100/25 BOS - Mikel Urdangarin proiektua abian da
Urdangarinen abesti esanguratsuenak orkestrara egokituko dituzte disko batean, baita bi musika emanaldi batera eskaini ere
UNAI SARRIUGARTE
Osteguna, 19 maiatza 2022, 19:28
100/25 BOS - Mikel Urdangarin proiektua abian da. Izan ere, Mikel Urdangarin kantautore bizkaitarrak 25 urte bete ditu oholtza gainean, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak 100 urteko ibilbidea betetzen du aurten. Hala, bi urteurren seinalatu hauexek aintzatesteko helburuarekin elkarlan egitasmo batean batu dira bi eragile hauexek. Urdangarinen abesti esanguratsuenetako batzuk orkestrara egokituko dituzte, Bilbao Orkestra Sinfonikoak interpretatuko dituelarik. Horrez gain, Urdangarinek BOS-arekin batera zenbait musika emanaldi eskainiko ditu, eta disko bat ere grabatuko dute batera.
Diskoa udan honetan grabatuko dute, eta honek orotara Urdangarinen mende laurden honetako ibilbidearen 15 kantu bilduko ditu. 14 abesti Urdangarinek berak konposatutakoak dira, eta hamabosgarren letra Kirmen Uribe nobelagile ondarrutarrak idatzitakoa da, oraindik idazte prozesuan dagoena, alegia. Urdangarinek dioenaren arabera, asko kostatu zaio ehun abesti baino gehiagoz osatutako bildumatik lagin txiki hauxe hautatzea.
Horrez gain, bi musika emanaldi eskainiko dituzte BOS-ek eta Urdangarinek elkarlanean uda honetan. Lehendabizikoa, abuztuaren 20an izango da Bilboko Aste Nagusian. Bigarrena, berriz, Getxoko Muxikebarri Aretoan, irailaren 4an.
Bingen Mendizabal musikari eta konpositorea izan da abesti ia guztien orkestrazioaren atzean izan dena. Izan ere, Koldo Uriartek moldatutako abesti bakarra izan da diskoan Mendizabalek orkestratu ez duen pieza bakarra. Hala, urtebeteko lan eskerga ikaragarriaren ondoren, moldaketok amaitzear ditu. Iker Sanchez Silva zuzendariak, aldiz, orkestra diskoko grabazioetan gidatuko du, baita Bizkaian emango dituzten zuzeneko bi kontzertuetan ere.