Borrar
Urgente Un accidente en Ugao-Miraballes obliga a cortar la BI-625
Iñigo Antsorregi, azkoitiarra. andoni elduaien

«Zoritxarrez, momentu askotan, ikusten duzun irtenbide bakarra dena popatik hartzera bidaltzea da»

Iñigo antsorregi | gidoilaria eta idazlea ·

Antsorregik depresioa pairatu zuen, «gaitz kabroia da oso», onartzen du. Pairaturikoa liburu batean islatu du: 'Nire minaren etxean'

leire larrazabal

Larunbata, 10 abendua 2022, 09:27

Comenta

Idaztea eta umorea asko gustatzen zaizkio, eta bi gauza horiek ditu bai lanabes eta bai babes. Iñigo Antsorregi «friki» bezala ere definitzen da: oso komiki eta super-heroi zalea da. Irakurzalea ere bada, eta momentu hauetan, txandaka, Iñigo Segurolaren 'Ganorexia' eta Mikel Alvarezen 'Euskalia' irakurtzen ari da. Gidoilaria da, gaur egun, 'Biba Zuek' programan dabil gidoilari eta kolaboratzaile gisa. EITB podcasteko 'Korapiloa' elkarrizketa saioa gidatzen du. Durangoko Azoka aukeratu du bere azken proiektua aurkezteko. Izan ere, bi urtez depresioak jota egon zen eta pairaturiko guztia 'Nire minaren etxean' liburuan islatu du.

-Baina atzean istorio gogorra izan duzu. Zorionez, dagoeneko, gainditua.

Bai, depresioa pasa nuen bi urtez. Ondotxo diozun bezala, zorionez gainditua dut. Baina, zoritxarrez, itzala oso luzea du depresio txatxuak… Eta egun txarrak ere hor daude. Baina tira, ez nago kexatzeko. Nire buruaren kontrola dut gaur egun. Eta hori asko da.

-Eta liburu batean islatu duzu.

'Nire minaren etxean' liburuan, bai. Ez da erraza izan. Baina behin idazten hasi nintzenean, hustu egin nintzen. Maiatzean hasi eta bukatu nuen liburu hau. Ordura arte, ideia guztiak blokeatuta nituen. Ez nuen bakar bat ere zerbait idatzi ahal izateko. Umoretik idazteko gogoa ere banuen. Beraz, ideiak blokeatzen zizkidan gaia ideia bilakatu zen eta agur blokeoari! Eta umoreari dagokionez, garbi nuen nire buruari barre egiteko beharra nuela. Oso gaizki pasa nuen bi urteetan, bai. Baina une batzuk gogoratzean barrea ateratzen zitzaidan. 'Nola liteke?' pentsatzen nuen. Gai zailak umoretik landu daitezkeelako eman diot umorea liburu honi. Hala ere, gauzak diren bezala: umorea ere denborarekin etorri da, unean bertan barre egiteko gogo gutxi…

-Amildegian sentitu zinen?

Bai, oso limitean. Depresioa gaitz kabroia da oso. Egun ia guztietan triste zaude, eta ez dakizu zergatik. Jendearengandik isolatzera eramaten zaitu, aldi berean bakardade handia sentiaraziz. Bizitzeko gogo handiak dituzu… Baina hil egin nahi duzu. Kontraesan asko, gehiegi. Oso nekagarria izan zen dena. Eta, zoritxarrez, momentu askotan, ikusten duzun irtenbide bakarra dena popatik hartzera bidaltzea da.

-Nola lortu zenuen irtetzea?

Terapiari eta gertukoei esker. Depresioan zaudenean garbi eduki behar da: ez zaude bakarrik, baina bakarrik egin behar duzu bidea. Psikologoak, psikiatrak, familiakoek, lagunek… Babesa emango dizute, noski. Baina zure esku dago hortik irtetea. Zure burua zaintzea eta egunerokotasunari gogor heltzea dira gakorik garrantzitsuenak. Hori egiteko erremintak psikologoak eman zizkidan. Eguneroko bat idazteko aholkua eman zidan, eta horrek 'hemen eta orain' kokatu zuen nire burua. Depresioan zaudenean, askotan, iraganak eta etorkizunak gehiegi kezkatzen zaituzte, eta nahigabeak sortu. Egunean egunekoa egin eta bizitzen ikasi nuen. Hori izan zen, batik bat, zulo hartatik irteten lagundu zidana.

-Familia eta lagunak erabakiorrak izan ziren?

Inongo zalantzarik gabe, eta lerro hauek aprobetxatu nahi ditut eskerrak eman eta asko maite ditudala esateko. Baita bazkari bat zor diedala esateko ere (kar kar).

-Eta zeure egoera berdintsuan zeudenak?

Beste jende baten testigantzak irakurri eta entzuteak ere sekulako mesedea egin zidan. Ulertuta sentitzen nintzen. Eta horrek bakardade sentimendua uxatzen zuen. Hobeto jarri nintzenean, eta nik ere nire testigantza emateko aukera ikusi nuenean, aurrera egin nuen. Norbaitek nirekin lortu zuena nik norbaitekin lortu ahalko banu… Nahikoa izango litzateke. Inork ez luke bakarrik sentitu behar. Are eta gutxiago gaixorik dagoenean edo gaizki pasatzen ari denean.

-Suizidioak aurpegi asko ohi ditu, baina zure kasuan buruko gaixotasun baten ondorioa izan zen.

Bai, eta askotan kontzeptu batzuk nahastu egiten dira, ezta? Ez da berdina suizidio saiakera bat egitea eta ideia suizidak izatea. Nire kasua bigarrena da, eta hori gaixotasun batek eragiten zidan. Badaude suizidio kasu batzuk ere non dena galdu ostean (etxea, dirua…) bizitzari amaiera ematea erabaki dutenak. Edo gaixotasun kroniko baten diagnostikoa jaso ostean eutanasia eskatu dutenak. Aurpegi eta ertz asko… Buru osasunari dagokionez, ba tira… Esandakoa: niri gaixotasun batek eraman ninduen horra.

-Agur bideo bat ere grabatuta zeneukan...

Bai… Begira, liburua horrekin hasten da. Espainolez esaten den bezala: 'al grano'. Baina tira, bideoaren kasua aipatzeko beharra sentitzen nuen baita ere, depresioak zein punturaino eraman ninduen erakusteko.

-Baina, orain, erabat gainditua eta, ziurrenik, pilo bat proiektugaz buruan.

Lan askorekin nabil, bai! Telebista, podcasta… Momentuz ez naiz ezer berririk idaztera jarri etxean, nire denbora librean… Baina aizu, pista handirik eman gabe: komiki bat gustura idatziko nuke. Bada garaia nire barruko umea eta frikia elkarrekin dantzan jartzeko!

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Zoritxarrez, momentu askotan, ikusten duzun irtenbide bakarra dena popatik hartzera bidaltzea da»

«Zoritxarrez, momentu askotan, ikusten duzun irtenbide bakarra dena popatik hartzera bidaltzea da»