Nobela, saiakera eta poesiako gomendiorik onenak
Aiora Sampedro | Paloma Rodriguez-Miñambres
Jueves, 3 de julio 2025, 00:47
-
'Maurizia. Biziminaren hotza' Garbiñe Ubeda eta Garluk
Erreferenteak ez ahazteko

Ikastolen elkarteak Garbiñe Ubedaren eta Garluken elkarlanaz atera du Maurizia Aldeiturriaga pandero-jolearen bizitza errekuperatzen duen komikia. Konta ezinezkoa da azken urteotan gure komikigintzan erreferen-tziazko euskal kulturgileak berreskuratzeko eta gogoratzeko egiten ari den lana. Testu gutxi duen komikian, kutsu errealistako irudiek gure musika tradizionalean bidegile bilakatu zen emakumeak soinu eta panderoarekin zuen loturaren inguruan hausnartzen dute. Benantzio senarrarekiko maitasunaren eta musikarekiko maitasunaren paralelismoak esploratuz. Testu idatziak, ostera, Aupa Maurizia! esaldi ezaguna du oinarri, hemen katartiko bilakatzen dena, pandero-jolearen unerik zailenetan babestu duen barne-ahots modura agertzen baita; garairik gogorretan eta inflexio uneetan aurrera egiten lagundu balio bezala.
-
'Lehertu baino lehen' Iñaki Irasizabal
Hondartzarako irakurgaia

Genero kutuna dute misterioa oporretan denbora-pasa irakurketaz gozatu nahi dutenek. Generoaren abstrakziorako gaitasuna, narrazio erritmo biziak eta gai sozialak nahasteko joerak funtzionala egiten du lasaitasunean irakurtzeko. Iñaki Irasizabal genero beltza arrunt lantzen duen euskal idazlea dugu. Badu esperientzia aurretik argitaratutako lanekin girotze makabroak eraikitzen. Hori antzematen zaio Lehertu baino lehen lanarekin, zeinetan, bikote baten arteko komunikazio faltaren aitzakian, gertakari baten inguruko ikerketa erabat bihurrituko duen idazleak. Gizakien arteko arrakaletan arakatzeko ere umore beltza erakusten du Irasizabalek, irakurketa intrigagarria egiteaz gain, dibertigarria ere bilakatuz. Oporrei abentura pixka bat falta bazaie, bikotearekin batera irakurtzeko liburua, dudarik gabe.
-
'Poesia kaiera' Frank O'Hara
Poeta kutun bati

Esan liteke Beñat Sarasolak Frank O'Hararen inguruko ziklo bat osa-tzen duela liburu honekin. Lehenik, argitara eman zuen joan den urte amaieran Coca-cola bat zurekin liburua, pendulu baten gisan, saiakeraren eta eleberriaren artean zamalkatua. Liburuan dagoeneko antzematen zaio egile donostiarrari poeta estatubatuarrarekiko lilura, han hemen ageri dira O'fHararen poemak txertatuta testuan zehar. Orain, Susako MPK-ko lerrorako, Sarasolak berak itzuli egin ditu poeta amerikarraren poemak. Kutsu intimistako poemak ditu O'fHarak, 60ko hamarkadako AEB zoriontsua irudikatzen dutenak, apur bat ikuspegi neoklasiko batez kontatuak, gozamenari eta edertasunari kantatuak. Hartara, liburuan O'fHararen lanik ezagunenetarikoez gain, ibilbide biografiko baten berri ere ematen duten poemak aurkituko ditu irakurle euskaldunak.
-
'Amorante frantsesa' Miren Agur Meabe
Askatzeko garaia

Miren Agur Meabek poema-liburu berria aurkeztu du… eleberri baten istorioa balitz bezala. Ala alderantziz al da? 147 poemen bidez, gaingiroki, hauxe da istorioa: Agurtzane, 60 urteko pertsonaia bakartia, eguneroko eginkizunetan gelditurik sentitzen da: institutuko atezain egiten du lan eta ahizpa bat zaintzen du. Baina beste zerbaiten bila dabil. Hori aldatzeko aukera izango du Artxandan ikasle bat hilda topatzen dutenean, eta, orduan, detektibe lanetan arituko da. Liburu honetan emakumezkoaren ikuspuntu eta ahotsak azaleratzeaz gain, Meaberen estiloaren ezaugarriak antzematen ditugu; poema batzuek intimismorako joera gehiago dute; beste batzuk, ordea, deskriptiboagoak dira bai eta komediara lerratzen direnak. Irakurketa arina bada ere, poemen tonu aldaketak ezustean harrapatzen ditu irakurleak. Zalantzarik gabe, idazlea dibertitu egin da.
-
'Biziei ere omen' Autore asko
Kaleidoskopio poetikoa

Iaz Munduko Poesia Kaierak sailean plazaratu zen ale hau bildumaren 10. urteurrena ospatzeko asmoz eta udarako irakurketetarako berreskuratzea merezi du. Poeta bakar baten antologia atondu beharrean, 39 poeta, 39 poema eta 39 itzultzaile agertzen dira obra honetan. Hautatuak izan diren poetei dagokienez, gizonezkoen eta emakumezkoen artean oreka bilatzen saiatu dira editoreak baita estilo eta garai desberdinetakoak aukeratzen ere, esate baterako, zaharrena, Dacia Maraini, 1936an jaioa, eta 2003an, gazteena, Mary Barbara Toluso. Itzultzaile euskaldunei erreparatuta, berdin, poeta beteranoek (Igerabide, Meabe) eta gazteek hartu dute parte (Ugalde, Majuelo). Susaren ekimen honetan genero poetikoaren boz eta iruditeri anitzak edireten ditu irakurleak, hain ezagunak ez diren poeta zenbaiten obrarekiko jakin-mina pizteko tenorea eskaintzen zaigularik.
-
'Paziente isila' Alex Michaelides
Nor da?

Erein argitaletxeak euskarara ekarri duen Alex Michaelidesen intrigazko eleberriak nazioartean itzelezko arrakasta izan du. Thriller honetan senarra hil ondoren psikiatriko batean sartu dute Alicia Berenson margolaria ospe-tsua, hitz egiteari utzi diona. Hilketatik sei urte igaro dira eta mututasun horrek intriga pizten du. Denetarik dago kontaketan: familia harreman konplexuak, adulterioa, mito greziarren metafora, arteari buruzko iruzkinak eta iraganaren oihartzunak, besteak beste. Kapitulu laburrek eta elkarrizketa ugariek erritmo bizkorra eransten diote misteriozko eleberri honi. Michaelidesek argi uzten du intrigazko elementuak moldatzen dakiela, izan ere, alderdi psikologikoez gain, genero honetan espero daitekeen bezala, bat-bateko bukaera edirengo du irakurleak. Nobela entretenigarria iruditu zait eta Fernando Reyren itzulpena bikaina da.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.