Borrar
Vasiliev, hego-ekialdeko aurpegian egindako saiakeran Cho Oyu, Everest atzean duela.
Errusiarrak isilik Cho-Oyun

Errusiarrak isilik Cho-Oyun

Andreui Vasiliev buru zuen espedizio indartsu batek ibilbide berri bat ireki nahi izan zuen udazkenean hego-ekialdeko aurpegi zailean

Miércoles, 11 de diciembre 2024, 19:53

Aspaldian denboraldi postmonzonikoan saiatzen ziren hainbat espedizio Tibeteko mendietan, hala nola, Cho-Oyun eta Shisha Pangman. Azken horretan hainbat igoaldi izan dira aurten, batez ere, urrezko zerrenda amaitzea lortu nahi zutenen artean. Cho-Oyun ere antzeko, baina espedizio gutxiago izan dira alde horretatik.

Halarik ere, azken mendi horretan egindako espedizio potente baten oihartzuna oso eskasa izan da, baina egindakoak merezi du komentatzea.

Errusiarrak hango maldetan mokoka aritu dira makina bat astez, Jainkosaren etxera heltzeko asmoz. Andrei Vasiliev buru izan da, eta Vitaly Shipilov, Kirill Eiseman eta Sergei Kondrashkin izan dira espediziokideak.

Joan den urtean ere aritu ziren bertan, baina kale egin zuten. Mendiaren alde horretatik baina, beste espedizio batek lortu zuen loria: Gelje Sherpa eta Alasdair McKenzieren taldea izan zen.

Horrexegatik, beste bide alternatibo batean ahitu nahi dituzte indarrak oraingoan, eta errusiarrak 1991ko espedizioaren linearen bila abitu ziren, hots, hego-ekialdeko ertzetik igotzeko asmoz. Baina mendi hori handia da, handiegia agian, kaotikoa, zaila, zuta eta konplexua.

Taktika eta azpiegitura handiko kontua izan den arren, gainditu beharreko arazoak oso latzak izan dira, espedizio buruak adierazi duen moduan: «Konturatu ginen ezin genituela behar ziren sokak gailurreraino finkatu, arrisku onartezinik hartu gabe behintzat. Espedizioa bertan behera uztea erabaki genuenean, gailurrerako saiakera bat egiteko hiru kide osasuntsu baino ez genituen. Bidearen beheko sekzioak hain ziren zailak, ezen hiru ez baitziren nahikoak izango goiko sekzioetarako beharko genituzkeen soka guztiak eramateko. Gure aukera bakarra estilo alpinoan finkatutako punturik altuenetik saiatzea zen (7.350 metrora), baina jaitsiera ere kontuan hartu behar genuen; soka finkorik gabe. Bagenekien gailurrera iristeko ahaleginak egin ondoren nekatuegi egon gintezkeela jaitsieraren zailtasunetarako.»

Kontua da goialde hartan, harrizko ertz zail eta labirintiko bat badagoela, eta horrek asko konprometitzen du gailurrerako saioa, izan ere, goraino hel daiteke, bai, baina espedizio bat ez da amaitzen kanpamentu nagusira heldu arte, eta agian, jaitsiera luze horretan drama sor liteke.

Vasilievek azaldu duen bezala, azken gailurrean haitzarte handi bat dago, horma bertikal bat, jaitsi eta beste aldetik berriro eskalatu behar dena. Tarte horrek espedizio asko geldiarazi zituen 1991 baino lehen, eta garai hartako talde errusiarrak zailtasun handiak izan zituen han. Han gelditu ziren taldekide batzuk, aurretik zuten bidea luzeegia zelako, baina gero, hirugarren talde batek bosgarren kanpamendua jarri zuen haitzartearen ostean, eta bultzada batean gailurrera iritsi ziren. Baina zoritxarrez, espedizio hura era tragikoan amaitu zen, eta jaitsieran kide bat hil zen.

Argi dago zein den arazoa: 8.000 metro inguruan hiru gau igaro behar dira, eta horrek muturrerainoko flakatze bat dakar.

Vasilieveren taldeak, gora heldu ez den arren, sekulakoak egin ditu: azken esfortzuak 14 egun iraun zuen, eta 7000 metrotik gorako 9 gau pasatu zituzten. Kilometro bat soka jarri zuten, eta hiru elur-kobazulo egin zituzten 6100, 7100 eta 7700 metroan, lo egiteko.

Mendiak dituen zailtasunak honela laburtu dituzte: elur bertikalaren sekzioa dago 7.000 metroan; bi izotz-sekzio aldapatsu, 7500 m eta 7800 metroan; goiko gandorretan, alde batean elurrezko erlaitzak eta bestean malda ikaragarriak zeuden, babes fidagarriak jartzea oztopatzen zituztenak; eta harkaitz gaineko zeharkaldiak arriskugarriak ziren, babes konplexurekin.

Eta jakina, horri gehitu behar zaio klimatologia. Baldintzak jasangarriak izan ziren gailur nagusira iritsi arte, eguneko bero handia 5800-7000 metrora baitzegoen, baina lumazko jantziak erabili zituzten etengabe 7.000 metrotik gora. Irailaren amaieran, elur-ekaitz gogor batek hasiera atzeratu eta lana moteldu zuen egindako elur sakonaren ondorioz, eta horrek espedizio osoari eragin zion. Gainera, hirugarren saiakeran plana aldatu egin zuten eguraldi txarrarengatik eta taldeko liderraren gaixotasunarengatik, eta horrek eragina izan zuen gailur nagusira iristeko gaitasunean.

Dena zaila eta gogorra iruditu arren, espediziokideek eginiko balorazioan eta analisian honakoa esan dute: ibilbidea zaila izan arren egingarria izan daiteke talde txiki batentzat. Horra hor, alpinista trebeen jomuga altu berria.

Andrey Vasilieven azken esaldia honako hau izan da: Mendian bizitzea kapitulu paregabea bihurtu da, emozio biziz eta oroitzapen ahaztezinez betea (beste askotan bezala).

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Errusiarrak isilik Cho-Oyun