Borrar
Appaloosa Quartet taldeak ere parte hartuko du aurtengo Eleizetan jaialdi originalean E. C.

Sei ikuskizun berezi, sei agertoki bitxirentzat

Hilabete osoan barrena, Amorebieta-Etxanoko eliza ezberdinek hainbat zuzeneko emango dituzte, larunbat honetan hasita

Ostirala, 8 iraila 2023

Comenta

Luxuzko doinuak, barru-barruko gozamenerako. Hori da hain zuzen Eleizetan programak hilabete honetan eskainiko diguna. Izan ere, bueltan dago jada Amorebietan ematen den nazioarteko ganbara-jaialdi originalenaren edizio berria, urtero-urtero publiko kopuru handi bat bertan batzen duena. Ohikoa denez, estilo ezberdinetako zuzenekoak eskainiko dira bertan, hala nola, antzinako musika, herri musika, berpizkundekoa, jazza, barrokoa edota folka faltako ez direlarik. Beraz, musikaren maitalea bazara, ez ezazu birritan pentsatu eta anima zaitez bertara hurbiltzera.

«2002tik etengabe ospatu da Eleizetan gure herriko ermita eta elizetan. Formatu honi esker, zornotzarrok kalitate handiko zuzeneko kontzertuez gozatu ahal izaten dugu iraileko asteburuetan. Gainera, kontzertu-ziklo honen baitan, gure udalerriko hainbat ermita eta eliza bisitatzen ditugu, monumentu-ondareak guztiak: hala nola, Dudeako San Migel eta Boroko San Pedro ermitak, edo Bernagoitiako San Migel, Etxanoko Andra Mari edo Amorebieta-Etxanoko Andra Mari elizak», adierazi du bertako alkatea den Ainhoa Salterainek.

Eleizetan programaren lehenengo hitzordua larunbat honetan, irailaren 9an, izango da, Etxano auzoko Andra Mari elizan, arratsaldeko zorzietan. Bertan, zarzuela errezitala izango da, soprano, tenore eta pianoarekin. Antolakuntzatik adierazi dutenez, zarzuelaren historiako piezarik «ezagunenetako batzuk» entzun ahal izango dituzte bertara hurbiltzen direnek, besteak beste, erromantza, bikote eta piano hutsezko piezetan. Lehenengo zatian, Pablo Sorozabal eta Jesus Guridi bezalako bi euskal autorek protagonismo berezia izango dute; bigarrenean, berriz, eklektikoagoa izango dena, madrildar kastizotik, andaluziar pasodobleraino eta kataluniako Zarzuelatik igaroko dira.

Ondorengo saioa hurrengo egunean izango da, igandean, alegia, arratsaldeko 19.00etatik aurrera. Oraingoan, Eleizetan programa Bernagoitiko San Migel elizara mugituko da Karibeko doinuekin dantzazeko asmoz. Ana Carla Maza biolontxelo-jotzaile eta abeslari kubatarrak Latinoamerikara alegiazko bidaia bat egitera gonbidatuko gaitu, bere haurtzaroko musika tradizionala eta konposizioak berreskuratzen dituen aldi berean. Antolakuntzaren esanetan, bere ikuskizunean «erritmo latinoak, pop melodiak, jazz harmoniak eta teknika klasikoak elkartzen dira heldutasun leherkorreko mundu bat sortzeko, ahots gozoko perkusio pizzicat batek eta arku aireztatu batek moldatua».

Ana Carla Maza Sierra biolontxelo-jotzailea La Habanan, Kuban, jaio zen, musikari familia batean. Aita Carlos Maza piano-jotzaile txiletarra da eta ama Mirza Sierra gitarrista kubatarra. Parisera joan zen kontserbatorioan ikastera, eta gaur egun Bartzelonan bizi da. Handik bere musika modu profesionalean lantzen du eta Europa osoan aritzea lortu du «denbora errekorrean».

'Eleizetan' jaialdiaren kartela.

Irakurketa musikatua

Eleizetan programaren hirugarren saioa Boroako San Pedro baselizan izango da, 20.00etatik aurrera, hurrengo asteko larunbatean (16an). Eta adi datorrenarekin, Appaloosa Quartet taldeak (Unai Celayak, Juan Gomollónek, Ane Aguirrek eta Agate Amilibiak osatzen dutenak) sentimenduak azal gainean jarriko baitizkio entzulegoari bere melodia sentikorrekin.

Bestalde, 'Herejeen alaba' izeneko irakurketa musikatua izango da irailaren 17an emango den hitzorduan (19.00etan). Fraile bat Orreagatik Durangorantz abiatzen denaren istorioa kontatzen da bertan. Hara helduta, biharamunean hamabi hereje erreko dituztela jakingo du, haien artean haur bat, herejeen alaba. Hori izango da, hain zuzen, Kristalezko bihotza narrazioaren abiapuntua. Joseba Sarrionandiak «literatura arturiko eta mediebalean murgilduta» bizi izan zuen kartzelako «denbora hutsean» izkiriatutako narrazio hura iturri historikoetan gordetako errealitatea fikzioarekin uztartzen duten horietakoa da, antolakuntzaren esanetan. Horrela, Erdi Aroko musikak eta gure doinu herrikoiak laguntza ezin hobea izango dira XV. mendeko Bizkaiko lurretara bidaiatzeko, heresien garaian murgiltzeko eta sutzarretan amaitu zutenak oroitzeko. Zuzeneko hori Dudeako San Miguel elizan izango da.

Programazioarekin aurrera eginez, irailaren 23ra egingo dugu salto, larunbatera. Bertan, Nerea Quincocesek -perkusiolari, abeslari eta musikagilea denak- zuzendutako 'Kuttune' ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Euskal folklorean oinarritutako eta alboko kulturekin zein munduko musikekin fusionatutako konposizioak dakartza bere errepertorioan. Taldearen musikak antzinako eta oraingo soinuak uztartzea dauka helburu nagusitzat, tinbrea eta testura berriak etengabe bilatuz. Ikuskizunaren musika guztia 'Hauxe da!' izeneko euren lehen diskoan dago entzungai.

Eta aurtengo Eleizetan programaren edizioarekin amaitzeko, Garitandoko San Isidro baselizara egingo dugu salto, irailaren 24an (19.00etan) Musikeneko Cuarteto Lauso laukotearen zuzenekoarekin. Galizia, Andaluzia, Nafarroa eta Kataluniakoak dira jatorriz, eta, besteak beste, magiarekiko grinak eta ganbera-musikaren misterioak lotzen ditu elkar.

Urtero moduan, ermita eta elizetara joan-etorria egiteko doako autobus zerbitzua egongo da Amorebietako Gudari kaleko geltokitik, kontzertu egunetan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Sei ikuskizun berezi, sei agertoki bitxirentzat

Sei ikuskizun berezi, sei agertoki bitxirentzat