https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Sukarrietako eta Portuondoko kanpineko hondakin urak ez dira jada Mundakako Itsasadarrera isuriko

Sukarrietako eta Portuondoko kanpineko hondakin urak ez dira jada Mundakako Itsasadarrera isuriko
URA

URA Uraren Euskal Agentziak jakinarazi duenez, Mundakako itsasadarreko uren kalitatean «isla zuzena» izango du egoera berriak, bai eta, Toña, San Antonio eta Mundakako hondartzetan ere

EL CORREO

Sukarrietako eta Portuondo kanpineko 2.000 biztanle baliokideren hondakin urak ez dira jada Mundakako Itsasadarrera isuriko, Sukarrietako ponpatze estazioa aurreko ostegunean hasi baitzen hondakin ur horiek Bermeoko Lamiarango araztegira helarazten. Gainera, Busturiako 2.000 biztanle baliokideren hondakin urak ere ponpatuko ditu araztegiak aste honetan. Mundakako itsasadarreko uren kalitatean «isla zuzena» izango du egoera berriak, bai eta, Toña, San Antonio eta Mundakako hondartzetan ere, URA Uraren Euskal Agentziak jakinarazi duenez.

Azpiegiturak 12,4 milioi euroko aurrekontua izan du. Sukarrietako Marismarako bideko parkearen azpian dago kokatuta, eta itsasadarreko ezkerraldeko hondakin uren zati handi bat Lamiarango araztegira ponpatzea ahalbidetuko du orain, «uren egoera nabarmen hobetuz», adierazi dute agentziatik.

Hortaz aparte, azpimarratu dute «lanok ageriko zailtasun teknikoak» izan dituela: leku gutxi izanda, parkearen azpian eraiki behar izan da, Mundakako Itsasadarraren ertzetik gertu, eta uraren mailaren azpitik. Aurrena, ponpatze estazioa eraikitzeko 40x40 metroko zuloa egin da lurpean, eta 800 eta 1.300 mm arteko diametroko eta 10,15 metrotik 27,5 metrorainoko 300 habe baino gehiagok osatzen dute estazioaren perimetroa. Horiekin guztiekin, 5,1 metro altuerako konpartimentu iragazgaitza eraiki da lurpean.

Gero, ponpatze estazioa estaltzeko hormigoizko arlauza eraiki da, eta horren gainean, Marisma parkea berreskuratu da aisialdirako. 5.000 metro kubiko porlan eta 1.000 tona altzairu behar izan dituzte lanok.

Urdaibaiko saneamendua

URAk adierazi du Sukarrieta eta Lamiarango hondakin uren araztegiaren arteko tarteko lanak direla Urdaibaiko saneamenduaren fase garrantzitsuenetakoa. Dena dela, bere ekarpena harago da: 2020an, URAk egun Gernika eta Busturia artean eraikitzen duen kolektorea bukatutakoan, Gernikako (25.000 biztanle baliokide) eta itsasadarreko eskuinaldeko zonalde bateko hondakin urak Lamiaranera bideratzea ahalbidetuko du. Inbertsioa 15 milioi eurokoa da.

Ondoren, Muxika-Gernika kolektore-tartea eraikitakoan, Muxika eta Ajangizko hondakin urak (8.000 biztanle baliokideenak) bultzatuko ditu, beste 10 milioi euroko inbertsioarekin.

Orobat, irekitako zangak baliatuz, 6,5 kilometroko luzera duen hodia eraikitzen ari da Busturia eta Gernika artean, edateko ura hornitzeko (padura zonalde bat zeharkatzen du eta egoera txarrean dagoen hodia ordezkatuko du).