https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Otto Pette' klasikoaren irakurraldi jarraitua, Arriaga Antzokian

Irakurraldiaren aurkezpena, Arriaga Antzokian. /E. C.
Irakurraldiaren aurkezpena, Arriaga Antzokian. / E. C.

Ekitaldia Anjel Lertxundirekin hasiko da

Silvia Cantera
SILVIA CANTERA

Etenik gabe. Lehenengo kapitulutik, azken lerroraino. 'Otto Pette' eleberriaren 25. urteurrena beteko da ostegun honetan. Ospatzeko, Anjel Lertxundik idatzitako liburuaren irakurraldi jarraia antolatu du Bilbo Zaharra Euskaltegiak. Idazle oriotarrari egingo dioten omenaldia Arriaga Antzokian izango da, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saila, Bizkaiko Aldundia eta Laboral Kutxaren babesarekin.

Klasikoen Irakurraldi Jarraitua ekimenaren hamabigarren edizioa Anjel Lertxundirekin hasiko da. Bere eleberriaren lehenengo irakurlea izango da. Guztira 400 bat lagun txandatuko dira obra irakurtzen. Ekitaldiak hamaika orduko luzeera izango du. Goizeko 8.00etan hasi eta arratsaldeko 19.00etan amaituko da.

Irakurketa jarraitu nahi? Ba oso erraza izango da. Arriaga Antzokiaren kanpoaldean jarriko den pantaila batean eta EiTBren webgunean ikusteko aukera eskainiko da. Gainera, Azkuna Zentroak ere pantaila bat jarriko du Kulturen Atarian. Zuzenean transmititzeaz gain, konexio zehatzak egingo dira.

Euskal gizartea

Ohikoa denez, Anjel Lertxundik hasiko duen irakurraldian euskal gizartearen arlo guztietako jendeak hartuko du parte. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Bizkaiko Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariak, Laboral Kutxako arduradunak, Andres Urrutia euskaltzainburua, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta irakasleak, eta komunikabideetako eta sindikatuetako ordezkariak, besteak beste, 'Otto Pette'-ren paragrafo batzuk irakurriko dituzte. Gainera, Bilbo Zaharra euskaltegiko eta Bilboko ikastetxeetako ikasle eta irakasleek, kultur eragileek, ostalariek, Bilboko Gotzaingoaren ordezkariek edota ekonomista, abokatu eta ingeniarien elkargoa profesionaletako ordezkariek parte hartuko dute ekimenean.

Mundu osoan

Irakurketa ez da Euskadin bakarrik jarraituko. Tarteka, Paris, Londres, Tokio, Montevideo, Kuba, Berlin, Txile, Sidney eta munduan zeharreko euskal etxeetan grabatutako irakurketa bideoak proiektatuko dira.

Honetaz gain, Zazpi Kaleko eta Abandoko metro geltokietan, aurreko edizioei buruzko argazki eta kartel erakusketa izango da ikusgai egunotan.

Klasikoen Irakurraldia jai giroan bukatzeko, musika eta dantza emanaldia izango da Arriaga antzokiko aurreko plazan, Bilboko Gaztedi dantzari taldearen gidaritzapean.