Zarata faltan botatzen dute snooker jokoetan
Harmailatik ·
Lehiatzera itzuli diren lehen kirolariak billarreko jokalariak izan dira, harmailak utzik, nola ez, eta operan bezain isilik egoten diren zaletuen soinurik gabeZaletuen gabeko futbola, ez dela kirola esaten dute. Tristeegia omen da. Ja. Zaletuen gabeko snookera bai goibel sentitzen direla. Lehiatzera itzuli diren lehenak billarreko jokalariak izan dira eta benetan faltan botatzen dute zaletuen arnasa. Arnasa eta noizbehinka ematen den txalo zaparrada ordenatua. Hau gentlemen arteko partida da eta formak gorde behar dira. Txisturik edo katarik ez da izaten. Snooker mahaia ez da sagardotegi batekoa, nahiz eta biak ia bezain luzeak izan.
Snookerraren buelta beste edozein kirolaren buelta bezalakoa da. Arrazoi bera, telebista, eta joko berdina, nahiz eta harmailetan inork ez izan. Eta ez pentsa bost edo sei gizaki arraro joaten zirela billarreko liga ikustera. Milaka pertsona batzen ziren O'Sullivan, Trump eta besteak ikusteko. Bai, onartzen dut, berrogeialdian snookerra ikusten ibili naiz. Bai eta zaletu ere. Egiten dutena badu emozioa, zertan ari diren ulertzen den momentutik, behintzat.
Eta dena beste edozein kiroletan baino barregarriagoa da. Seguruenik jokalariek badakitelako egiten duten horrek ez duela mundua aldatuko, denbora pasa bat besterik ez dela eta lantegira joatetik aldendu duela bola bati makil batekin kolpeka ibiltzearen 'tontakeria' hau. Futbolariek ere ulertuko balute... Ezinbestekoak ez zarete. Ezinbestekoak gehienok ez garen bezala.
Horregatik da O'Sullivan idolo berdingaitza. 'The rocket' (ezizenekoa mundiala da snookerrean) brometan ibili zen oraingoz jokatutako lehiaketa bakarrean, etxetik janaria tupperetan eramaten zuela. Txapelketa burutzeko, jokalariak hotel batean sartu zituzten. Eta Ronniek, jenioa, seguruago sentitzen zela jatekoa ere kontrolpean izanda, eta ea aurretik jakin zezakeen zein egunetan egon behar zen hotelean askotariko menua prestatzeko eta abar.
«Elikadura egoera ez dela zuzena eta nire gauzak prestatuta ekartzen uzten ez didatela sentitzen badut, argi izango dut nire osasuna dela garrantzitsuena. Orduan, hara iristen naizenean, seguru sentitzea espero dut, eta egiten ez badut eta pozik ez banago, joan naiteke. Ez naiz fidatzen egun hauetan hotelean nire janaria prestatzen duten pertsonez. Ondo egongo dela esan didate, baina ez dago jakiterik», esan zuen O'Sullivanek Champion League hasi aurretik.
Azkenean, txapelketa arazorik gabe jokatu zen. Telebistan ikusi zen mundu osoan eta Luca Brecel Belgikarrak irabazi zuen lehia. Ea futbolak zerbait ikasten duen.