Borrar
Urgente Japón activa la alerta de tsunami ante un terremoto de magnitud 7,6
Eguraldi ezegonkorra gorabehera, milaka pertsona hurbildu ziren igande honetan Elgoibarrera. Gorka Estrada

Milaka lagun elkartu ziren Elgoibarren 'Salto-saltoka' Kilometroak ospatzeko

Hogeita bederatzi urteren ostean berriro ere Elgoibarrera itzuli zen igandean Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa

Olatz Elosegi

Igandea, 5 urria 2025, 20:47

Comenta

29 urteren ostean berriro ere Elgoibarrera itzuli da Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa. Eguraldi goibelarekin izan bazen ere, milaka lagun hurbildu ziren Elgoibar Ikastolak 'Salto-saltoka' lelopean antolatu zuen Kilometroak jaira. Egun osoko egitaraua antolatu zuten, adin guztietara zuzenduriko ekintza eta ikuskizunekin, eta guztiak ere herrigunean izan ziren, bertan atondu ziren hiru gune eta azpigunearekin.

Ikastolan eman zitzaion hasiera ofiziala aurtengo festari. Hasi bezain laster Palestinari keinua, atrilean ezarri den banderarekin. Elgoibar Ikastolako lehendakari Olatz Astigarraga Castañares izan zen hitza hartzen lehena. Urtea euskarara salto egiteko baldintzak sortuz, eta elkarren sokari eraginez eman dutela adierazi zuen eta oso urte berezia bizi izan dutela: «Euskararen eta herrigintzaren aldeko indarra elikatu eta zabaltzea izan da gure nahia, eta hori ez egun bakarreko jaialdi baten bidez soilik, baizik eta urte osoan zehar Kilometroak 2025 herrian eragile izan dadin lan eginez».

Hori aurrera eraman ahal izateko, urte osoa pasatu dute Ikastolan bi helbururi tiraka: elkarlana eta euskararen erabilera. «Alde batetik, Ikastola gisa, kooperatiba gisa eta herri ekimen gisa, gure arteko lankidetzan eta parte hartze aktiboan sinesten dugu, eta hori balioan jarri eta sustatu dugu eta bestetik, Kilometroen urtea baliatu nahi izan dugu euskararen erabilera handitzeko. Ez euskararen alde gehiago egoteko, baizik eta euskaraz gehiago eta gehiagok egiteko. Horretan, elkarri lagundu diogu euskara hautatzen, eta elkarren babesean salto hori egiteko baldintzak sortu ditugu».

Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak, bere aldetik, azken hilabeteetan egin den lanak sortu duen komunitate sendoan jarri zuen azpimarra, komunitatea indarra dela adieraziz: «Udaletik hasieratik adierazi genuen bezala, gure herria bizirik, zaintzan eta inklusioan oinarritutako herri bat izan dadin nahi dugu. Eta hori lortzeko ezinbestekoa da komunitate sendoa, bakoitzak bere eremutik egiten duen ekarpena». Gazako sarraski ere izan zuen gogoan: «Gaur festa eguna bada ere, gure gaitzespen irmoena adierazi nahi dugu hemen. Gure erantzuna argia da: zubiak eraiki, komunitatea indartu, eta Elgoibar hobe baten alde lan egin. Horregatik, gaurkoan gure mezua sinplea da: Salto, salto… elkarrekin euskarara!».

Begoña Pedrosa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere «euskarara salto egiteko baldintzak» sortu beharra dagoela nabarmendu zuen. «Soka eragiten jarraitu beharra dago». Argi azaldu zuen Elgoibar beti egon dela euskarari eta hezkuntzari lotuta eta modu horretara, gogora ekarri zituen Pedro Miguel Urruzuno, Gotzon Garate, Uxue Alberdi eta Jasone Osoro herriko idazleak. Eta atsotitz bat gogora ekarriz, goitik behera salto egitea erraza den moduan, alderantziaz nekeza izaten dela nabarmendu zuen. «Behetik gora, pausoz pauso, eragiten jarraitu behar dugu. Hezkuntza sare sendo bat eskaintzen jarraitu behar dugu». Bide horretatik, azpimarratu zuen eskola dela «euskarari arnas emango dion espazio eraginkorrena». Modu horretara, hezkuntza sistemaren «kalitatea areagotzen» jarraitu beharra nabarmendu zuen. «Euskararen etorkizunean salto egiten jarraitzeko hezkuntza sistema indartzen jarraitzea da biderik onena», amaitu zuen.

Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak ere eskerrak eman nahi izan zizkion Ikastolari egindako lanagatik eta parte hartu duten eragile guztiak zoriondu nahi izan zituen. Kilometroak jaiaren irudia den sokari ere erreferentzia egin nahi izan zion guztiak soka berekoak garela azpimarratuz: «sokak berdintasuna adierazten duelako eta gutako bakoitza desberdina izan arren, komunitate bakarra osatzen dugulako. Komunitate sendoa izan dugulako gure herrian, gaur garena gara». Komunitate horren »balio sendoak« ekarri zituen gogora diputauak: elkarlana, herri izaera eta gure hizkuntza propioa. «Sare horri, komunitate horri, eusten jarraitu behar dugu». Amaitzeko, munduan gaizki pasatzen dauden haur eta gaztetxoak ekarri zituen gogora, Gaza eta Ukrainakoak nabarmenduz.

«Hirugarren sarea gara»

Hasiera ekitaldiari amaiera emateko Aitor Elizaran Egidazu Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak hartu zuen hitza. Lehen keinua Palestinako haurrei eskaini, eta urte osoan festa antolatzeko lanean aritu direnei eskarrak eman ostean, ikastolak bereizi egiten dituen ezaugarri batzuk dituztela aldarrikatu nahi izan zuen: «Biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituen hezkuntza sare eraldatzailea osatzen dugu. Itunpeko ikastetxeen sarean kokatzen gaituzte, bai, baina argi daukagu hori ez dela gure kokalekua. Hezkuntza sistemaren hirugarren sarea gara Ikastolak. Eta hori da, gaur, aldarrikatu nahi duguna. Izan ere, Kilometroak euskararen eta euskal kulturaren jaia izateaz gainera, aldarrikapen jaia ere bada, ikastolen aldarrikapen jaia».

Ikastolen hezkuntza proiektu sendoak dituztela nabarmendu zuen eta hezkuntza marko partekatuan eta pertsona ereduan oinarrituta lanean dihardutela. Mugimendua 115 ikastola, 46.000 familia, 55.500 ikasle eta 3.700 irakasle eta langilez osatuta dagoela ere azpimarratu nahi izan zuen: «Komunitate herrikoia, kooperatiboa eta prestatua gara: ikasleak, familiak, lankideak eta ikastolazaleak... Euskal Herri osoan gaude, saretuta gaude, eta antolaketa horizontala dugu; elkarlana eta elkartasuna dira gure ezaugarriak».

Maritxu Loiola eta Aspanogi elkarteari omenaldia

Ikastolatik Aita Agirre eraikiniera mugitu zen orduan, festa kalejira alaian eta euri zaparrada hasi aurretik. Hantxe burutu zien Elgoibar Ikastolak eskainitako omenaldiak. Lehen omendua Maritxu Loiola izan zen, Aubixako Maritxu. «Bizitza osoa euskararen zerbitzura» emateagatik egingo zioten omenaldia Loiolari. Ikastolako arduradunek esan zutenez, «Elgoibar Ikastolaren sorrera amestu zutenek 1962an zuten helburu bera islatzen du Aubixa baserriak: euskararen berpizkundea, arnasa eta bizia; elkarlana eta konpromisoa; ilusioz pentsatutako eta bihotzez gauzatutako proiektua. Eta hori guztia, beti irribarre baten indarrarekin».

Bigarren omendua Aspanogi elkartea izan zen. Lehendakariaren hitzetan: «Aspanogi elkarteari ere doakio gure aitortza, ia 30 urtez haur minbizidunen eta haien familien ondoan egon den erakundeari. 1996tik, elkarte honek ez du bakarrik laguntza praktikoa eskaini: maitasuna, babesa eta indarra ere eman ditu».

Gainera, 30 urte hauetako ibilbidean kide ezagunak ere izan ditu elkarteak, tartean Elgoibar Ikastolako ikasle izandako Oier Etxaniz eta Ane Perez. Oier, urteetan elkarteko boluntarioa izan zen eta minbizidun haurrei ospitaleko egonaldia errobot eta teknologiarekin alaitzen zien. Ane, berriz, Ane Pirata bezala ezagunagoa, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoekin batera «Eskerrik asko» ikuskizunaren protagonista bilakatu zen Euskal Herri osoan zehar. Haiek ere gogora ekarri nahi izan zituzten omenaldi hunkigarri honetan. Egun Aspanogiren kide den Elgoibarko familia batek hartu zuen ikurra eta eskerrak ematearekin batera, aldarrikapenerako ere baliatu du ekitaldiak. Hala, Aspanogik egiten duen ekarpena azpimarratuz, egoitza berri baten beharra ere badutela gogorarazi zien agintariei, eta ikerkuntzara baliabide gehiago bideratu beharra.

Aipatutako bi omenduez gain, Elgoibar Ikastolak DYA eta Gurutze Gorria ere eskertu nahi izan zituen, urteetan zehar Kilometroak proiektuari emandako laguntzagatik. Haiek ere jaso zuten oroigarri txiki bat.

Lekukoa Lazkaoko San Benito ikastolari

Goizeko ekitaldia amaitzeko, datorren urteko KMK jaia antolatzeko lekuko aldaketa burutu zen, bi ikastolen arteko lehendakarien artean. Horrela, Elgoibar Ikastolako lehendakaria den Olatz Astigarragaren eskutik, Lazkaoko Ikastolako lehendakari Irantzu Amundarainek hartu zuen lekukoa. Pozik agertu zen Amundarain eta eskerrak eman zizkien Elgoibar Ikastolako kideei egindako harreragatik, emandako laguntzagatik eta urte honetan zehar eskainiko dietenagatik.

Datorren urriaren 4an bertan ospatuko dute Gipuzkoako ikastolen jai handia, 50. Kilometroak izango da. Gogora ekarri zuen 1977an lehen Kilometroen festa Lazkao-Beasainen izan zela eta 2026an Lazkaon ospatuko dela. Guztiak gonbidatu nahi izan zituen datorren urtean Lazkaon elkar ikustera eta gaurko egunean ondo pasatzeko gonbidapena luzatu zuen.

Ondoren, herriko gune guztietan jarraitu zuen egitarauak, eta han hezkuntza-proiektu «sendoa, lankidetzan eta elkartasunean oinarritua» defendatzen jarraitu zuten.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Milaka lagun elkartu ziren Elgoibarren 'Salto-saltoka' Kilometroak ospatzeko

Milaka lagun elkartu ziren Elgoibarren 'Salto-saltoka' Kilometroak ospatzeko