Eguraldi kaskarra ez da ari Kilometroak zapuzten
Hasiera ekitaldiarekin batera heldu dira aurreneko euri-tantak, eta haize zakarra batu zaio geroxeago euriari, baina parte-hartze handia eta giro bikaina dira nagusi Usurbilen
elcorreo.com
Domingo, 4 de octubre 2015, 11:43
Hobe atzoko eguraldi bikainak gehixeago iraun izan balu, baina azkenean iragarpen ezkorrek asmatu egin dute eta eguerdi partean heldu da euria Usurbilera, haize zakarrarekin batera. Gipuzkoako ikastolen jaia antolatzeaz arduratu den Udarregi ikastolaren patioan egin den hasiera ekitaldiarekin batera iritsi dira aurreneko euri-tantak, nahiz eta pare bat orduz nahiko lehor eutsi dion giroak.
Edonola ere, egunari hasiera eman dion saioak isuri duen berotasunak, hodeiak uxatzea lortu ez badu ere, gaina hartu die eguraldiaren inguruko kezkei. Keinuz beteriko ekitaldiak erakutsi du elkarlana, inklusibitatea eta parekidetasuna, Usurbilgo Kilometroetan, ez direla hitz hutsak. Agurra ez zaie oholtzako agintariei dantzatu soilik. Adin eta janzkera guztietako dantzariek biribilean jarrita dantzatu duten pieza bertaratu guztientzat izan da.
Mikrofonoaren aurrean jarri direnek bat egin dute giroarekin eta aurtengo Kilometroen espirituarekin. Udarregiko eta ikastoletako ordezkariez gain Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua, Markel Olano diputatu nagusia eta Usurbilgo alkate Xabier Arregi mintzatu dira. Ez dituzte desadostasunak ezkutatu, ezta erraustegiaren ingurukorik ere, baina denek azaldu dute prest direla adostasun ahalik eta zabalenak lortzen saiatzeko, hezkuntzaren inguruko gaietan eta gainerakoetan.
Ildo beretik, ibilbidea inauguratutzat emateko zinta moztu beharrean soka luze baten bi muturrak lotu dira. Zatitu beharrean batu, alegia. Esan beharrik ez dago sokaren bi muturrak juntatu dituen Joan Mari Torrealdaik jaso duela goizeko txalo-zaparrada nagusia. Eguerdian egin zaion omenaldian beste horrenbeste gertatu da. Oraintsu Eusko Ikaskuntzak emandako Manuel Lekuona saria ere jaso duen Torrealdaik "lotsaz eta apaltasunez" onartu du herritarrek eta, oro har, ikastolek eta euskalgintzak eskaini dioten omenaldia. Omenaldia baino, miresmen eta maitasun adierazpena izan da, omenduak -haren ibilbide oparoa gogora ekartzeaz Joxe Azurmendi arduratu da- familiarekin eta Jakineko kideekin partekatu duena.
Bienbitartean, herriari buelta ematen dion ibilbidea hasi da jendez betetzen, eta guneetan paratutako txosna eta agertokiak ere segituan animatu dira. 14-16 urte bitarteko neska-mutilei zuzendutako Erronka hartzen ari diren tokietan, zer esanik ez. Kanpotik heltzen diren ibiltari ia denek puntu berean egiten dutenez bat (autobusak eta trenak ez dira elkarrengandik urrun gelditzen), ibilbidearen aurreneko zati maldatsua jendez lepo egon da goiz osoan, aterkiak eskuan batzuetan, poltsetan besteetan.