Presoen dilema
Indarkeriaren etapa gainditzeko dauden oztopoen artean ETAko presoei dagokiena sentiberenetakoa da. Gai honetan ezker abertzalea agirika ari da beti, beste eragile politikoei urratsak egiteko behin eta berriro eskatuz, baina arazo hau ez da behingoz bideratuko berak askoz ausartago jokatzen ez duen bitartean.
joseba arruti
Lunes, 12 de enero 2015, 01:28
Presoen eskubideen aldeko urteroko manifestazioak hamarka mila lagun bildu zituen zapatuan Bilboko kaleetan. Ohi bezala, erantzun masiboa lortu zuen mobilizazioak, euskal gizartearen sektore zabal baten eskaeren adierazgarri. Erakunde armatuaren jardueraren amaieraren osteko agertokian, kartzeletan daudenena arazo handienetakoa da. Eta, beharbada, gai hau bideratzeko zailtasunek adierazten dute, besteak beste, ezker abertzaleak, bere osotasunean hartuta, ez duela ausardia nahikoa erakutsi prozesuari ondorio guztiekin heltzeko, ez duela jakin iraganaren irakurketa kritikoa egiten eta horri dagozkion ondorioak erabat barneratzen. Atzean utzitako basakeria edozein neurritan ontzat ematen jarraitzeak ez ditu konponbideak ahalbidetzen.
Oso gai delikatua da, muinekoa, konplexua eta aztergai anitzekoa. Kartzelan dauden askoren biktimei eta haien ingurukoei eragiten die, eraildakoak, zauritutakoak eta hainbat modutan kaltetutakoak utzi direlako bidean. Erraza da horiei etapa berri bat hasi dela eta besterik gabe aurrera begiratzeko eskatzea, baina samina soinean betiko daramanak askotan ez du gaitasun hori, eta ezin zaio esijitu. Beste alde batetik, sakabanaketak presoen ingurukoengan ere oso maila ezberdinetako laztasuna eragin du, aintzat hartu beharrekoa. Kontua ez da egoerak parekatzea, inondik inora, jazotakoa adieraztea baizik.
Presoei buruz hitz egiterakoan kontzeptu eta egoera asko nahasten dira, gehiegi, eta beti modu interesatuan. Geruza ezberdinak aletu eta horietako bakoitzari erantzun zehatzak bilatzeari ekin beharrean, interes politikoen arabera konbinatzen dira, esaten direnek maiz esaten ez diren asko ezkutatzeraino. Ez bakarrik mundu politikoan, baina batez ere horretan. Kazetaritzan ere badago abokatu edo epaile izatera jokatzen duenik, eta gehienetan aipatutako nahas-mahas horretan bere ekarpen antzua egiteko. Horregatik, argia eman nahian edo, eta oinarrizko irizpide juridikoak aintzat hartuta bada ere, hobe da irtenbideak bilatzeko asmoari umiltasunez heldu eta ikuspuntu politiko soiletik aritzea.
Delitu oso larriak egin dituztenetaz ari gara gehienetan eta beraz, hasteko, legea bete behar da. Hor dago abiapuntua. Inork ez luke egon behar horren gainetik. Baina legeak, Espainiakoak zein Europakoak, zigorrez gain, presoen eskubideak ere aintzat hartzen ditu. Legea ezin da hautsi hainbat lagun hil dituztenak berehala kalean jartzeko, baina ezta zigortuta dagoenari zigor hori areagotzeko ere.
Alde horretatik, sakabanaketarekin amaitu beharra dago, batik bat ETAk bere jarduera bertan behera utzi eta gero. Horren alde egiten zutenek lehenago baliatutako argudioek ez dute balio gaur egun, eta erabaki honi dagokionez ezin da egoera usteltzen utzi. Berehalako urratsak behar dira. Aznarrek berak ausartago jokatu zuen bere lehen agintaldian, 1998ko irailetik 1999ko azarora bitartean ETAk bere su-etenetako bati eutsi zionean. 135 preso hurbildu zituen Euskal Herrira, egoera gaur egungoa baino askoz gordinagoa eta zalantzaz betetakoagoa zenean. Ezin da ulertu ez onartu, beraz, oraingo jokamoldea, ez baitu, inondik inora, egoerak hobera egiteko laguntzen.
Bultzada politikoa izan duten epaiketak ere egin dira tarteka, jarduera terroristarekin loturarik gabekoak zigortzeko. Egunkaria auzia izan liteke argiena, baina badira beste batzuk ere. Kasu horietan premiazko urratsak egin behar ditu Estatuak, jada zoritxarrez atzera egiterik ez dagoen arren, eragindako kalteei aurre egiteko eta preso jarraitzen dutenen egoera behingoan bideratzeko.
Odol delitu larriak dituztenen kasuetan, ezker abertzaleak argi izan behar du korapiloa nolabait askatzen hasteko ardura nagusia berari dagokiola, zama hori ez baita beste inorena. Eta, aurrera egiteko, oinarri-oinarrian autokritika zintzo eta sakona egon behar da. Zenbait presok aspaldi egin zuten hori, Nanclares bidekoek esaterako, eta besteek ere badute aukera, nahi izanez gero. Beste inoren aurrean egin nahi ez izatekotan, sekulako samina eragin duten presook euskal gizartearen aitzinean egin beharko lukete barkamen eskaera hori. Euskal herritar gehien-gehienek hauteskunde guztietan erakutsi dute lepoa ematen ziotela ETAren jarduera armatuari, ez zutela indarkeriarik nahi, bide politikoak baliatzea baizik. Eta hala eta guztiz ere, ezker abertzaleak muzin egin dio luzaroan oinarrizko bake aldarri horri, euskal gizartearen gehiengo zabalari. Autogobernuaren ikur izan direnen aurka ere jo da itsu-itsuan, Ertzaintzaren edo EITBren aurka esaterako. Guzti hori ezin da besterik gabe atzean utzi, aurrera begiratzeko eskatuz. Autokritika ez dagoen artean, indarkeria baliatzeak eragin duen sarraskia onartzen ez den bitartean, bide okerretik doa prozesua. Euskal gizarteak berak behar ditu horrelako keinuak eta, horretan, ezker abertzaleak, ETAk eta presoen kolektiboak askoz gehiago eman dezakete.
Egungo egoerak argi islatzen du Franco hil ostean ezker abertzaleak bide militarraren menpeko jarduera politikoaren alde egindako apustuak porrot egin duela erabat. Ikuspuntu etikotik aukera doilorra izateaz gain, lorpen politikoei dagokienez antzua izan da. Samina besterik ez du eragin, mugarik gabekoa. Presoen inguruan negoziatzea ere ez dute lortu azkenean. Hori da sasoi bateko apustuaren balantze ezin tristeagoa. Aukera dute bestelako dinamika politikoak errotik abian jartzeko eta etorkizuneko protagonista nagusietako bat izateko. Baina ezin dute aurrekoa zintzilik utzi. Gaizki egindakoa argi aitortzea zor dute, eta gehiago horrelakorik errepikatuko ez den konpromisoa. Hori emateko ere prest ez egoteak prozesua deitutakoan behartuta sartu direla adieraziko luke, eta horretan maila instrumentalean baino ez dutela sinesten. Bide militarra herritarren borondatearen gainetik jartzea zilegizkotzat jotzen jarraitzen dutela. Eta hortik abiatuta nekez eraiki ahal izango da ezer.