Miren Amuriza: «Gure hizkuntza euskara da, sustatu dezagun bere erabilera»
Berrizko bertsolari eta idazleak ahobizi rola aukeratu du hizkuntza normalizatzeko helburu duen ariketa sozialean
Nahikari Cayado
Lunes, 30 de noviembre 2020
Miren Amurizak txikitatik bizi izan du oso gertutik bertsolaritza, izan ere, bertsozale ezagunak diren bere gurasoekin batera herriz herri ibili izan da kantuan. Hala ere, haiek ez diote inoiz bultzatu beraien pasioa jarraitzera. Aitzitik, berak erabaki zuen modu autonomoan mundu horretan hastea, bere aita Xabierren urratsei jarraituz. 30 urteko gazteak 2002an kantatu zuen lehen aldiz jendaurrean Bizkaiko Eskola Txapelketan parte hartuz, eta 2003an lortu zuen jada txapelketa horretako gazteenen mailan garaipena. Arrez geroztik, zenbatezinak dira Mirenek eszenatokietan egindako agerpenak. Bertsolaria izateaz gain, idaztea ere maite du berriztarrak. 2017an Igartza saria jaso zuen 'Paperezko txoriak' proiektuarengatik. Orain, 'Gorria' lana aurkezten ari da lurralde osoko antzokietatik, bertsolaritza eta flamenkoaren elkarrizketa bat dena.
Publicidad
- 'Gorria' ikuskizunean murgilduta zaude orain
-Bai. Pandemia dela eta hainbat ekitaldi atzeratu egin behar izan genituen eta horretan gabiltza orain. Zorionez, saio gehienak berreskuratu egin ditugu eta oso eskertuta nago horregatik. 'Gorria' Askoa Etxebarrieta, 'La pulga', flamenko dantzaria eta ni, bertsotan, gara. Elkarren arteko elkarrizketa moduko bat sortzen dugu. Azken finean bi disziplina horiek ez dira elkarren artean hain ezberdinak.
- Nola bizi duzue antzoki zein aretoetako bira pandemia garaian?
-Oso ondo. Egia esan, segurtasun neurri oso onak hartzen dira. Nabaritzen dugunez gainera, jendea kultura gosez dago. Azken finean, kultura sozializatzeko modu bat da, lagunekin elkartzeko, errealitatetik minutu batzuez ihes egiteko… Oso harrera ona izaten ari gara publikoaren aldetik.
- Txikitatik egon zara lotuta bertsolaritzaren munduarekin
-Bertsolaritzaren munduarekin baino, euskaltzaletasunarekin esango nuke. Betidanik entzun izan dut euskal musika, irakurri izan ditut euskarazko liburuak eta bertsotan aritu izan naiz. Oso gustuko dut eta nire izaeraren parte da euskalduna izatea. Ez dago besterik.
- Nola definituko zenuke bertsolaritzaren egoera gaur egunean?
-Nire ustez goranzko joeran dago bertsolaritza. Zale kopuruak izugarri egin du gora azken urteetan, baina garrantzitsuena dena da, aniztu egin dela. Hau da, bertsolaritza eremu ez-euskaldunetara heldu da azken boladan, esate baterako feminismoaren bitartez. Horrekin lotutako ekitaldi askotan bertso ikuskizunak egoten dira, bat aipatzearren.
Publicidad
- Zure udalerriko, Berrizko, bertso eskolako irakasle lanetan zabiltza ere
-Bai, Lehen Hezkuntzako 2. mailatik hasi eta unibertsitatean dauden 20 urteko gazteak dauzkat ikasletzat.
- Nola moldatu dituzue klaseak pandemia egoera honetara?
-Ahal dugun moduan. Online saioak egiten saiatzen gara, nik letrak pasatzen dizkiet eta kantuan aritzen gara. 16-17 urte bitartekoak oso ohituta daude horrela funtzionatzen, eta, egia esan, haiei bururatzen zaizkie klaseak aurrera eramateko ideia gehienak.
Publicidad
- Eta nola ikusten duzu bertsolaritzaren etorkizuna?
-Egia esan, ondo. Hitzez baliatuz bakarrik garai ezberdinetara moldatzen jakin izan dugu. Horrela jarraituko dugula ziur nago. Pandemia garaian ikusi izan da, gainera, euskaraz asko sortu dela. Beraz, positiboa naiz egoera honek denok kezkatzen gaituenaren barruan.
- Euskaraldian gaude orain. Parte hartu duzu?
-Bai, noski. Ahobizi moduan.
- Zer deritzozu Euskaraldia bezalako dinamiken inguruan?
-Oso beharrezkoa ikusten dut horrelako ekimenak aurrera eramatea. Bakoitza autokritikoa izan behar da bere buruarekin eta euskararekiko zer nahi duen argitu beharko du. Zerbait transbersala bada, hori hizkuntza da. Gurea euskara da, sustatu dezagun bere erabilera.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión