EHUn abian egongo den Microsoft 365en erabilpena debekatu du ikastetxeetan Alemaniako estatu batek
Datorren ikasturtetik aurrera Moodle edo BigBlueButton bezalako hezkuntzarako tresna libreen alde egingo dute Baden-Wurttemberg eskualdeko hezkuntza zentroetan
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 24 ekaina 2022, 16:00
Ikastetxeetan Microsoft 365ren erabilpena debekatu du Alemaniako Baden-Wurttemberg estatuak. Hala, datorren ikasturtetik aurrera Moodle edo BigBlueButton bezalako hezkuntzarako tresna libreen alde egingo dute Baden-Wurttemberg eskualdeko hezkuntza zentroetan.
LABek duela aste batzuk iragarri zuenez, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle oro Microsoft Office 365 kontu bat edukitzera behartuta egongo da 2022-2023 ikasturtetik aurrera. Aipatutako Alemaniako eskualde honetan antzeko erabaki honen aurka egin dute, pribatutasuna errespetatzen duten Moodle edo BigBlueButton bezalako hezkuntza plataformen alde eginez.
Sttutgart hiriburu duen Alemaniako Baden-Württemberg estatu federaleko datuen babeserako eta informazio askatasunerako komisarioak ikastetxeetan Microsoft 365 ezartzearen aurkako herritarren hainbat kexa jaso zituen, horien artean, ikasle, irakasle eta gusaroak zeudelarik.
Izan ere, eskualdean froga pilotu bat abiarazi zuen Estatuko Hezkuntza Ministerioak, Microsofteko Goi Mailako ordezkariekin batera 2020ko udazkenetik 2021eko udaberrira bitartean. Hilabete horietan Microsoften zerbitzu honek hainbat norbanakoenganako urraketak eragin zituela nabarmendu zuten.
Erabiltzaileen ekintza guztiak monitorizatu eta posta elektronikoak analizatzen zituen erremintak, baita Microsoften 500 zerbitzari baino gehiagotara hauen inguruko datuak transmititu ere, Estatu Batuetara, esaterako. Transferentzia horien helburuak partzialki bakarrik daude dokumentatuta. Froga honetan soilik irakasleek esku hartu zuten, ikasle adingabeen kasuan urraketok askoz larriagoak izango lirateke eta.