Borrar
Pedro Sánchez, Mariano Rajoy, Pablo Iglesias eta Albret Rivera.

Hasi al da?

joseba arruti

Lunes, 13 de junio 2016, 02:34

Ia oharkabean joan zen ostiralarekin batera abiatutako kanpainaren hasiera, nekearen ondorioz seguruenik. Hautagai nagusiek etengabe zurrupatu dute hedabideetatik azken hilabeteotan, urrats eraginkorrik egiteko prest ez zeudela mozorrotzeko. Bakoitzaren interesak gailendu dira abenduaren 20tik honakoan, gehiengo nahikoa osatzeko jarrera ausartak baztertuz. Aurreko hauteskundeen osteko agertokia konplexua zen, zinez, baina ez ondorengo ikuskizuna saihetsezin bihurtzeko beste. Xakean ibili dira buruzagi politiko gehienak, euren babes eremutik urrundu ez eta noizean behin peoiren bat aurreratuta.

PP besteen porrotaren zain geratu zen hasieratik, sozialistei koalizio handiaren amu pozointsua behin eta berriz jaurti eta gero. PSOE, aldiz, Ciudadanos-engana baino ez zen hurbildu, Andaluziako formulari jarraiki. Gobernua osatzeko Kongresuan babes nahikorik ez zuela jakin arren, Pedro Sánchez-ek inbestidura saioan saiatzea erabaki zuen, alperrik. Albert Rivera-renen aldeko hautua ez da politikoki mamirik gabekoa, batez ere lurralde egituraren erronkei dagokienez Alderdi Sozialistaren baitan egun nagusi diren irizpideak islatzen dituelako. Hala, Kataluniarekiko harremanean aldebikotasunari bide egiteko oraintsu bat bateko proposamena egin duenean, PSOEren idazkari nagusiak berehala jaso ditu, publikoki, baroi nagusienetakoen ezezko borobilenak. Podemos-ek, azkenik, botere nahia baino ez du erakutsi, iaz horrenbestetan mezprezatutako Izquierda Unida-ren eskutik sozialistak gailendu eta ezkerraren buru bihurtu arteko arduragabekeria.

Ez da harritzekoa, beraz, jendartean desmobilizaziorako eta ezkortasunerako agertzen den joera. Espainiak dituen arazoak larriak dira, maila ekonomikoan batez ere. Egonkortasun politikoak konfiantza eragiteko balio izaten du, zalantzaz betetako testuinguruetan batik bat. Ziurra izan den faktore bakarretakoa ustelkeria kasuen etengabeko agerpena izan da azkenaldion. Horren adibide esanguratsu eta gordinenak dira PPren inguruko sare ezberdinak edo-ta Andaluzian Enplegu-Erregulazioko Espedienteekin lotuta sozialistek daramaten zama. Guzti horrek urrundu ditu, neurri handi batean, botoemaile izandako askotatik, eta horiek dira hoberako aldaketa aldarrikatzen dutenean zilegitasuna kentzen dietenak.

Aldi berean, azken hogeita hamar urteetan Gobernuan txandakatu diren alderdien ordezko izateko jaio zirenek ez dute neurria eman. Podemos-ek IU irentsita egingo dio aurre bere higadura goiztiarrari, eta Ciudadanos itxugarabetzen hasia da dagoeneko. Inkesten arabera, ezkerreko koalizioak arrakastaz ekin dio kanpaina muturtzeari, eta 1977tik honako txarrenean dagoen Alderdi Sozialistari aurrea hartuko ei dio bi domeka barru. Askoz hobeto jakin du gazteen zati handi baten aldaketa gogoak bere egiten eta, erakunderen bat kudeatu behar duenero merkealdiei ekiten dien arren, Maiatzaren 15ak kokoteraino zeudenen indarra egituratu osteko olatu gainean jarraitzen du, orduan salatutako sakoneko arazoetako asko konponbidean jarri ez direlako. Sozialdemokraziak ez du jakin bere mezua maila askotako krisi garaiotako beharretara moldatzen, ez du asmatu liberalismoaren lerroetatik bereizten, eta biziraun ezinean dabil. Europa ia osoko fenomenoa da, alternatiba izan beharrean makulu izatera jokatu dutenak jota utzi dituena. PSOEk nekez altxako du burua benetako batasunik eta funtsezko gaiei buruzko proposamen zehatz, egingarri eta bereizgarririk ez duen bitartean. Bitartean, Podemos-en oparotasun elektoralak aldagai interesgarriak ahalbidetzen ditu Estatuaren lurralde egituraren oso aspaldiko gabeziei behingoz aurre egiteko. Kataluniaren eta Euskadiren mihiztadura bateko eta besteko gehiengoek gura duten jauzi ausartarekin baino ez da lortuko. Badago zer berriz pentsatu nazio izaerako erkidegoei dagokienez egitura autonomikoa XXI. mendera egokitzeko. Arazoaren ukazioak ez du ezer konponduko eta aitortzatik baino ezin izango da eraiki zeharkakotasunezko topagune bat.

Auzi horretan Ciudadanos euste hutsean dago. Eta beste hainbatetan ere osagarri baino ez da. Horregatik gelditu da bere hazkundea. Alderdi laranjakoak zenbait erreforma abiatzeko eragile izan daitekeen arren, oztopo modura ariko dira Kataluniaren eta Euskadiren berezitasunetan sakontzerakoan. Gainera, ikusteke dago PPrekin gobernatzeko aukera izatekotan Mariano Rajoy bazter batean uzteko eskaera azkeneraino eraman eta politikan aritzeko molde benetan berriak abiarazteko gai izango ote den. Orain arte zabuka ibili da, interes mediatikoen pean. Zentro inguruko alternatiba jakobino modura osatu denak goia jo duela ematen du, eta Gobernua osatzerakoan egiten duen hautuaren araberakoa izango da bere etorkizuna. Nick Clegg izan beharko luke gogoan Riverak, politikan itxaropenak zein azkar zapuzten diren ez ahazteko.

Kanpainaren hasiera ofiziala hilabete luzetakoaren jarraipena baino ez da. Eta buruzagi politiko nagusien adierazpen oro, hedabideek tarteon hainbestetan errepikatutako berberen oihartzuna besterik ez. Politika gertutik jarraitzen dutenak ere ozta-ozta konturatu dira hilaren 10ean abiatutakoaz. Dauden arazoak konpontzeko urratsik egin ez, norbere zilborretik haratago itsu jokatu eta herritarrak berriz hautestontzietara eraman dituzte lau alderdi politiko nagusiek. Agerraldi guztiz neurtuetan arduraren aldeko esaldi potoloak kateatuko dituzte datorren asteko barikura arte. Haatik, bozen egunetik aurrera ezin izango diote joko berberari eutsi, eta bat baino gehiago eroriko da amildegi ertzetik berandu baino lehen.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Hasi al da?

Hasi al da?