Directo Más de 2 kilómetros de retenciones en Santo Domingo por la avería de un coche

Ver 27 fotos

Erakusketaren irudi batzuk. Argazkiak: J. Morlesín Mellado
Territorios

Markos Gimenoren palindromoak, hitzetatik arte eta sorkuntza grafikora

Sortzaile ermuarraren palindromoek inspiratutako hainbat ikusizko interpretazio Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean daude ikusgai

Josean Morlesín Mellado

Sábado, 18 de octubre 2025, 00:20

'Kartela' eta 'letrak' kontzeptuak elkarlotzen dituen hitz asmatua, 'Markos Gimenoren Karteletrak' erakusketaren izenburuaren muina izateaz gain, palindromo bat ere bada, ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera berdin irakurtzen delako. Izaera berezi hori ez da hitzetara mugatzen, esaldiei ere heda baitaiteke. Palindromoak dira, hain zuzen, Gasteizko Izaskun Arrue Kulturunean urriaren 26ra arte ikusgai dagoen erakusketaren protagonistak. Zehazki, Markos Gimenoren hitzetan ardazten da Joseba Sarrionandia idazleak eta Esteban Montorio 'Monti' diseinugileak komisariatutako proposamena, sortzaile askok Gimenoren hitzetatik abiatuta egindako kartel eta objektuekin osatutakoa eta tarteka Markosek berak egin zituen konposizio grafikoak aurkezten dizkiguna.

Publicidad

2023an ibilerari ekin zion erakusketak eta dagoeneko Gernika, Donostia, Bilbo eta Ermua bisitatu ditu. Oraingoan Gasteizen egindako geldialdiak Markos Gimenoren ondarea aldarrikatzen jarraitzen du, bere lana euskaldunon artean zabalduz. Zabalkunde asmo horri lotuta, duela bi urte argitaratu zen 'Markos Gimenoren 101 letrakartel' liburua Pamiela argitaletxearen eskutik. Erakusketan daudenez aparte, orrialdeetan zehar beste kartel asko agertzen dira Sarrionandiak idatzitako testuekin batera.

2018an utzi gintuen sortzaile ermuarrak interes handia erakutsi zuen sormen-arlo eta diziplina ezberdinekiko. Besteak beste, musika, antzezpena eta diseinua jorratu zituen eta arlo literarioan palindromo iradokitzaile askoren egile izan zen. Bere hitzekin dozena bat kartel gauzatu izan zituen, 'karteletrak' edo 'letrakartelak' alegia, eta euskarri mota horri eutsiz, lagun eta sortzaile askok kartelgintzak eskaintzen dituen aukera grafiko eta komunikatiboez baliatu dira palindromo ugari interpretatzeko. Liburua gorpuzten dutenen aukeraketa bat dugu erakusketakoa. Ilustratzaileak, diseinugileak, argazkilariak, artista plastikoak… Parte hartzen dutenen profil ezberdinei esker antzeman daitezke Gimenoren jite polifazetikoaren oihartzun anitzak.

Irudi eta testuen uztarketaz gain, inguratzen gaituen kultura eta munduari egindako keinuak oso presente daude erakusketa osatzen duten lanetan

Klemente M. Correderaren kartel batek ematen dio hasiera erakusketari. Agertzen den Markosen argazki-erretratua ikusi eta susmoa segituan har diezaiokegu: bibotea, txano belarriduna, beroki zurruna eta eskuan duen bananak look berezia osatzen dute. Gogora datorkigu Ignatius Reilly pertsonaia literario xelebrea, nor eta John Kennedy Toole estatubatuarraren A Confederacy of Dunces (Ergelen konfederazioa) eleberriaren protagonista, Ed Lindlofek marraztutako zuri-beltzezko erretratu famatuan hilezkortua. Argazkian badirudi bananatik (Lindlofen ilustrazioan Reillyren ezkerreko eskuak hot dog bat eusten du) trazu hori bat ateratzen dela, erretratua kasik borobiltzen duen 'autor erotua' palindromoa kaligrafia informal baten bidez idazteko. Irudi eta testuen uztarketaz gain, inguratzen gaituen kultura eta munduari egindako keinuak erretratu horretan eta erakusketa osatzen duten lanetan oso presente daude.

Adibidez, Markosek berak egindako 'karteletra' batek ('Markus' ezizenarekin), Sokratesen erretratuari 'ignorongi' palindromoa gainjartzen dio. Hitzaren erdiko bi 'o' letrek filosofoaren begiak borobiltzen dituzte, betaurreko tipografikoak bihurtuz. Greziako jakintsuaren ezjakintasuna aitortzen zuen esaldi famatu eta kontraesanezkoa umore finez iradokitzen da hemen, izan ditzakeen esanahi eta inplikazioei beste buelta bat ematen zaien bitartean.

Publicidad

Gotzon Garaizabalen kartela materikoa da guztiz. Euskarriarekin bat egiten duten alkandora eta praka beltzen tolesdurek goitik ikusitako paisaia bolkaniko bat dirudite, obsidianazkoa. Praken kremailera irekian 'ai brageta ate garbia' palindromoa aurki dezakegu eta gerta daiteke hitzen atzean, ustekabean, norbera bere aurpegiera arretatsuaz ohartzea, esaldia ispilutxo baten gainean idatzita dago eta.

Unai Iturriagaren ekarpenak ikusleari zuzendutako ahots ozen eta bateratua ematen die Oteizaren 13 apostoluei, Arantzazuko santutegikoei hain zuzen. Harrian gogor zizelkatutako eskultura zorrotzak, nola ez, aproposa zaien euskal letra irmoa erabiliz mintzo dira. Aristides Hernández 'Ares'en margolaneko testuak ere bisitaria interpelatzen du. Aldi berean, irudikatutako pertsonaiaren eskuak pistolarekin tinko apuntatzen gaitu ikusizko inpaktu nabarmena eragiten duen konposizio horretan.

Publicidad

Esteban Montorio 'Monti' diseinugileak palindromoaren interpretazio bakoitza berezko planteamendu grafiko baten bidez artikulatzen du

Liburuen azalgintzan esperientzia luzea duen Esteban Montorio 'Monti' diseinugileak kartel bat baino gehiago du erakusketan. Aipagarria da kasu ezberdinetara egokitzeko duen gaitasuna, palindromoaren interpretazio bakoitza berezko planteamendu grafiko baten bidez artikulatzen baitu. Tartean, Banksy eta Shepard Fairey-ri egindako keinuak ere topa ditzakegu.

Artea, diseinua eta palindromoen arloak uztartzen dituen Bigara bikote sortzaileak dotorezia eta zorroztasuna maisuki konbinatzen ditu, tipografia, simetria eta emakumeak protagonista dituzten karteletan. Palindromoak sortzean hitzekin jolasten den bezala, ez da harritzekoa sortzaile grafikoak letrekin jolasean aritzea, haien eskuekin formak eta erabilerak eraldatzeko asmoarekin. Adibidez, Irati Eguren ilustratzaileak irudikatutako pertsonaia baten betazalak 'o' letra baten trazu lodiak dira. Bere aldetik, EHUko Arte Ederren Fakultateko irakasle ohia den José Antonio Azpilicueta komikigile, marrazkilari eta artistak bi baserritar jartzen ditu borrokan, arma gisa eusten dituzten 'k' letrekin batak besteari eraso eginez.

Publicidad

Kartelez gain, aipatzekoak dira Miguel Fuentes eta Esther Astarloaren objektuak, biziki iradokitzaileak. Joan Brossa eta antzeko sortzaileen ikusizko poemen ildo bertsua jarraitzen duten planteamenduez gain, oso interesgarria da Estherrek zeramikaz egindako lan bat, palindromoaren izaera bikoitza adierazten diguna. Kontrako joeran zapaldutako marka txiki kontaezinek testurizatzen dute, erritmikoa den keinu berdina errepikatuz, bi euskarri dituen zilindro bat. Objektuaren gainean, ostraka moduko piezatxoetan urratutako trazuen bidez palindromoak idatzi ditu.

Kitzikatzaileak diren hitz eta irudien konbinazioek Markosen ikuspuntu anitzetara hurbiltzen gaituzte. Kritika, umorea eta gogoeta, jostalaria bezain esperimentala zen jarrerarekin sustatu zituen. Hitzekin jolastean, zentzugabea zirudienari zentzua ematen zion, bikoitza gainera, bere palindromoek erakusten diguten bezala.

Publicidad

Karteletren ekimen hau palindromo tailerrekin osatu da, bisita gidatuak ere izan ditu eta musikaren arlora hedatu da Anari eta Ihana Iriondoren kontzertuei esker, Mursegoren soinu berezi eta inspiratuez gain. Hemendik aurrera erakusketak bere ibilbidea beste leku batzuetara luzatu dezakeen arren, aprobetxa dezagun egun hauetan ere bere edukiak aztertzeko, urriaren 26an Gasteizi agur esan baino lehen. Argi dago karteletrei zuzentzen diegun begirada, palindromoen antzera, guregana itzuli egiten dela, esanahiz beteta.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad