https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Literatura eta erredentzioa

Ernst Lubitschen 'Remordimiento' pelikularen azala./
Ernst Lubitschen 'Remordimiento' pelikularen azala.
Felipe Juaristi
FELIPE JUARISTI

Zineman oso ohikoa dena, erredentzioaren gaia, ez da hain usu ikusten literaturan, gure literaturan bederen. Pentsatzen dut erredentzioa, erospena, berrerospena, eroskundea edo dohaina (hitzok euskaraz erabiltzen dira, Bibliaren itzulpenean behinik behin), erlijioak mendez mende zabaldu duen zentzuaz kutsatuta daudela. Erlijiorik gabeko erlijioaren mende bizi bagara ere, erlijiorik ez balego bezala jarduten badugu ere gure eguneroko kontuetan, gure bizitzak erlijioak bustirik edo zipriztindurik daude, hiztegitik hasita. 'Eroskundea' Orixek gureganatu zuen hitza da: 'Pazko Aro. Gizonaren eroskundea'. Oraindik harriturik geratzen naiz Orixeren hitz ahalmenarekin. Erlijioak euskara egin eta osatu du, eta euskarak, ordainez, erlijioari hizkuntza eman dio, mihia, mihi-ahalmena. Zaila dugu euskarari, edo euskararen puska bati, erlijiokeria kentzea; zailagoa, ordea, erredentzio hitzari erlijiotasuna kentzea, nahi izanez gero ere. Erredentzioaren gaiak, ordea, esparru askotan ikus daitezke, ez du beti toki berean lo egiten. Bada barkamenarekin lotzen duenik, damuari lotzen dionik baden bezala. Kontzientziaren erakustaldia da. Norbaitek, atzera begiratu eta gaur egungo argira orainaldiko kontuak aztertu ondoren, erabaki dezake, iraganean zerbait gaizto edo lotsagarrizkoa egin badu, hargatik penaz eta minez badago, horrela egoera batean egon daitekeen moduan, egindakoaz damutu eta hura zuzentzen saiatzea. Beti ez da posible izaten iraganeko konturik berdindu eta oker egindakoa zuzentzea, gaitzak erro sakonak eginak baititu, norberaren bizitzan ez ezik, besteenean ere bai. Baina norberaren esku dago barkamena eskatzea; edo hori egitea arbuiagarri edo gorrotagarri denean, bizitzaz aldatu eta lehengoaren ifrentzura jokatzea ere zilegi da. Freudek zioen psikoanalisiak ezin duela iragana aldatu, baina bai norberak hari buruz duen iritzi edo inpresioa.

Gauzei (edo pertsonei) galdutakoa itzultzea da erredentzioa, era sinbolikoan bada ere. Bitxia gertatzen zait ikustea epaiketetan, epaileak bere erabakia ematen duenean, errudunaren zigorretako bat kaltea ordaintzea dela, diruz gehienetan, besterik ezean. Baina idazten ari naizen kasu hauetan guztietan, norbera denez epaile, salatari era errudun, ordainketak sinbolikoa behar du izan, derrigor. Eta ondorioak, normalean, bakea ekartzen du: bake sotil eta sinplea, barruan kabitzen dena eta gehiegi behar ez duena bere horretan lasai irauteko, etzanda ez bada, eserita.

Ernst Lubitschek, 1932an, 'Remordimiento' (Kontzientziako ausikia; jatorriz, 'The Broken Lullaby') izeneko pelikula egin zuen. Bertan soldadu frantses batek, Lehen Mundu Gerran, soldadu aleman bat hiltzen du, lubakian, eta hildakoaren dokumentuen jabe egiten da. Iragaiten den denborak damuaren leizea areagotzen du bere baitan. Apaizarengana jotzen du barkamena eskatzeko, baina hark zuritu egiten du bere jokabidea. Gehiago ezin eta hildakoaren herrira joatea erabakitzen du. Joaten da eta han soldaduaren andregaiarekin topo egiten du. Ez du adorerik egia esateko, berak hil duela alemana, eta gezurra esaten du. Eraikitako fikzioaren ondorioz, alemanaren gurasoek semea balitz bezala hartzen dute. Maurice Rostanden antzerki lan batean oinarrituta dago, Lubitschena, baita François Ozonen 'Franz' pelikula ere: 'L'homme que j'ai tué' (Nik hil nuen gizona'. Edmond Rostanden semea zen Maurice; baina ez zuen, nik uste, aitaren talenturik. Ezagunagoa egiten zaigu, idatzi zuenarengatik baino gehiago, bizi izandakoarengatik. Victoria Ocampoz maitemindu zen, emakumea, Parisen zegoelarik, Mauriceren aitaz maitemindu zenean. Oso frantsesa historia hau ere. Ozonek beste koska bat ematen dio historiari, emakumea, soldadu alemanaren andregaia, protagonista bihurtuz, eta historia osoa haren ikuspegitik kontatuz.

Baina galdera da, ba ote erredentziorik, edo eroskunderik, damuarekin batera barkamen eskerik ez balego, edo barkamenik ematerik ez balego? Lubitschek garbi dauka barkamenik gabe ez dagoela erredentziorik. Ozonen kezkak beste batzuk dira. Barkatu ala ez barkatu, hor dago auzia. Barkamena, ordea, askotan fikzioa baino ez da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos