Primeran plataformak 'Krimenak. Gure kronika beltza' saioaren denboraldi berria estreinatuko du bihar
Serie dokumentalaren sei atal berriak ekainaren 19tik aurrera ikusi ahal izango dira
True crime saioak modan daude. Gertaeren dokumentalak gero eta gehiago topatzen ditugu. Baina gehienetan atzerrian gertatutako ezbeharrei buruz mintzatzen dira. Horregatik da EITBko Primeran plataformak dakarren saioa hain berezia. Euskal Herriko kasu ezagunetan murgiltzen da euskaraz. Hori bai, ohituta gauden formatuetatik urrunduko da, morboa aldenduz. 'Krimenak. Gure kronika beltza' saioaren bigarren denboraldia ekainaren 19an estreinatuko da.
Kriminologo, kazetari, ikertzaile eta adituek Euskal Herriko krimenik entzutetsuenak aztertuko dituzte. Saioa Xabier Madariaga Idirin kazetariak aurkeztuko du eta BALEUKOk ekoiztutako proiektuak sei atal ditu. Kasu bakoitza kazetaritza prisma batetik kontatua dago, biktimekiko errespetua une oro kontuan harturik.
Sei kasu
-
1
Barakaldoko hanka moztuak
2020ko azaroan, Ertzaintzako bilaketa txakurrek gizaki batenak ziren hanka batzuk aurkitu zituzten Barakaldoko Arrontegi mendian. Roberto Colina izeneko gizonarenak ziren, hilabeteak zeramatzan desagertuta, eta haren bizilekutik 200 metrora agertu ziren. Drogetan ibiltzeagatik, kontu garbiketarekin lotu zen haren desagertzea, baina krimen honetan, ezer ez da dirudiena.
-
Javier Ardines, jelosiagatik eraila
2018ko abuztuan Javier Ardines Llanesko IUko zinegotzia hilik aurkitu zuten bere etxetik metro batzuetara. Kasu benetan mediatikoa izan zen, ehunka kazetari erakarri zituena. Haren heriotzak Asturiasko herri eder honen hamaika sekretu eta ustelkeria kasu azaleratu zituen, eta Euskal Herriarekin lotura zuzena du.
-
Aintzane Garay, Bizkaia astindu zuen krimena
2005eko urriaren 14ko gauean, Aintzane Garay, 25 urteko emakumezkoa, etxetik atera zen azkeneko aldiz. Handik egun batzuetara, hilda aurkitu zuten basoan, bortxatuta eta labankadaz josita. Atal honetan, Aintzaneren nebaren, David Garayren testigantza egongo da.
-
Mila aurpegidun iruzurgilea
Francisco Gomez Manzanaresen bizitzak pelikula baten gidoia dirudi. Gasteiztar honek hogei urte baino gehiago eman zituen Espainia osoan iruzurrak egiten. David izena erabiliz, hiru milioi euro baino gehiago lapurtu zituen. Urte horietan guztietan, hamaika lanbide eta istorio asmatu zituen haren pertsonaia eraikitzeko. Azkenengo urteetan, batez ere, emakume zaurgarriak izan ziren bere biktima nagusia.
-
Nagore Laffage
Gure istorio beltzeko kasurik lazgarrienetako bat. 2008ko sanferminetan, Nagore Laffage gazteak Iruñeko jai nagusiez gozatzeko asmoa zuen. Hala egin zuen txupinazo egunean, baina goizaldean, José Diego Yllanesek bortizki hil zuen bere pisuan. Hogeita hamasei aldiz kolpatu, eta ito egin zuen Yllanesek, baina epaimahaiak ez zuen krimena erailketatzat jo. Kondena osoa bete baino lehen askatasuna lortu zuen Yllanesek eta 2024an ahaztua izateko eskubidea eskatu zuen. Euskal Herriko borroka feministan mugarria izan zen Nagoreren hilketa. Atal honetan, Nagoreren amaren, Asun Casasolaren, eta lehengusuaren, Pablo Davilaren, testigantzak entzungo dira.
-
Catroko burua
2019ko irailean, Castroko emakume batek hilabete batzuk lehenago lagun batek emandako fardela ireki zuen. Bertan topatu zuena ez zukeen ezta ametsik beldurgarrienean ere imajinatuko. Plastikozko poltsa eta egunkariko paper artean, giza burezur bat zegoen. Lagunaren bikotekidearena zen, Barakaldoko Jesús Mari Barandarena, hilabete batzuk lehenago desagertua. Gezurrez beteriko kasua da honakoa, eta kazetaritzaren mugak agerian utzi zituena.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.