https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Tolosako babarruna, euskal elikagai eredu paregabea

Tolosako babarruna, euskal elikagai eredu paregabea
Fotolia

XIX. eta XX. mendeetan Gipuzkoako baserrien oinarrizko egoskaria izatera heldu zen

UNAI SARRIUGARTE

Babarrunaren kontsumoak Euskal Herrian garrantzi handia izan du. Izan ere, elikaduran beharrezko diren landare jatorriko-proteinak ematen dizkigute indabek. Baserri giroan egunero jan egiten ziren, igandeetan izan ezik, horietan, garbantzuak eta bakailaoa jaten omen ziren.

Bestalde, ez dago Tolosako babarrunaren jatorri argirik. Zenbait adituk diotenez Ameriketatik ekarri omen zituzten XVI. mendean, kolonizazioaren ondoren. Edonola ere, badira hipotesiak Iberiar penintsulan lehendik ere ezagutzen zituztela esaten dutenak.

Euskal nekazariak indabaren kontsumoan protagonistak izan ziren. Baserrien oinarrizko egoskaria izatera iritsi zen, hori heldu aurretik erabiltzen ziren babak eta gaztainak alde batera utziz.

Labore horrek ez zuen garrantzi handiegirik izan euskal lurraldean XVIII. mendearen amaierara eta XIX. hasierara arte. Nekazaritzaren pizkundearekin batera hamarraldi luzeetan garrantzizko lekua hartu izan zuen babarrunak.

XX. mendearen erdialdean nabarmen hedatu eta sustatu zen. Gipuzkoako baserri nahiz etxe gehienetan nahitaezko elikagaia izatera heldu zen. 1914. urtean, garai hartan jasotako estatistika-datuek ziotenez Gipuzkoan izandako babarrun ekoizpena 4 milioi kg. ingurukoa izaten omen zen. Egun, berriz, kopuru haren hamarren bat ekoitzi egiten da.

XX. mendearen amaieran ekoizpenak eta kontsumoak beherakada nabarmena bizi izan zuen Gipuzkoan. Arrazoi hauek eman zuten gehienbat indabaren jaitsiera: elikaduran ohiturak aldatzea, maila ekonomiko hobea lortzea, nekazaritzan esku-lanak behera egitea eta industriak izandako garapena besteak beste.

Tolosako babarrunak lotura handia izan du historian Tolosako udalerriarekin. Duen kokapen geografiko ezin hobeagoagatik izan du garrantzia Tolosako azokak. Tolosan elkartzen ziren Nafarroatik, Aragoitik eta Gaztelatik etorritakoak, nahitaez igaro behar baitzutzen Tolosatik Frantziara joateko.

Gipuzkoan ekoiztutako babarrun kopurutik, autokontsumorako behar zena kendu ondoren geratutakoa Tolosako azokan merkaturatzen zen, eta, garrantzi handikoa izaten zen hortik estatuko gainerako herrietara egiten zen esportazioa.

Tolosakoa Euskal Autonomia Erkidegoko alde atlantikoan ekoizten da, 'Tolosako' barietatea (Aiena) Mintegietako Hazien eta Landareen Institutu Nazionalean erregistratua dago. Oboide itxurako alea izan ohi da , eta kolorea, berriz, more ilunetik ia beltzera bitartekoa.

Ingurumena errespetatzen duen ekoizpena izateagatik eta produktuak aurkezten duen kalitate ezaugarriengatik Tolosako babarrunak merezimendu guztiak egin ditu Euskadin kalitatearen bermatzaile nagusia den Eusko Labelaren kalitate ezaugarria lortzeko.