Euskara hutsezko Lekeitioko Euskal Zine Bileran hogei film labur lehiatuko dira
45. edizio honetan, bost sari potolo banatuko dituzte. Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da, eta euskara hutsez egiten den bakarra Euskal Herriaren hegoaldean behintzat
leire larrazabal
Osteguna, 20 urria 2022, 00:31
Lekeition euskarak eta zinemak bat egingo dute Euskal Zine Bilera 2022 jaialdian. Ez da berria, izan ere, aurtengoa, 45. edizioa izango da, ostegun honetan hasi eta larunbatera bitartean ospatuko da. Are gehiago, Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da, eta euskara hutsez egiten den bakarra Euskal Herriaren hegoaldean behintzat.
Baina, zer izango da ikusteko? Jaialdiaren protagonista nagusiak film laburrak izango dira, hogei bat inguru lehiatuko dira eta. Horrela, Ikusgarri aretoan, Sail Ofizialeko filmen proiekzioak izango dira ikusgai: Josi Sierraren 'Benitoren bizitza maitasunaren indarrez'; Iñigo Alkortaren 'Gauero'; Iker Maguregiren 'Trumoiak'; Alaia Sedanoren 'Haraindiko'; Paula Iglesiasen 'Lanbroa'; Juan Esteban Montoyaren 'Nola ikasi euskara'; Imanol G. Gurrutxagaren 'Deserri'; Leire Egañaren 'Erlojupekoa'; Nagore Murielen 'Erro bi'; Alejandro Buenoren 'Ezohikoak'; Julen Etxebarria Moral eta Malen Nicholsonen 'Martxoaren 28a'; Guillermo Ordasen 'Noiz utziko dio euria egiteari'; Eneko Muruzabalen 'Polita'; Raul Barrerasen 'Arnasa'; Mikel Ruedaren 'Etxean'; Maider Oleagaren 'Irrits'; Aitzol Saratxagaren 'Lanbroa'; Eñaut Castagneten 'Muga'; David Perezen 'Vatios'; eta Aitor Gametxoren 'Berak baleki'. Ondoren, pelikula hauen egileekin mahai inguruak ere izango dira.
Gainera, film hauen artean bost sari banatuko dituzte: film onenarena (3.000 euro), zuzendaritza onenarena (1.600 euro), gidoi onenarena (1.600 euro), ikusleen saria (750 euro) eta gazte saria (2000. urtetik aurrera jaiotakoentzat, 750 euro).
Lehiaketa hiru egunetan garatuko da. Ostegun eta ostiral honetan hitzordua 19.00etan izango da. Larunbatean, berriz, eguerdian, film emanaldia. Arratsaldean, 19.30etik aurrera, irabazleen izenak jakinaraziko dira.