Borrar
Pablo Iglesias.

Ezer ez da berdin

Hitz eta pitz aritu dira aste osoan alderdiak eta hedabideak CISek plazaratutako inkesta dela eta. Joerak adierazten ditu baina ez da ondorio sendoak nabarmentzeko bestekoa. Honelakoetan baliatutako sukalde lana aintzat hartuta, horren atzean egon daitekeena aztertzea da interesgarriena

joseba arruti

Lunes, 9 de febrero 2015, 01:12

Hauteskunde bezpera luze hauetan ohiko adierazpenetatik haratago askoz gehiago ez dagoenez, erakundeek zein hedabideek bultzatutako inkesten emaitzek borbor jarri dituzte alderdietako buruzagitzak eta iritzi publikoko eragileak. Hamaikatxo analisi eta interpretazio plazaratu dira azkenaldion, poza adierazteko batzuk, zuhur jokatu beharra azpimarratzeko beste zenbait, eta horien sinesgarritasuna ukatzeko gainerakoak. Iaz Europako Parlamenturako bozak egin zirenetik, Podemos-en emaitzen arabera neurtzen dira inkestak, alderdi berriari eskaintzen diotena baita beste guztiei burukomina ematen diena. Batzuei besteei baino gehiago, egia esan. Ezker ingurukoak direnek alarma guztiak piztuta dituzte hilabeteotan, boto emaile mordo batek ihes egiteko arrisku bizian baitaude. Asteon CISek plazaratutako azterketa soziologikoak, barometroa deitzen duten horrek, ezagunak ziren joera nagusiak berretsi eta, sukalde lanaren eraginez edo, hain nabariak ez ziren beste batzuk iragarri ditu.

Bi titular nagusi aukeratzekotan, Podemos-ek PSOEri aurrea hartu ei diola izango litzateke bata, eta PP garaile izango litzatekeela da bestea. Demoskopia ofizialari dagokionean, agintean dagoen alderdiak beti du aukera amantala jarri eta emaitzen zopari gura duen zaporea emateko. Amarrutsu jokatze hori aspaldikoa da, inkestak norbere interes politikoen mesedetan erabiltzea joko zaharra baita dagoeneko. Eta iragarritakoa hauteskunde egunean baiesten ez bada, galdeketak egin zen eguneko argazkia baino islatzen ez zuela esatea da koartada borobilena. Hala balitz, demoskopia zientzia ezin zehatzagoa izango litzateke, botere politikoaren eta interes partikularren gainetik legokeena. Baina ez da horrela.

Popularrek krisiaren ondorio politiko bortitzenak gainditu dituztela esan liteke CISek iragarritakoa egia izatekotan. Azken urteotan, Espainia mailan gobernuan aritu denak higatze prozesu ezin azkarragoa jasan izan du, beste inoiz ezagutu gabekoa. Datu makroekonomikoek txarrena atzean geratu dela dioten arren, langabezia bezalako funtsezko faktoreek luzaroan jarraituko dute hobetu ezinean eta gizartearen zati handi baten ezinegonak eta itobeharrak egungoan iraungo du ezinbestean. Ustelkeria kasu ugari eta larriek eta krisiaren txarrena kudeatu beharrak hondoratu ez eta gainera berriz garaile bada, Alderdi Popularrarena miragarria izango da, ez sinestekoa. Bere merituari zor zaion ala gizartearen maila zibikoaren neurria adierazten duen aztertzeak luze joko luke, baina bietako zerbait egon liteke horren atzean.

Zalantzarik ez dago PPk beldurra baliatu nahi izango duela udal hauteskundeetan lehenengo eta orokorretan ondoren irabazten saiatzeko. Podemos-en mamuaren aurrean, egonkortasunaren paradigmatzat aurkeztuko du bere burua eta, horrela, eskumako boto emaileak mobilizatzen saiatuko da. Syriza-ren gobernuak Grezian eman dezakeenak eragin zuzena izango du estrategia horretan, eta horregatik da Rajoy horiek hain estu hartzearen aldekoa. Tsipras-en porrotak popularren bide orria sendotzen du, eta alderantziz. Inoiz baino gehiago, Europako Batasunaren eremuko dinamika politikoek eragin zuzena izango dute Espainia mailako botere banaketan.

Ezkerrean dagoen zatiketa sakonak ere mesede egiten dio gaur egun gobernuan dagoen alderdiari. Podemos-ek PSOE gaindituko balu, sozialistek benetako drama bati egin beharko liokete aurre. Pedro Sánchez ez da behar bezala kokatu idazkaritza nagusian, eta bertan jarri zutenen zalantzen menpeko da. Sozialdemokraziak ez du asmatu kapitalismoaren inoizko krisi larrienetakoari erantzun koherentea ematen, herritarren sektore zabalekin bat egiten. Ez zaio benetako alternatibarik antzeman, eta noizean behineko aldarrikapenak ezerezean geratu dira praktikara jauzi egiteko orduan. Europa mailako testuingurua are larriagoa izan da sozialistentzat Espainian, Zapateroren azkenetan iparrorratz barik aritu zirelako, egunekoa malabareak eginez ahal bezala kudeatzen, eta ez ideologiaren araberako egitasmo sistematizatu bati jarraitzen. Guzti horrek, sozialisten boto emaile ezkertiarrenetako asko uxatu ditu, IU ingurura hasieran eta Podemos-en zakura gero.

Susana Díaz-ek Andaluziako hauteskundeak aurreratu izanak ondorio zuzenak izango ditu PSOE barruan. Garaipen garbia lortu eta gobernu formula bideragarriren bat osatuz gero, Madrilera begira jarriko da laster, batik bat maiatzean sozialisten porrota zehazten bada. Baina arrisku handiko apustua egin du, irabazteko larri samar badabil eta bere inguruan gehiengo parlamentario sendoa biltzeko gauza ez bada ezin izango diolako bere buruari goragoko helbururik jarri. Giro nahasia eta barne zatiketak areagotzeko arriskua, beraz.

Bitartean, Podemos ere hasi da politikaren gazi-gozoak dastatzen. Zenbait buruzagiren diru kontuen inguruan zabaldutako susmoek argitu ezinik diraute. Etikaren jagole ezin garbiago izan nahi edo horren itxura eman gurak hainbat kontraesan eragingo dizkie. Ustelkeriaren aurka gogor egin beharra dago, noski, baina borroka horri ia zentzu erlijiosoa eman diote, besteenganako bidegabea zenbait kasutan, dogmatismoz jantzitakoa behar baino gehiagotan. Beste guztiak ustelak direla ematen du, eta eurak ezin zuriagoak. Baina orbanen bat ikusi zaienean, politikan aski ezaguna eta zaharra den estrategiari ekin diote: lerroak estutzeari, hain zuzen. Jatorrizko norbere baloreak ahaztu gabe mundua zuri-beltzezkoa ez dela onartzea ariketa osasungarria da politikagintza demokratikoan.

CISen barometroa sukaldetik pasatakoa da, zalantzarik gabe. PPk interesa du Podemos eta bere arteko lehia gordintzeko: ni ala kaosa. Baina alde gutxi dago hiru alderdi nagusien artean eta, beraz, ia ezer ez dago argi. Bipartidismoa sasoi baterako amaitu dela, besterik ez. Etapa berria nola kudeatuko den, zein formula eta kidetasun politikoren arabera aurre egingo zaion jakitea falta da. Horrek erabakiko du, besteak beste, sozialisten etorkizuna. Eta, bitartean, IU, UPyD eta lekua aurkitu guran zebiltzan gainerakoak inpotentziak jota dabiltza, gaizki egindako askok zigortuta. 2015a mugarri izango da Espainian. Horretaz ez dago zalantzarik.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ezer ez da berdin

Ezer ez da berdin