Okondoko negulekuetan izena emateko epea irekiko dute laster
Abenduaren 26tik 30era bitartean izango dira, 2008 eta 2019 urteen artean jaiotakoentzat, eta izena ematea epea azaroaren 21ean hasiko da
paul picado
Asteartea, 8 azaroa 2022
Okondoko negulekuetan izena emateko epea irekiko du laster Okondoko Udalak. Negulekuak abenduaren 26tik 30era bitartean izango dira, eta 3 eta 14 urte arteko haurrei zuzenduta daude, hots, 2008. eta 2019. urteen artean jaiotakoei. Izena emateko epea azaroaren 21ean hasiko da, eta azken eguna abenduaren 14 izango da.
Eta zer dira negulekuak? Bada, udan egiten diren udalekuen antzekoak dira, baina neguan egiten direnez, neguleku esaten zaie. Hainbat jarduera antolatzen dituzte bost egun horietan haurrentzat, oporretan dauden bitartean, bestelako ekintzak ere egin ditzaten, eta aisialdiaz goza dezaten.
Plaza kopurua mugatua da, hala ere, Okondon erroldatuta daudenek lehentasuna izango dute. Bestalde, izen-ematearen ordenari kontuan hartuko da, beraz, lehenbailehen egitea komeni da. Dena den, plaza librerik geratuko balitz, Okondon erroldatuta ez daudenek ere izango dute tokia.
Horrenbestez, negulekuetan parte hartu nahi bada, izen-emate orria bete eta Okondoko udaletxean eta liburutegian entregatu beharko da. Izena emateko orria hemen eskura daiteke.
Negulekuen ordutegiari dagokionez, 10.00etatik 13.30era izango dira, baina goiztiarren zerbitzua ere eskainiko dute, lehenago ekarri nahi duenarentzat. Zerbitzu hori, 09.00etatik 10.00etara izango da.
Azkenik, hauexek dira ezarri dituzten prezioak. Alde batetik, ume batek parte hartzen badu, 27 euro ordaindu beharko ditu. Bi anai-arreba badira, 49 euro. Familia ugariko kidea bada, 22 euro ordain beharko du bakoitzak. Azkenik, goiztiarren zerbitzua erabiltzen duenak, 10 euro ordaindu beharko du.