Borrar
Urgente Normalidad en el metro tras los retrasos provocados por el desmayo de una mujer que ha caído a las vías en Algorta

Erdiko Lhotse, ahaztuta

Jueves, 10 de junio 2021, 01:31

Comenta

Zortzi mila metrotan ibiltzeak muturreko ahalegina eskatu du beti. Hasierako bide-urratzaileek bazekiten, eta begien artean gailur bat sartzen zitzaienean, hura kosta lain kosta konkistatu behar zutela sentitzen zuten. Horixe gertatu zen Himalaiako tontor printzipal altuenekin, guztiak zapaldu behar zituztelako konpromisoa barneratu zuten garai hartako esploratzaileek.

Baina Himalaia eta bertako mendiak ez dira errazak, korapilatsuak dira, eta bihurrikeriez beteak. Zenbait kasutan erreza zen mendi bateko gailurra identifikatzea eta bertaratzea, hura baino ez baitzegoen, huraxe baitzen punturik gorenena.

Ezagunak dira horrexegatik huts egin ezin daitezkeen gailurrak, hala nola, Everest handiarena. Bere gailurra mendi horretako erpinik altuena da eta ez dago inolako zalantzarik.

Baina zer gertatzen da adibidez Manaslurekin? Batzuetan metatutako elurrak benetako gailurra estaltzen du eta alpinistak beherago gelditzen dira. Shisha Pangman bestelako arazoa izan da urteetan. Erdiko tontorrera (8008m) alpinista asko abiatu ziren huraxe altuena zela sinetsita, baina ez, metro batzuk garaiagoa da begien aurrean eta urruntasunean agertzen den bigarren gandor hura.

Eta Annapurnan? Makina bat tontortxo zabaltzen dira ertz amaigabean, eta nekez erabaki daiteke zein den garaiena. Edo Broad Peak mendian, berdin. Ertz luze bat zabaltzen da erdiko tontorretik aurrera, eta horrexegatik mendizale askok hortxe amaitzen zuten bidea, nekeak jota. Edota Dhaulagirin. Bertako argazki askotan alpinisten atzean harri multzo bat ikusten da, eta beste askotan tontor elurtu leun bat. Zein da benetakoa? Zein da zapaldu behar dena?

Ez da batere erraza kasu horietan non dagoen benetako gailurra asmatzea, eta horrexegatik eta daramazun nekearengatik, batzuetan okerreko gailurra zapaltzen duzu.

Beste aldetik, alpinista batzuek mendi batek dituen gailu guzti-guztiak zapaldu behar zituztela sentitu zuten, eta ahazturik zeudenak igotzeari ekin zioten.

Beti ahaztuta egon den altuena Erdiko Lhotse izenekoa izan da, 8.410 metrotaraino altxatzen dena. Tontor nagusiak 8.516m ditu, eta Lhotse Shar puntak 8.383m. Erdikoa izan zen igo gabeko azkena eta altuena, eta makina bat espediziok bilatu zuten gorainoko biderik egingarriena, baina denek kale egin zuten, labirinto itzela eratzen baita bertako ertz zorabiagarrian.

Egunotan, hura igo zeneko 20 urteurrena ospatu da, izan ere, 2001eko maiatzaren 23an Eugeny Vinogradsky, Serguei Timofeev, Alexei Bolotov eta Petr Kuznetsov Errusiako alpinistak gizaki batek inoiz zapaldu ez zuen gailur hartara heldu baitziren. Datu kurioso bat gehitzeko, errusiarrak lehenak izan ziren 8000 metroko tontor bat igotzen lehen aldiz. Hurrengo egunean, Gleb Sokolovek, Yuri Koshelenkok eta Nikolai Jilinek ere balentria bera lortu zuten, eta azkenik, Viktor Volodin eta Vladimir Yanochkin gailur ezkutu hartara helduz ziren maiatzaren 27an.

Eugeny Vinogradskyrekin bi aldiz juntatu naiz, Cho Oyuko igoeran (goizeko 11:00etan zihoan gailurrera, bera bakarrik, oxigeno dezentearekin), eta bigarrena K2ko kanpamentu nagusian. Alpinista zaharrak Himalaian egindako ia 20 espediziotan hartu du parte. Erdiko Lhotserena mugarri berria izan zen bere ibilbidean.

Bere aurrean esaten nuenean «Eugeny Vinogradsky», berak arin erantzuten zidan, «I am». Urrian 75 urte beteko ditu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Erdiko Lhotse, ahaztuta

Erdiko Lhotse, ahaztuta