https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Burdinazko Gerrikoa garbituz, gerraren kontakizuna berreskuratzeko lanetan ariko dira bi astez

Aztarnen garbiketa, tokiko memoria historikoa berreskuratzeko egiten den lehen urratsa da, izan ere, irailaren lehen hamabostaldian indusketa arkeologikoak burutuko dira bertan

AMALIA IBARGUTXI

Gerrak ez dira gatazkak bukatutzat ematean amaitzen. Normalean, oinordekoek herentzian jasotzen dituzte aurreko belaunaldien beldur eta minak, eta askotan, oinordekoak dira, hain zuzen, zauri zaharrenak ixten dituztenak. Azken urteetan, adibidez, hainbat jarduera egin dira Larrabetzuko memoria historikoa berreskuratzeko, bereziki 1936tik 1945era luzatu zen gerra eta gerraostekoa aztertzeko. Aranzadi Zientzia Elkartearen indusketa lanei esker, adibidez, gerra garaian, herrian gertatutakoaren hainbat aztarna aurkitu eta ikertu dira.

Ondorioz, pixkanaka bada ere, Larrabetzuko Udalak horiek guztiak babestu eta balorean jartzeko ahalegina egin du, hainbat herritarrekin elkarlanean. Burdinazko Gerrikoko aztarnen garbiketa, tokiko memoria historikoa berreskuratzeko egiten den lehen urratsa da, izan ere, irailaren lehen hamabostaldian indusketa arkeologikoak burutuko dira bertan. Gaztelumendin dagoen lubakia da, zehazki, Aranzadi Zientzia Elkarteko sei adituk garbituko dutena. Bi arkeologo eta zulotze lanetan arituko diren lau teknikok burutuko dituzte lanak.

Lanek dituzten ezaugarriak konplexuak dira, Zientzia Elkarteak azaldu duenez, garbituko den eremuaren estutasuna eta aurkitu litekeen materialaren arriskua dela eta. Beraz, lehendabizi elkarteko kideak arituko dira indusketa lanak egiten, eta lanek aurrera egin ahala erabakiko dute auzolanerako deia egin daitekeen edo ez.

Egitasmoa Larrabetzuko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako, Gogora Memoria Institutuak babestu dute. Burdinazko Gerrikoa delakoa, defentsa sistema bat zen, 1936ko kolpe militarrari erantzunez eraiki zutena Bilbo eta inguruak frankistengandik babesteko. Muskiz, Bilbo, Galdakao, Bizkargi eta Gaztelumendiko inguruak jasotzen ditutrintxera, zulo, alanbrada, metrailadore habi, behaketa leku eta bunkerrek osatutako defentsa-sistemak.

Lehen Mundu Gerran erabilitako defentsa-sistemen tankerakoa zen Larrabetzu inguruetakoa, eta egungo analisien arabera, gerra garairako jada zaharkituta zegoen babeserako sistema. 1937Ko ekainaren 19rako frankistek Bilbo bereganatzea lortu zuten hesitik igarota.

Gerrikoa eraikitzeko lanen buru izan zen Alejandro Goikoetxea ere, Francoren aldera aldatu zen, gainera. Traizioak baino, hala ere, bi bandoen arteko baliabide desberdintasunari egozten zaio egun.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos