'Aire!', Maurizia Aldeiturriaga panderojolearen nondik-norakoak biltzen dituen dokumentala
Euskal proiektu kultural hau finantzatzeko crowdfunding-kanpaina abiatu dute Durangoko Azokaren 57. edizioaren baitan
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 9 abendua 2022, 10:21
'Aire!' dokumental luzeak gazte talde baten bizitzak batzen ditu, Maurizia Aldeiturriaga panderojole bizkaitarren bizipenetan oinarrituta, eta musika sentitzeko modua aintzat hartzen duelarik, pieza musikal bat sortzeko ezinbestekoa dena.
Bideografik eta Marmoka filmsek produzitutako lana dugu hauxe, Gentzane Martinez de Osabak zuzendu duelarik. Hala, euskal proiektu kultural hau finantzatzeko crowdfunding-kanpaina abiatu eta aurkeztu dute Durangoko Azokaren 57. edizioaren baitan.
Maurizia Aldeiturriaga Zeberioko trikiti musikako estiloko pandero jotzailea eta abeslaria izan zen. Txikitatik abiatu zen panderojole gisa, koplak inprobisatzen zituelarik. Bederatzi urte zituela neskame joan zen Basurtura (Bilbo), ganadu tratante baten etxera. Han hiru urte inguru ibili ondoren, berriz ere Zeberiora itzuli zen, eta Ugaoko fabrika batean hasi zen lanean.
Hamabi urte besterik ez zuela hasi zen Maurizia Bizkaiko jaiegun eta festetan herriko plazetan panderoa jotzen, udalerrietako plazarik plaza joz ezagun bihurtu zelarik euskal musika panoraman. 17 urterekin Benantzio Bernaola 'Karakol' ezizenaz ezaguna zen soinujolearekin egin zuen topo, eta hasierako musika emanaldien bikote izan zena, bere senarra bilakatu zen. Bikoteak jai egunetan musika giroan eta lan egunetan baserrian eta fabrikan ematen zituen orduak.
Gerra ondoren, Leon Bilbao herriko albokariarekin osatu zuten hirukotea 'Karakol-ek eta Mauriziak. Benantzio, bihotzeko gaixotasunak jota, etxean geratu zenean, Fasio Arandia trikitilariak hartu zuen 'Karakol'-en testigua. 1964an hasita hogei urte luzetan izan zen hirukotea jotzen. Fasio hil ondoren, berriz, Basilio Undagoitia soinujole, pandereteru eta trikitilariak jarraitu zuen Maurizia eta Leonekin herri ezberdinetako plazetan jotzen.
Abesteko modu kementsua zen Mauriziaren bere ezaugarri esanguratsuenetakoa, ahots basati, grabe, erakargi eta primitibo, bezain indartsu bat aurkezten baitzuen. Bere ahotsa musika belaunaldi berri asko erakartzeko kapaza izan zen, Hertzainak taldeko Josu Zabala edo Kortatuko Fermin Muguruza bere miresleak bilakatu zirelarik.
Fermin Muguruzak 1985ean Kortatu taldearen lehen diskoko 'Tolosako inauteriak' kantan sarrera gisa kopla bat erabili zuten, Mauriziaren ahotsean eta panderoaren erritmoetan oinarrituta zegoena. 1976. urtean, aldiz, Iurretako Jai batzordearen sarian Benantzio 'Karakol' omendu zuten eta Mauriziak berak jarri zion txapela, baita 1982an Iurretako Jai Batzordeak Mauriziari omenaldia egin ere.
Horrez gain, 1996. urtean Arteako Udalak eta Gorbeia-Urkiola partzuergo turistikoak Kepa Junkerarekin elkarlanean, omenaldi beroa eskaini zien Maurizia eta Leoni, baita beren omenezko eskultura estreinatu ere. Era berean, 2014an Maurizia izeneko erraldoia egin zuten Areatzan, 'Gure musikari handiak' ekimenaren baitan.