Munduko tokirik ederrena
Munduko tokirik ederrena esaten denean ulertu behar da aipatutako toki hori ez dela mundu honetakoa, ametsetakoa edo fikziozkoa baizik. Iñigo Aranbarrik ipuin-liburu eder bat idatzi du izenburu hori daramana: 'Munduko tokirik ederrena'. Ondo dakit zertaz ari den. Nik ere, burua huts eta adimena erabat bete gabe, gauza bera esan dezaket haurtzarora joz gero, hura bezalako garairik ez zela inoiz izan. Bai, badakit: haurtzaroa urrun dugun espazioa zaigu, bertakoei ere. Hara jo nahi duena, seguru asko, bueltan datorrelako da, infernutik beharbada. Infernu asko daude munduan eta guztiak ez dira agerikoak, guztiak ez dira irudizkoak ere, badira batzuk-batzuk norberarenak direnak, norberak bere baitan gordeak dauzkanak, horretaz ohartu gabe, noski.
Haurtzaroa, bai, hain dago kontzeptu-moduan kamustua, hain dago erabilia! Haurtzaroa esan eta irakurle-ustekoak Proust botatzen dizu, hitzetik hortzera, bera irakurri gabe seguru asko. Badira, zalantzarik ez, zenbait izenburu, nork bere jakituria adierazteko eta besteen oieskeria salatzeko esaten direnak, nik zer dakit: Joyceren 'Ulises' edo Ulisesen 'Joyce', auskalo; Prousten 'Recherche…', berriki dotore euskaratua. Iritsiak gara maila batera non, hortik aurrera, dena baita harrokeria, 'ni'aren erreinu eta norberaren erresuma, beti ere suma eta sekula ez kenketa. Haurtzarora itzultzea, poema bat, ipuin bat edo eleberri bat idazteko bada ere, izan dugun arorik ederrenera bueltatzea da, eta nik ez dut errurik besteren batek halako tokiaz gozatzeko aukerarik izan ez badu. Allakuidaos!
Herri berean sortu izanagatik ere, ez dugu oroitzapen berdinik Aranbarrik eta biok, orduko garaira jo nahi badugu ere, abiapuntua ere ezberdina dugulako. Bueltan datorrenak ez du lehengo iragana antzinako begiez ikusten, oraingoez baizik, eta horrek dena desitxuratzen ez badu ere, beste ikuspegi bat ematen dio begiz jotzen duenari. Ez gara ordukoak. Ni ez naiz txikitan herriko plaza erdian jolasten nintzen hura, Iñigo Aranbarri ere ez, baina saiatzen da orduan zen mutiko haren begia ekartzen gurera, oraingo gizon-emakumeengana. Liburuan badago, biluzte nahia bainoago, askatzeko desira; badago atseden hartzeko beharra. Litekeena da, ordea, oker egotea ni. Bateon batek ba ote daki zerk bultzatzen duen inor, egiten duena egitera? Nik ez dut ikasi, eta urte asko daramatzat ikasi nahian, baina alferrik.
Paisaia ezaguna egiten zait, gu ere, gure haurtzaroan, herritik mendira alde egiten baikenuen jolastera, aprobetxatuz gizonak fabriketan edo beren zereginetan ari zirela afanean. Hizkuntza ere bai, eta pozgarria egin zait, batez ere, horrekin topo egitea. Alde horretatik begiratuta, Aranbarriren pertsonaiak hurbilak ditut, ezagunak ez badira ere, bion herria, munduko tokirik ederrena, asko aldatuko baitzen urte gutxian, eta ez bereziki guk nahi izan genuelako.
Oraindik ere, proustkeriaren tentaldiari men eginez, hara itzultzen naizenean, saiatzen naiz haurtzaroko ibilaldi guztiak, berriztatzen ez bada, errepikatzen, baina ezer ez da berdin, dakigunez. Izan ere, norberaren herrira itzultzeko modu asko daude, norberaren herria lagatzeko daudenak beste. Inora joan ez denak ez du zertan itzuli, nahita joan denak itzuleran ezer gutxi aurkituko du kontatzekorik, baina behartuta joan denak badu zer ikusi, zer goza, hara itzulitakoan. Paisaiak, oroitzapenak bezala, fikzioak eraikitzen dituen tokiak dira. Haurtzaroa ere bai, neurri handi batean, baina lagungarri zaigu, orain garen hau ulertzeko ez bada ere, berari eusteko.