Bost milioi dolareko isuna munduko txapeldun izateko egindako tranpengatik
Harmailatik ·
Houstoneko Astros-ak entrenatzailea eta general manager-a kaleratu dituzte 2017ko play offetan iruzurra egiteagatikTranpa kirola bezain zaharra da. Tamalez. Bi pertsona edo taldek lehiatzen hasi ziren momentu berberean jarri zen norbait irabaztearren normatik kanpo egin zezakeena ideiatzen. Besteak baino azkarragoa izango bazen moduan.
Partida guztietan ikusten da iruzurren bat edo beste. Onenak ere tentazioan erortzen dira. Nork ez zuen Maradona-ren 'jaun goikoaren eskua' ikusi?
Agerian geratu diren azkenak, Houstoneko Astros-ak dira. A.J. Hinch entrenatzailea eta Jeff Luhnow general manager-a hobeto esanda. Biak lenetik kaleratu dituzte segidan. Texas-eko frankiziak ikusi ere ez ditu nahi. Gainera, taldearen jabeak bost miloi dolarreko isuna ordaindu beharko du, bi horiek (eta orduan bigarren entrenatzailea zen Alex Cora) egindako amarruengatik. MBLak, bere aldetik, hurrengo denboraldian ligan lan egitea galarazi die biei.
Txapela mantenduko dute
Hori bai, urte horretan irabazitako World Serie-ak irabazita geratzen dira. Txapela Houstoneko beisbol taldeari ez diote kenduko. MBL-eko lehenak izaten jarraituko dute egindako azpijokoa frogatuta geratu bada ere.
Egia esan, taldea izugarri ona da. Aurten ere, liga eramateko zorian izan dira. Izatez, etxean izandako lau partida galduta ihes egin zien txapela Washington aldera. Harmailatik sekzioko lehenengo atala eskaini genion Nationals-en ospakizun mozkortiari.
2017 tik aurrera dena moldatuta ez ote dagoen Estatu Batuetako beisbol ligan susmoa agertu da.
Zergatik? Ba 2017an Astros-eko bigarren entrenatzaile zena, Alex Cora, eta dirudienez tranpa guzti onen burua, hurrengo denboraldian Boston aldera joan zen. Red Sox famatuen lehengo entrenatzaile moduan fitxatu zuen eta lanean jarri bezain pronto liga irabazi zuen. Bai, asmatu duzu, 2018ko txapelketa ikertzen hasi dira. Bostondarrak, momentuz, Cora ere kaleratu dute.
Errezeloa izateko modukoa da, benetan. 2017An, Astrosak garaile. 2018An, Red Sox txapeldun, Houston-en egindako tranpen arduraduna entrenatzaile dutela. 2019An, Astroak berriz ere finalean...
Bideo tranpa
Larriena, jukutria barregarri geratzen dela da. Ikasle alferrek azterketetan izaten dituzten burutazio antzekoa da. Minute Maid Parkeko bideo kamerak erabili zituzten catcherrak jaurtitzaileari egiten dizkion keinuak ulertzeko eta gero informazio hori bateatzaileari ematen zioten.
Zer nolako bola bateaz jo behar zuen jakinda, askoz hobeto egiten zuten eta une jakinetan erabilita karrera kopurua igotzeko amarru ezin hobea bilakatu zuten. Etxetik ibiltzeko dopping teknologiko herrikoia dudarik gabe. Kaikua bezain eraginkorra
Tristeena da, guzti hau taldekide batek, elkarrizketa batean, lotsarik gabe xehetasun guztiekin azaldu zuelako jakin dugula da.
Kanpotik ikusita munduko txapelduna izateagatik bost miloi dolar ziztrin ordaintzea ez dirudi prezio altuegia, ezta?