Sekula antzeman izan den antxoa biomasa handiena aurkitu dute Bizkaiko Golkoan
Gaur egun 330.000 tona antxoa inguru daude euskal kostaldean
UNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 30 ekaina 2020, 21:36
Sekula antzeman izan den antxoa biomasa handiena aurkitu dute Bizkaiko Golkoan. Dena den, arrantzale euskaldunek pasa den urtean harrapatutako antxoaren erdia arrantzatu dute, eta, aurten kiloaren prezioa iaz baino oraindik ere merkeagoa izan da.
Gaur egun 330.000 tona antxoa inguru daude euskal kostaldean eta inoiz baino txikiagoak dira. Hamar urteren buruan 2,5- 3,3 gramo artean txikiagotu da antxoa unitatearen pisua. Jakina denez, unitateen tamainak eragin nabarmena du honen prezioan. Baina, antxoek arrantzaleen etekinetan garrantzi handia izaten jarraitzen dute, euren diru sarreren %30-40, hain zuzen ere. Aurten 4.600 tona soilik harrapatu dituzte, 2019. urtean baino, 3.900 tona gutxiago, alegia.
Duela 33 urte hasi zen Azti zentro teknologikoa Bioman ikerketaren bitartez, Bizkaiko Golkoko antxoaren egoera aztertzen. Espeziaren iraunkortasuna ahalbidetzeko gutxieneko zifra 21.000 tonatan dago. Prezioak iaztik aurtengo urtera 24 zentimo egin du behera. Izan ere, aurten 1,38 eurotan ordaindu dute kiloa, eta, iaz, aldiz, 1,62 eurotan.
Euskal arrantzaleek tona gutxiago arrantzatu izanak zenbait faktore ditu atzetik. Izan ere, koronabirusaren itxialdiak eragindako ezohiko egoeraren harira, hilabete gutxiago iraun du antxoaren kanpainak. Era berean, merkatuan aurkezten zuen prezio baxuaren ondorioz, arrantzale askok hegaluzea harrapatzearen alde egin dute.
Azti enpresak urtero antxoa helduen kopurua zenbatekoa den ezagutzera emateko jorratzen du Bioman azterketa. Ikerketa Eusko Jaurlaritzarengatik eta Europako Batzordearengatik finantzatuta dago. Gaur egun Aztiren ikerketa da antxoaren zenbatekoa neurtzen duen bakarra.