Borrar
Gorka Urtaran, elkarrizketa batean. Rafa Gutiérrez

EUDELek eskatu du udalek pandemiaren eragina arintzeko ezohiko finantzazio-funts guztietan parte hartzea

«Europatik eta Estatutik datorren ezohiko finantzazioa udaletara iristea eskatzen dut, EAEko udalerri guztietan banatzeko, txikienetik handienera», esan zuen asteartean Gorka Urtaran elkarteburuak

Zurekin

Asteazkena, 10 ekaina 2020, 18:15

Comenta

EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek, astearte goizean eskatu zuen EAEko udalen parte-hartze eraginkorra Europako instituzioek bultzatutako ezohiko funts guztietan, bai eta estatu eta autonomiaeremukoetan ere, Covid-19aren osteko susperraldi ekonomiko eta sozialerako neurriak finantzatzeko.

Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketan, Gorka Urtaranek ziurtatu zuen «arintze-faseak udalentzat gainkarga direla, erantzukizun erantsia», eta toki-erakundeak gehiagotan kontuan hartzeko eskatu zuen «aktore giltzarriak» baitira. Halaber, baieztatu zuen «udalerria dela normaltasun berrira igarotzea gertatzen den tokia».

Ildo horretan, Urtaran elkarteburuak ohartarazi zuen EUDELek zainduko duela udalek ezohiko funtsen bilketan parte hartu ahal izatea, eta lan egingo duela «finantzazio-banaketak udaletara iristeko, udalerri guzti-guztietara, txikienetik handienera». Europako Batzordeko presidenteak eta Espainiako Gobernukoak iragarritakoaren arabera, Europako planaren funtsak (oraingoz zehazteke) lehenik Estatuari transferitu ahal izango litzaizkioke, eta, ondoren, EAEri, bai mailegu gisa, bai itzuli beharrik gabeko laguntza gisa. Elkarteburuaren hitzetan, «udalok eskua altxatzen dugu berriro ere, gizartearen beharretatik hurbilen daudenak gara, eta hortaz, pandemiaren ondorioen ostean suspertzeko ezohiko finantzazio-funts guztietan parte-hartzea eskatzen dugu».

800 milioi euro inguru

Urtaranek defendatu zuen «ezohiko» finantzazioa euskal ekonomia-itunaren ereduaren arabera eta Kupoaren metodologia aplikatuz banatu behar dela. Europako plan, kopurua eta Europako plana nola egituratzen den oraindik baieztatu gabe, EUDELen elkarteburuak adibidetzat jarri du Espainiak itzuli beharrik gabeko laguntza gisa jaso lezakeen 77.000 milioiko funtsa. Gorka Urtaranen arabera, «Kupoaren % 6,24 kenduta, eta Eusko Jaurlaritza eta Lurralde Historikoen barne-banaketa aplikatuta, koefiziente bertikal eta horizontalen arabera, udaloi 800 milioi euro inguru iritsi beharko litzaizkiguke Europako funtsetatik».

Urtaranek uste du kopuru hori igo daitekeela toki-erakundeak suspertzeko estatu-funtsaren proposamena eramaten bada aurrera. Horrek, lehen informazioen arabera, 5.000 milioi euro izango lituzke. «Kontzertuaren formula bera aplikatuta, Euskadiko Udalei 300 milioi euro baino gehiago egokituko litzaizkiguke», aurreratu zuen.

Horren harira, Urtaranek aldebikotasun-harremana defendatzen du Estatuarekin, eta bat egiten du euskal erakundeek Euskadiren berezitasuna eta Ekonomia Itunaren erregimena errespetatzeko egindako deialdiarekin. Ildo horretatik, Batzorde Mistoaren bilera urgentea eskatu zuen, finantzazio autonomikoari eta ezohiko funtsen xedeari «ahalik eta azkarren» ekiteko. «Erabakiak hartzeko une erabakigarrian gaude, alkateok jakin behar dugu zer baliabide ditugun tokiko ekonomia bultzatzeko neurriak aktibatzeko eta ehun produktibo eta sozialari eusteko».

«Jokabide eredugarria»

Hirugarren arintze-fasearekin batera, EUDELeko elkarteburuak azpimarratu zuen udalek «funtsezko zeregina» izan dutela osasun-larrialdian, eta haien jarduera funtsezkoa dela udalerri bakoitzean normaltasunera itzultzeko. «Udalek lehen lerroan egoten jarraituko dugu, eguneroko bizitzara era ordenatuan, seguruan eta berme osoz itzultzeko», adierazi zuen.

Hortaz aparte, Udaltzaingoen, Ertzaintzaren eta administrazio publikoetan lan egiten duten langile guztien lan eredugarria goraipatu zuen. Udalen ordezkariak eskerrak eman zizkien herritarrei, eta nabarmendu zuen haien laguntza funtsezkoa izan dela osasun-gomendioak betetzeko eta gaixotasuna zabaltzea saihesteko. EUDELen elkarteburuak argi adierazi zuen: «Euskal gizarteak, gehien-gehienak, jokabide eredugarria eta erantzunkidea duela frogatuta dago; joko-arauak bete nahi ez dituenak zehapena jaso beharko du. Salaketa guztiak izapidetu behar dira, ezin dugu onartu gutxi batzuen jokabide txarrak guztioi kalte egitea».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo EUDELek eskatu du udalek pandemiaren eragina arintzeko ezohiko finantzazio-funts guztietan parte hartzea

EUDELek eskatu du udalek pandemiaren eragina arintzeko ezohiko finantzazio-funts guztietan parte hartzea