«Etxean, eskolan eta herriko kaleetan euskara entzun nahi dugu»
EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2019 ·
Durangoko Udaleko ordezkari politikoek, ikastetxeetako eta euskaltegiko ikasleek udalerri euskaldun bat izatearen konpromisua hartu zuten atzonahikari cayado
Asteartea, 3 abendua 2019, 22:36
Ekitaldi «polita, xumea baina oso polita», izan zen atzo Euskararen Nazioarteko Egunaren baitan Durangon ospatu zena. Bertan, Udaleko ordezkariak ez ezik, udalerriko lau ikastetxeetako ikasle eta irakasleak batu ziren, baita euskaltegietako eta AEK-ko kideak ere. Denak helburu berdina partekatzen zuten: «Euskara sustatzea, herrian hizkuntza ohiturak alda daitezen», Ima Garrastatxu alkateak goraipatu zuenez.
Kurutziaga ikaskola, San José Jesuitak, San Antonio eta Nevers ikastetxeetako DBHko eta Batxilergoko hainbat ikaslek euskararekiko gogoeta kolektibo bat egin zuten Plateruena Kafe Antzokian ospatutako ekitaldian. Batzuek aurretik idatzitako testuak irakurri zituzten, beste batzuek bertso bat, eta gainontzekoek aldiz, hizkuntzarekiko beraiek egindako deklarazio propioa ere plazaratzeko aukera izan zuten. Dozenaka ahots, baina ideia bakar bat, euskararekiko konpromisua Durangoko gizartean eratzea. «Ez gaur bakarrik, urteko 365 egunetan baizik. Etxean, eskolan eta herriko kaleetan euskara entzun nahi dugu», adierazi zuten San Antonio ikastetxeko ikasleak.
Gaztetxoez gain, euskaltegietako ikasle helduek ere bertan parte hartzeko aukera izan zuten. Benik eta Juan Carlosek argi adierazi zutenez, «euskaraz ikasten dugu, euskaldunak garelako». Ozenago esan daiteke, baia ez argiago. Bigarren honek aditzera eman zuenez gainera, «hainbat urtetan debekatua izan zen euskara, gero ezin izan nuen ikasi. Orain aldiz, horretarako aukera daukat eta asko gustatzen zait», azpimarratu zuen Euskaltegiko ikasleak.
Generazio desberdinak
Ekitaldiaren amaieran, Garrastatxuk bere esker ona adierazi zien bertaratu ziren guztiei. Bere hitzetan, Plateruenan ospatutako euskararekiko ekintza honek «generazio desberdinetako euskaltzaleak batu ditu. Hori da hain zuzen gure helburua betetzeko behar duguna, guztion laguntza, guztion ardura izan behar baita euskararen normalizazioa Durangon lortzeko».
Beste alde batetik, Udaleko lau alderdi politikoetako ordezkariek Castillo Suarezen poema bat irakurri zuten ekitaldiaren hasieran. 'Denbora eta tokia gurutzatzen direnean' izenburutzat daukan poemak mezu hau helarazten du bere lerroen artean: «Euskarazko hitzez ez balitz, ezinezkoa litzateke gure eskualdea. Elkarrekin egoteko eremu bat, eta aurrera egiteko kemena. Nahikoa euriari ekiteko edo atertzeko».