New Yorkeko 'Lady Liberty' berria
Harmailatik ·
Sabrina Ionescu WNBAren draft birtualean lehenengo hautatua izan da eta emakumeen saskibaloiaren iraultzailea izatea espero dute askok'Liberty Enlightening the World' da bere benetako izena. Horrela deitzen da Frantziak Estatu Batuei oparitu zion dama ikusgarria. New Yorkeko badiaren zaintzailea da 'Lady Liberty', eskuan duen zuziarekin mundua argitzen duela. Ostiraletik, emakumeen saskibaloiko liga garrantzitsuenak ere bere 'Lady Liberty' partikularra du. Sabrina Ionescu estatua bat baino, izarra da. Unibertsitatean 2.000 puntu, 1.000 errebote eta 1.000 asistentzia lortu duen lehenengo jokalaria da. Bakarra, alegia. Inoiz NCAAn triple doble gehien lortu duen kirolaria, mutilen markak ere hautsi dituena.
Orain, New York Liberty ligako talde txarrenetarikoa iraultzeko erronka du 22 urteko jokalariak. Arazorik ez. Beti izan du ahots propioa, eta, orain, sekulako plataforma eman diote. Izan ere, Sabrina saskibaloitik kanpo ikurra da ere, eta berarentzako hain garrantzitsuak diren beste gai batzuk defendatu nahi ditu publikoki, feminismoarekin harremana dutenak, gehienbat.
Dena den, Sabrinaren bizitza ez da arrosa kolorekoa izan. Balio dezala topikoak margotzeko nola txikitatik matxismoari aurre egin dion. Errumaniako iraultzaren indarkeriatik ihes egiten bere aitak emigratu AEBetara zuen 1989an. Amak eta anai nagusiak hilabete gutxi eta gero jarraitu behar zioten baina 1995era arte ez zuten lortu. Urte horretan jaio zen Sabrina, Kalifornian.
Estatu Batuetan haurtzaro normala izan zuen, beste batzuek hala ez izatea erabaki zuten arte. Beste umeekin jolasten zen, bere bikiaren lagunekin, mutilak denak. Eta saskibaloia gustatzen zitzaionez eta saskia eta pilota bat zutenez, patuak egin zuen gainerakoa. Neska gazteak saskiratzeko erraztasuna zuen, sortzetiko gauza bakarra, hainbat elkarrizketatan aitortu duenez. Eta jokoaz berea baino neurri eta tamaina handiagoko jokalariekin gozatzen zuela adierazi du ere behin baino gehiagotan.
«Txikia ikusten nindutenez, ez zidaten pilota pasatzen eta nire kabuz lortzeko modua bilatu behar izan nuen. Errebotatzen ikasi nuen. Gero, taldean izateko ahalik eta hoberen pasatzen ahalegindu nintzen». Kafre batek mutilekin ezin zuela gehiago jolastu erabaki zuen. Eskolan zen oraindik.
Ionescuren erantzuna, NCAA ikusi duen emakumezko jokalaririk onenetarikoa bihurtzea, matxismoaren aurkako ahots sendoaerrotuz. Argi dago Ionescuk bere talentu handiena eskuetan ez duela. Ondo landutako burmuina da neskato hau erakusten duena. Orain, New Yorkeko zuzia hartuta, ostiraleko draft birtualean lehenengo hautatua izan eta gero, WNBak aldi berri batean sartuko da.