziako hiriburura bertaratutako euskal artista eta konpainiek euskal lurraldeko antzerkia eta dantza erakutsiko dituzte munduko arte eszenikoen topagune handienean. Era berean, abuztuaren 10etik 18ra bitartean, zenbait euskal idazle euren lan berriak aurkeztu eta hainbat ekitalditan hartuko dute parte Edinburgh International Book Festival jaialdiaren barnean.

Scotland Go Basque programaren bitartez, Etxepare Euskal Institutuak diziplina ezberdinetako euskal artisten talentua Eskozian ezagutzera ematen ari da aurten. Hori dela bide, neguan musika, udaberrian zinema eta udan, berriz, arte eszenikoak eta literatura emango dira aditzera. Aipatu dugunez Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival izango dira udaldiko euskal artisten erronka berria.

Egun arte eszenikoen topagunerik garrantzitsuena bilakatu da Fringe jaialdia. Euskal artistentzat euren lanak ezagutzera emateko erakusleiho paregabea izango da. Dance Basen ahalbidetu duten Basque Showcase esparruan Krego Martin-Danzak, Akira Yoshida eta HQPC artisten lanak ikusteko aukera egongo da. Era berean, Edinburgoko kaleetan Tio Teronenen Semeak antzerki taldearen ikuskizuna eta Atlantik 1050 euskal zein eskoziar dantza tradizionalak uztartzen dituen ikuskizuna izango dira erakusgai.

Aurten Fringen 63 herrialde ezberdinetako lanak egongo dira ikusgai. Ikuskizun hauetako 260 europarrak dira eta Edinburgoko 744 obra eta Eskoziako beste 1.000 ikusteko parada izango dute bisitariek. Gainera, eskoziar zein nazioarteko 1.000 komunikabide baino gehiagotako 1.400 kazetari inguru bertaratuko dira jaialdiaren berri emateko helburuarekin.

Era berean, Eskoziako hiriburuan abuztuaren 10etik 18ra bitartean euskal literaturako zenbait artistak Book Festival Jaialdian hartuko dute esku. Bertan euskal lurraldeko idazlerik ospetsuenetarikoak egongo dira: Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Bernardo Atxaga, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugarte besteak beste. Gainera, idazle hauekin batera Joseba Etxegoien eta Eñaut Elorrieta musikariak egongo dira.