https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Sarerik gabe

Gorteetan ezin ahulago ekin beharko dionez, Pedro Sánchez-ek Gobernu indartsua osatu nahi izan du, lehen mailako eragin mediatikoak eta zenbait erabaki estrategikok legealdiaren azken aldera arte eusten lagunduko diotelakoan. Oso zail izango du, baina

Pedro Sánchez eta ministroak./EFE
Pedro Sánchez eta ministroak. / EFE
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Tantakadaka eman dira ezagutzera ministro berrien izenak, izendapenen efektua biderkatzeko asmoz. Eta hala jazo da. Aukeratu dituen gehienak euren arloan prestakuntza eta ibilbide oparokoak direlako, eta hamazazpietatik hamaika emakumeak direnez gero. Gobernu sendoa bildu du Sánchez-ek, ez bereziki ezker kutsukoa, ez zentsura mozioan bidaide izan zituenei keinuak egitekoa. Hamaikatxo kalkulu egingo zituen buruzagi sozialistak datozen hilabeteotako estrategiari begira, bizirautetik harago bere egoera politikoa nolabaiteko zentralitatetik eta eduki sozialeko erabakietatik sendotzeko. Azken hauei dagokienez ez zaio aukerarik faltako, PPk 2011tik hona artazia zenbatetan baliatu duen kontuan hartuta. Ez du ematen bide-orri horretan aliatu finkorik bilatuta bere burua mugatuko duenik, zentro-ezkerreko esparru propioa lantze aldera. Zapaterok 2004an, eta batez ere 2008an, jasotakoa berregiten saia daiteke presidente berria, 2011n krisi ekonomiko ezin latzagoak txikitutako sinesgarritasuna berreskuratzen.

Exekutiboari dagokion protagonismoa oso lagungarri izango zaio horretarako, aspalditxo galdutako erreferentzialtasuna agenda politiko berri baten eskutik bere alde lekualdatzeko. Hala, litekeena da eskubide zibilekin zerikusia duten arloetan bereziki saiatzea, pentsiodunei keinu berriak egitea —beharbada pentsioen urteroko igoera berriz Kontsumo Prezioen Indizearen igoerarekin lotuta— eta elkarrizketa goiburu hartuta halako bestelako talante bat lantzea. Azken honen eraginkortasuna Kataluniari begirakoetan erabakiko da batik bat, azken urteotako liskarren ondoren.

PPk dagoeneko agindu du oposizio gordina egingo duela. Hala gertatzen da beti, dena den. Nahiz eta boterea galtzeko izan duten moduak bereziki mindu dituen eta horrek datorrena baldintzatuko duen, iraganeko esperientzietatik ikasi behar lukete popularrek. 2004an, martxoaren 11ko atentatu basatien ostean Zapaterok hauteskunde orokorrak ezustean irabazi zituenean, modu suntsitzailean ekin zioten. Horren ondorioz, ezkerreko hainbat sektore trinkotzea eta horietako askok lau urte beranduago euren bozak PSOEren inguruan biltzea baino ez zuten lortu. Rajoyk ez zuen batere asmatu PPko buru gisa bere hasierako haietan, orduko gobernu sozialista ETArekin lotu nahi izanda, Kataluniarekiko jarrera ezin arduragabeagoak erakutsita edo-ta eskumako sektore gogorrenekin lerrokatuta.

Uztaileko bere ezohiko biltzarrean buruzagi berria aukeratuko dute popularrek, eta Galiziako presidente Alberto Núñez Feijóo da aukera gehien dituena. Rajoy-ren jatorri eta estilo berekoa da eta, ustez, horren ildoa jarraituko luke. Aldiz, Cospedal sektore kontserbadorearenaren ordezkari da, eta Sáenz de Santamaría-ri alderdi barruko botere organikoa falta zaio. Horiek dira bion gabezia nagusiak. Feijóo-ren aukeraketak gorabeherarik gabeko trantsizioa lekarke, ustelkeria kasuetatik urrundu eta aurreko presidentearen aroko ezaugarri nagusiei hark izandako zamarik gabe eustekoa. Hala, PSOEren gobernuari oposizio gogorra bai baina muturrekoa ez egitea eta, aldi berean, Ciudadanos lekuz kanpo uzten saiatzea izango dira bere bi erronka nagusietakoak hurrengo hauteskunde orokorretan berriz irabazteko eta boterea berreskuratzeko aukerarik izan nahi badu.

Aldi horretan, Sánchez-ek bere proiektuaren nondik norako nagusiak garatu ahal izango ditu. Kataluniako auzia bideratzen hasita, sakonekoaz hitz eginez eta zama judiziala bere esku dagoenetan arinduz. Konstituzioaren erreformak, baina, askoz adostasun handiagoa eskatzen du eta zabaldu berri den epe politiko honetan izango den giroak ez du aproposena ematen lurralde egiturari nazio izaerako erkidegoen hainbat eskaera atxikitzeko. PP eta Ciudadanos lehia bizian ariko dira espainiar nazionalistagoa nor den adierazi guran, eta jokaleku horretan nekez gauzatuko dira tamaina horretako sakoneko aldaketak.

Euskadik aldebikotasuna galdegin dio Sánchez presidenteari, lehendakariaren ahotik. Buruzagi sozialistak Urkullu eta EAJ izan behar lituzke solaskide garrantzitsuenetakoak, badutelako zein ekarpen egin lurralde egitura osagai berriekin egonkortzeari begira. Estatutu berria lantzekoetan akordio zabalak nahitaezko dira, duela lau hamarkadakoen parekoak gutxienez, eta horrek zubigintza lan itzela eskatuko du, Kataluniarako ere zenbaitetan probetxugarri izan litekeena. Honakoan, Sánchez-en eta Alderdi Sozialistaren esku dago elkarlanerako eskaintza baliatzea eta hurrengo belaunaldiei begirako adostasun eguneratuak ahalbidetzea. Nazio izaerako erkidegoei begirakoa da Estatuak gaur egun duen arazo nagusietakoa, eta elkarrizketaren bidea emankorra dela frogatzetik lortuko dute berba egiteko prest dauden guztiek Ciudadanos bezalako fenomenoak neutralizatu eta konpromiso historikoetarako bideak jorratzea.

Zapaterok Kongresuan hainbestetan baliatutako geometria aldakorra arriskuz betetakoa da, ildo jakinik islatu ez eta momentuan momentuko babesa ematen dutenak asebetetzen ez dituen neurrian. Baina Sánchez-en gobernuak horretarako propio osatutakoa ematen du. Zenbait arlotan bereziki eragitekoa —sozialdemokraziaren berezko ezaugarri diren horietan— baina zentralitatea irabazten saiatzekoa, hurrengo hauteskundeak heltzen direnerako hortik ekitekoa. Ikusteke dago Podemos-ek eta Ciudadanos-ek joko hori zenbateraino ahalbidetuko duten, eta hilabete gutxitan ez ote duen saiakera horrek Gobernua paralisira eta kale itsura eramango Kongresuan. Presidente izateak bestelako maila batera eraman du Sánchez, eta Estatu gizon gisa agertzen saiatuko da aurrerantzean. Baina aurkeztu berri duen lantaldearen eta bere burua Moncloako jauregian ikustearen distirak ezin du estali zein ahula den bere egoera Gorteetan eta zenbateraino mugatzen duen horrek bere jardun eraldatzailea.

Sozialistentzat, dena den, aukera paregabea da honakoa. Alderdia behingoz trinkotzeko, premiazko keinu eta erabakien bitartez sinesgarri agertzen hasteko eta hauteskundeetan lehiakide zuzenen dituenak higatzeko. Gobernua osatu ostean plazaratzen hasi diren inkestek horren berri ematen dute. Askotan, oposiziotik oso estu hartu gura direnek herritarren konplizitatea irabazten dute eta Sánchez-en exekutiboak aukera bat merezi duen ustea nagusitu dadin lortu du, behintzat. Sarerik gabe aritu beharko du, bai, baina bistan dago hori presidente berriarentzat ez dela inoiz arazo bat izan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos