Pasoliniren itzulera
Ubertok Homeroren Odisean oinarritutako 'The return' estreinatu du orain gutxi, heroi greziarraren azken kantuak kontatzen dituena, Itakara heltzen denetik aurrera
Pier Paoloren abizen bera dauka, baina Ubertok ez du zerikusirik 'Accattone'ren zuzendariarekin, Luchinno Viscontirekin baizik, haren iloba baita. Ubertok Homeroren 'Odisea'n oinarritutako 'The return' estreinatu du orain gutxi (gazteleraz, 'El regreso de Ulises'), heroi greziarraren azken kantuak kontatzen dituena, Itakara heltzen denetik aurrera. Chistopher Nolanek iragarri eta hurrengo urtean estreinatuko den egokitzapenaren aperitibo moduko bat. Uberto Pasolini aspalditik dabil zinema munduan, baina gehiagotan ekoizle gisa. 1991an egin zuen debuta István Szabó hungariarrak zuzendutako 'Hitzordua Venusekin' filmarekin. 1997an, berriz, 'Full Monty' arrakastatsua ekoitzi zuen. Baina beti eduki du gidoilari edo zuzendariaren harra barru-barruan sartuta. 1986an, esaterako, Roland Jofféren 'La misión' ezagunean zuzendari-laguntzaile lanak egin zituen. 2008an zuzendu eta idatzi zuen bere lehen filma, 'Machan'. 2020an 'Nowhere Special' interesgarria errodatu zuen, eta bost urte geroago, arestian esan bezala, erronka askoz handiago batekin datorkigu, Homeroren 'Odisea'rekin.
Aspalditik saiatu dira Homeroren lan ezaguna pantailara egokitzen. 1924an, esaterako, Manfred Noak Troyako gatazkaren bertsio espresionista bat errodatu zuen, 'Helena' izenburukoa. Hor ditugu, bestalde, Mario Camerini italiarrak 1954an egindakoa (Kirk Douglas, Anthony Quinn eta Silvana Manglanorekin), edota 1961ean Giorgio Ferronik errodatutako 'Troyako guerra'. 1997an Andrei Konchalovskyk telesail moduan filmatu zuen. Coen anaien 'O Brother!' Depresio Handiaren garaian girotuta bazegoen ere, Mississipin hain justu, Homeroren Odiseari egindako keinuz beteta zegoen. Berrikiago, 2004an, Wolfgang Petersenek zuzendutako 'Troia' ikusi ahal izan genuen, izar handiekin eta une zirraragarri askorekin.
Ralph Fiennesek eta Juliette Binochek betetzen dituzte rol nagusienak, Ulises eta Peneloperenak
Eta zer esan itzulera odiseiko honi buruz… Hasteko eta behin, ez da zinema izarrik falta, Ralph Fiennesek eta Juliette Binochek betetzen baitituzte rol nagusienak, Ulises eta Peneloperenak, hain zuzen ere. 'The return' pelikula ona eta erakargarria da, introspektiboa, eta bere denbora hartzen du amaierako eztanda behar bezala prestatzeko. Funtsean 'Odisea'ren eskema jarraitzen du, baina ez da Homeroren 'Odisea', Uberto Pasolinirena baizik. Hasteko, Homeroren protagonistak itzuli egin nahi zuen Itakara kosta ahala kosta, itzuleraren grina zuen eragile nagusiena. Pasolinirena, berriz, damututa eta lotsatuta dago, eta ez ditu etxekoak gehiago ikusi nahi, beste emakume batekin bizi da, bere buruarekin gerran, Troian egindako basakeriak direla eta. Alde horretatik, irakurketa gaurkotua eskaintzen duela esan daiteke. Bestalde, une askotan filmak Pier Paolo Pasoliniren beraren zenbait film ezagunen estetika dakar gogora, baita Lars von Trierren 'Dovgille' ere, darabiltzan austeritateagatik eta antzerki-izaeragatik. Homeroren 'Odisea'k janzkeren, lekuen eta jauregien barruko aberastasunen deskribapen luze-zabalak egiten ditu, baina Uberto Pasoliniren filmean artzain eta arrantzale giroak dira nagusi, argi-ilunak, soiltasuna eta apaltasuna. Susmoa dut erabaki horren arrazoia ez dela soilik estetikoa, aurrekontuak ere zeresana izango zuela. Jakina, oso zaila da 'Odisea' bezalako liburu bat aurrekontu handirik gabe aurrera ateratzea, Homeroren unibertsoa sinesgarritasunez birsortzeko ekoizpen-maila oso sendoa behar baita. Baina esan daiteke Pasolinik trebetasunez saihesten duela eragozpen hori.
Filma jatorrizko testuarekin alderatzen jarraituz gero, hamaika 'akats' edo bat ez etortze aipa daitezke. Esaterako, Laertesen heriotza, Atenaren absentzia, Telemako hiltzeko ehizaldia Itakako muinoetan zehar… Zinemak bere hizkera propioa du, eta zenbat erabaki ulertzekoak dira, zinemaren beraren kontamoldearen barruan kokatu beharrekoak. Finean, 'Odisea'z mozorrotutako pelikula bat da, gerra eta indarkeria auzitan jartzen dituena, gogoeta bide ederrak irekitzen dituena eta indar handiko eszena hunkigarriak dituena. Baina ez da Homeroren 'Odisea', Pasolinirena baizik. Nolanenaren zain geratzen gara.