'Basakabitik mundura', 'Go!azen'en denboraldi berriko bideoklipa
Azaroan estreinatuko den telesailak hamar urte beteko ditu eta urte hauetako kanta desberdinen zatiekin osatu da aurtengo bideoklipa
Zurekin
Ostirala, 21 uztaila 2023, 19:01
Ostiral honetatik (uztailak 21) aurrera, ikusgai dago ETBn, eitb.eus-en eta sare sozialetan Basakabitik Mundura, 'Go!azen' telesailaren denboraldi aurreko bideoklipa. Iker Laurobak sortu du eta urte hauetako kanten zatiekin osatu dute, aurten telesail arrakastatsuak hamar urte beteko dituela ospatzeko.
Telesailak nabarmentzen dituen baloreak biltzen dira musika-klip honetan, adiskidetasuna, ekologismoa, askatasuna eta LGTBI+ eskubideak, besteak beste.
Bideoklipa Urdaibaiko Ekoetxean, Laidako hondartzan eta Mundakako portuan grabatu dute. Bertan honako pertsonaiek parte hartu dute: Garazi (Nerea Elizalde), Zuri (Maria Redondo), June (Lorea Intxausti), Saioa (Mikele Arizkorreta), Noa (Marina Ostolaza), Lea (Haizea Astrain), Gontzal (Kimetz Etxabe), Luken (Ander Lacalle), Aner (Xabi Elizalde), Bosko (Ander Ayerza), Mattin (Unai Arana) eta Urtzi (Unai Arrieta).
Azaroan estreinatuko den 'Go!azen 10' fikzioak 100 atalen langa gaindituko du. Eta saioaren arduradunek nabarmendu dutenaren arabera, denboraldi honetan egungo eta betiko talde eta abeslarien kanten moldaketak entzun ahal izango dira: ETS, Bulego, ZETAK, IZARO, Berri Txarrak, Maixa eta Ixiar, Sagarroi edo Izaki Gardenak, besteak beste.
Dagoeneko, gainera, bideo bereziak eta filmatze lanetako argazkiak daude ikusgai 'Go!azen' aplikazioan (iOS eta Android) eta eitb.eus webgunean.
Halaber, sare sozialetan (Instagram, Facebook eta TikTok) telesailaren inguruko eduki asko ere topa daitezke.