New York Knicksek Vidozaren kontratua eten dute
Harmailatik ·
Antolatzaile argentinarra lesionatuta dagoenez, taldeak bien arteko erlazioa bertan behera uztea erabaki du'Concrete jungle where dreams are made of'. Horrela deskirbatzen du Alicia Keysek New York bere kanta ospetsuan. «Ez dago hiri horretan egin ezin daitekeen ezer», jarraitzen du Brooklyneko abeslariaren letra. Luca Vildozaren kasuan, ordea, ez da New Yorkeko ametsik egongo. Azken finean inoiz lo egiten ez duen hiri batean, nola egiten daiteke amets?
Errealitateak gogor jo du joko-antolatzaile argentinarra. Joan den denboraldiaren amaieran alde egin zuen Gasteiztik, Sagar Handiko sirena-kantuek tentatuta. Orain talderik gabe geratzen da eta ez du Tom Thibodeaurenarekin debutatu ere egin. Knicks taldeko zuzendariei asko gustatzen zaie Vildozaren jokatzeko era. Entrenatzailea, aldiz, ez du inoiz konbentzitu. Eta Thibodeau NBAko prestatzaile errespetatuenetakoa da.
Beraz, lesio batek argi utzi duenean Mar de Platako jokalariak ezin izango duela denboraldi-aurre osoan jokatu, epaia azkarra izan da. Jokalaria eta kluba beste hiru denboraldirako lotzen zituen akordioa -hamar milioirengatik- hautsi egin da. Hori bai, Vildoza libre da nahi duen taldearekin fitxatzeko. Klubak iaz lortu zuen dirua kontuan hartuta Buesara itzultzen bada, monumentu bat jarri beharko zaio Zurbanon. Ezinezkoa, izan ere, ez da. Zaila? Oso zaila, bai.
Vildozaren kasua beste hainbatetan ikusi dugun gauza bera da. Amerikako ligako kontratuak ez daude beti bermatuta. Frankiziek hasieran diru mordoa jartzen dute mahai gainean. Izan ere, argentinarrak bere etete klausula ordaindu behar zuen Baskonian. Eta nahikoa izan zuen soberan aurreko denboraldiko azken partidengatik ordaintzen ziotenarekin. Baina inbertsio hori gorabehera, Luca ez zen inoiz debutatzera iritsi, Knickstarrak play off-etik laster kanporatu zituztelako.
Orkatilan duen lesioak ez dio uzten inork eztabaidatzen ez duen maila ematen. Denboraldiaren bigarren zatian ezin izan zuen distirarik lortu Gasteizen (tratamendu kontserbatzaile madarikatuak). Tokioko Jokoetan ere ez zuen distirarik izan (oso grisa, selekzio txuri-urdin guztia bezala). Eta ezin izan du Knicksen postua eskuratu Knoxekin lehian. Bi gazteak postu bakarragatik lehiatu dira udako ligetan, eta badirudi azkenean hegoak ere moztuko dizkiotela Knoxi.
Argi dago, dena den, Madison Square Gardenekoekin ez zuela lekurik izango. Egia da Vildozak gaur bertan egingo duela ebakuntza eskuin orkatilan, eta hori nahikoa dela kontratua deuseztatzeko. Baina egia da, era berean, Knicksek kanpoko lerro izugarria lortu dutela udako fitxaketen ondoren. Kemba Walker, tokiko idoloa, eta Evan Fournier sinatuak. Gainera, taldean jarraitzen dute Derrick Rose, Inmanuel Quickley eta Alec Burksek. Randlek iazko errendimenduari eusten badio, Manhattanekoak talde ikusgarria izango dira aurten.