Basque Culinary Centerren ikastaro aurreratua sukaldaritza zaleentzat
Kultura gastronomikoa zure zaletasunetako bat bada eta ingurune berezi batean janaria prestatzen ikastea amesten baduzu, animatu izena ematera
Sukaldean gozatzen duzun horietakoa zara, aurretik prestakuntzarik izan ez baduzu ere? Bada, jakin ezazu Basque Culinary Centerrek Sukaldaritza Aurreratuko Ikastaro berri bat eskaintzen duela orain, BCC Culinary Clubaren bitartez, gastronomiazaleei zuzendua. Urtarrilaren 10ean hasiko da eta izena emateko epea zabalik dago jada. Esan bezala, ez da beharrezkoa izango aldez aurreko sukaldaritza-ezagutzak izatea, «sukaldaritzarekiko gogoa eta grina» izatearekin nahikoa izango baita, eta antolatzaileek agindu dutenez, teknika berritzaileen bidez, parte-hartzaile guztiek «benetako chef gisa» kozinatzea lortuko dute.
Hiru hilabeteko iraupena izango duen ikastaroak gehienez 16 plaza eskainiko ditu eta klaseak presentzialak zein online izango dira. Zehazki, zazpi saio presentzial izango dira (ostiraletan 17.30etik 21.00etara, eta larunbatetan 9.00etatik 13.30era), eta ordu eta erdiko iraupena izango duten sei eskola online (asteazkenean 18.30etik 20.00etara).
«Parte-hartzaile guztiek aukera berezietarako errezetak egiten ikasiko dute; izan ere, besteak beste, uztartzeari buruzko ezagutzak, elikagaien kontserbazioari edo nutrizio-onurei buruzko informazioa, produktuen behin-behinekotasunaren garrantziari buruzko saioak eta platerak sormenez aurkeztu edo apaintzeko formulak jasoko dituzte», diote ikastaroaren arduradunek. Euren hitzetan, zalantzarik gabe, gastronomiako azken joerak ezagutuko dituzte, ikastaro berri honetan 'learning by doing' metodologia erabiliko duten profesionalen aholkuei esker. Interesa daukazu? Hala bada ez izan zalantzarik eta klikatu hemen, mereziko du eta!