Arabako Bertso Kuadrilla Artekoan Katuko Muinoak gailendu dira
Laudion ospatu zen larunbatean finala eta gasteiztarrak inposatu ziren
Zurekin
Lunes, 27 de marzo 2023, 12:40
Arabako Bertso Kuadrilla Artekoak eman ditu eman beharrekoak. Izan ere, larunbatean, finala ospatu zen. Orotara, dozena bat saio izan dira eta hiru finalaurrekoren ostean, helmugara heldu da. Talde irabazlea Katuko Muinoa izan da.
Azken saiorako Katuko Muinoa, Errexala eta Izena Pentsau Bida sailkatu ziren. Final nagusia Laudion izan zen eta hasteko, giroa alaitzeko, agurrak prestatu zituzten taldeek. Zortziko txikian eman zioten hasiera saioari, eta ale ederrak entzuteko aukera izan zen. Ondoren, seiko motzean abestu behar izan zuten eta ganbarako lanaren aurretik, puntuka aritu behar izan zuten talde denak.
Lan guztiak burutu ondoren, Gasteizko Katuko Muinoko taldekideak izan ziren txapeldunak: Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Xabier Antia eta Iñaki Viñaspre. Bertsolari finalistek Kuadrillarteko argazkia jaso zuten oroigarri gisara eta Viñaspre, Zaldua, Smaniego eta Antiak landare bana jaso zuten, «Arabako bertsogintzaren sustraiak errotzen ari direlako loratuko dira kimu berriak», azaldu zuten.
Egun ederra izan zen larunbatekoa Laudion, 2023ko Kuadrilla Artekoari agur esateko. BHI institutuko kiroldegian zen hitzordua eta bertsolari saioa ospatu aurretik, bazkaria ere prestatu zuten. Jende ugari elkartu zen. Laudioraino autobusak heldu ziren bertsozaleekin. Gorbeialdeko eta Gasteizko trikitilarien doinuez lagunduta hasi zen jardunaldia. Poteoa lehenengo, herriko kaleak girotuz. Ondoren, bapo tripa bete eta jaiari ezin amaiera hobea emateko, bertso zaparrada. Datorren urtean, gehiago!